Antton Izagirre

Plastiko aurpegiak

Aurtengoan ere, irailaren 8ko Hondarribiko alardean ohiko irudi lotsagarri eta iraingarriak errepikatu dira. Aurten, gure alaba nerabearen begietatik ikusi ditugu hango gertakariak. Lehen aldiz Jaizkibel konpainiako neska-mutilak txalotzera joan da. Sentimendu bikoitza, poza eta tristura. Bera bezain gazteak edo gazteagoak diren neskak plastiko beltzen atzean ezkutuan, iseka eta irainak Jaizkibel konpainiakoei, negar malkoak sorrarazi dizkio. Espero gabeko ikuskizuna, ulergaitza.

Emozio kontrajarriak. Poz zirrarak Jaizkibel konpainiaren pasaeran. Negar malkoak begietan txalotu ditu.

Ez dut ulertzen! Zergatik? Nola liteke?

Nik esan niezaiokeen Hondarribikoa ez denak nekez uler zezakeela han ematen den ikusezina. Baina hori nire aldetik ihesbidea litzateke. Neutraltasun faltsua. Maitekiro esan diot gertaera horien atzean dauden errudunak ez direla ikusi dituen bere adineko gaztetxoak.

Ez gaitezen engaina. Haserre esan diot, gertaera horien erantzule nagusienetakoa EAJ dela. Bai, “Partido Nacionalista Vasco”. Horko buruzagiak, ia egunero parekidetasunaz eta berdintasunaz mintzatzen diren horiek. Baina parekidetasuna praktikan defendatu behar den eguna iristen denean etxean gelditu edo diskriminatzailea den alardea bultza eta babesten duten horiek. Bitartean, aurpegia zuritzeko, Emakundeko eta Arartekoko arduradunak alarde parekidea babestera bidaltzen dituztenak.

Esan diot asko aurreratuko genuela, EAJk, legalitatea errespetatuz, alarde parekidea defendatuko balu. Esan diot hori guztia boto batzuk gehiago lortzearren truke egiten dutela.

«Madarikatuak!», pentsatu dut nire baitarako.

Uste dut ondo jabetu dela, ongi ulertu didala. Agian datorren urtean egoera errepikatzen baldin bada, ez du malkorik isuriko. Agian, «madarikatuak!» pentsatuko du. •