Nerea GOTI
infraganti

TXEMI NOVOA

Meatzaritzaren mesede eraikitakoak gure paisaian, bizimoduan, izaeran... utzitako arrastoa oso presente dago Txemi Novoaren (Bilbo, 1971) obran. Garai bateko industria jarduerek «ezezagun bezain fantastikoak» diren lekuak sortu dituztela dio bere sormena eremu plastikoan, pintorikoan eta proiektu bisualetan iraultzen duen artistak.

Txemi Novoaren sormen gunea Urtuellako antzinako baserri bat da. Estudio horretan ikertzen du eta ikerketa horren ondorioz jaiotzen dira bere artelanak: eskulturak, margoak, ikus-entzunezko proiektuak... Horietako batzuk, zenbait eskultura, hain zuzen ere, baserri ondoko lorategian ditu jarrita. Inguruaren sustraietatik edan izan balute bezala, lurron izaera daramate bihotzean, eta hori da publikoari luzatzen dioten lehen mezua. Esan liteke Novoaren artelanek “Made in Meatzaldea”, “Made in Ezkerraldea” berezi bat dutela.

Novoak berak adierazten duenez, txikitatik bizi izan duen errealitateak utzi du arrasto adierazgarri hori, lehen planoan jartzen duena. «Fabrikak, meategiak, ustiatze handien hondakinak, metalurgia astuna, labe garaiak, garraio azpiegiturak, burdinbideetakoak, itsasaldekoak... dira nire habitat naturala», nabarmendu du.

«Metala eta lana» bere lan artistikoaren muinean daudela dio Novoak. Banaezinak diren bere izaera artistikoan eta pertsonalean eragin zuzena izan duen kultura bat deskribatzen dute elementuok, bere «habita».

«Langileen semea eta iloba»

«Langileen semea eta iloba naiz, Urtuella eta Ezkerraldea dira nire haurtzaroaren paisaia», azaldu dio GAUR8ri Txemi Novoak bere ibilbidea nola deskribatuko lukeen galdetu diogunean. Adierazi duenez, barruan daukan hori ez da bakarrik egunero zapaltzen duen lurrarekiko lotura, hori baino askoz gehiago da Meatzaldeak bai plano pertsonalean bai plano artistikoan eman diona.

Estudioari berari erreparatuta, Urtuella da sormena lantzeko duen tokia, Kadegal auzoko 1. zenbakia harro erakuts dezakeen baserria. Baserria bera ere lanen erakustoki bilakatu du. Etxe ondoko larrean bere eskulturak daude ikusgai, paisaiaren zati balira bezala. Euren arteko erlazioa ez da arrotza, osagarriak direla ematen du.

Neurri handi batean koadro eta eskultura horiek sustrai argiak dituzte lurrotan, eta lurrotako jendearen bizimodua ez da inoiz erraza izan. «Garai gogorrak» ezagutu ditu Novoak, eta oso gogoan du gertutik ezagutu zituela meategien azken astinduak eta metalgintzaren industriaren krisialdi gordinak utzitako eguneroko protagonistak: «langabezia eta heroina». Dioenez, bereak sormenerako «oso inguru aproposa ez badirudi ere», margolaria izan nahi izan du txikitatik.

Sormenerako tokia duen baserria “Cuadras de Zarzal” izenarekin agertzen da dokumentu zaharrenetan. Kontatzen du Novoak lursailok Bilbao meategiarenak izan zirela, eta eraldaketa ugari bizi izan dituztela. «Hamarkadetan erabilera erabat industriala izan dute, bagoneta eta tailerrez inguratuta», zehaztu du, hamarkadaz hamarkada bertatik egunero-egunero burdin tonak pasatu izan direla nabarmenduz. «Oraindik ere, erraz ikus daitezke meatzaritzan jarduteko egituren zatiak».

«Meatzaritzako estruktura handiek, kamerek, urteetan ahaztuta egon ondoren naturak berreskuratu dituen okertutako planoek» beti «liluratu» dutela dio. Ildo horretan, iraganeko industria jarduerek «ezezagun bezain fantastikoak» diren lekuak sorrarazi dituztela aipatu du.

«Meatzaldea nire habitat naturala da, maila historikoan, paisajistikoan eta kulturalean. Gutxi baloratutako salbuespena gara», aipatu du.

«Koloretik formara»

Bere lan artistikoaren izaerara salto eginez, eskulturarenganako grina «naturaltasunez» jaio zela berarengan dio. Nabarmendu du eskultura eta margolaritza bizitza osoan zehar garatu dituen diziplinak direla. «Nire toki naturalak dira, teknikoki eta kontzeptualki menderatzen ditudanak, baina, hori bai, ez dut inoiz mugarik aurkitu bestelako sormen lurraldeak ere esperimentatzeko», argitu du.

«Erabat ezinezkoa egiten zait koloretik formara zein unetan egin nuen salto zehaztea, baina badakit helduarora heldu nintzenerako ezin nuela jada horietako bat ere askatu», azaldu dio GAUR8ri. Bizitza osoan erabili ditu lengoaia plastikoak «bai beharragatik bai tresna pertsonal gisa».

Bere ibilbide artistikoan ez du garai berezirik nabarmentzen Novoak. Artista baten ibilbidea ikerkuntzari eta lanari dedikatutako prozesu etengabe bat dela uste du, urtez urtekoa, garairik ezberdindu gabe. Denbora laburrek ez dute lorpen handiak emateko aukerarik ematen bere kasu pertsonalean. «Aldaketak ikusteko denboraldi handi horiek» aztertu behar ditu, eta bide hori eginez izandako garapena deskubritu. Lan berri bakoitzak, hori bai, «arreta berezia» eskatzen duela uste du, baita aurrekoarekin alderatuta «eskailera bat gehiago igotzea» suposatu behar duela ere. Novoaren iritziz, izan ere, «sormen prozesuaren gailurra bilaketa bide horretan dago, eta, behin lan bat amaituta, hurrengo proiektuan beste gailur bat agertuko da».

Ikuslearen ekarpenean osoki sinesten du. «Magia berezia» dauka, artistaren esanetan, irudi batek pertsona bakoitzean sorrarazten dituen erreakzio ezberdinak ikusteak, «faktore geografiko, sozial, kulturalen... arabera ematen den fenomenoa».

Euskal artista ezagunekin egin izan du lan Novoak, Agustin Ibarrola, Nestor Basterretxea edota Ricardo Ugarte kasu, besteak beste. Ibarrolarekin “Escultores del hierro” erakusketan hartu zuen parte. Ugarterekiko «esker ona eta sinpatia» adierazten ditu, eta, dioenez, ezin izango ditu inoiz «merezi duten neurrian eskertu» Basterretxearen hausnarketa eta gomendioak. «Guztiek harritu naute euren erara», nabarmendu du. Hori bai, «eskema guztiak» artista txinatarrek apurtu zizkioten. Hainbatekin lan egin zuen Bilboko Guggenheim museoan izandako Cai GuoQiang artista txinatarraren “Sinetsi nahi dut” erakusketaren harira, izan ere, “Zerga bilketaren patioa” muntaian parte hartu zuen zortzi euskal artistetako bat izan zen.