Tren Txikitoan... Valentziaraino
Badakizu? Egunen batean Valentziara joanen gara trenean eta arroza ekarriko dugu», erran zion amak 2 urteko seme ttipiari, ttur-ttur, ttur-ttur pasatzen ziren bagoiei so. Tren Txikitoa ez zen Valentziaraino iristen, jakina. Baina amets egitea posible zen.
Tren honek Irun eta Elizondo lotzen zituen Bidasoaren ertzetik. 51,5 kilometroko luzeran, geltoki pila bat zituen: Irun, Behobia, Endarlatsa, Bera, Lesaka, Igantzi, Sunbilla, Doneztebe... Herri ugaritako jendeari eman zion zerbitzua, eta orain, martxan jarri zela mendea bete denean eta ttur-ttur hotsa isildu zela 60 urte, herriz herri dabil berriz, erakusketa gisa. Sunbillan dago asteartera arte, handik Baztanera joanen da, ondotik Zubietara... Batetik bertzera ibiliko da abenduaren 31ra arte, Gabon zaharrean egin baitzuen azken bidaia. Kontatzen dutenez, ohi baino bidaiari gehiago izan zituen aldi hartan, aunitzek Irunen erosketak egiteko aprobetxatu zuten, eta zale batzuk, gutti batzuk, Irungo geltokira atera ziren agurtzera.
Zuri-beltzezko argazkietako paisaiak bezala, izugarri aldatu da ordutik garraio-modua. Tren Txikitoaren bideari trenbidea deitzen diogu orain eta oinez edo bizikletan buelta lasai bat emateko aparta da. Errepideak, berriz, kamioiz eta autoz bete dira. Autoen barrenean zenbat lagun doazen begiratzen badugu, 1, 1, 1, 1... da emaitza, eta, autobusak zenbatuz gero, lau egun osoan. Zerbitzu publiko on baten faltan, norbera konpontzen da ahal duen bezala mugikortasun beharrak asetzeko.
Eroso eta aske sentitzen da bat auto barruan, baina beharrezkoa da mugikortasunari buruzko gogoeta kolektiboa. Hortik jaio dira Baztango Autokide (Autokidebaztan.compartir.org) eta Leitzako TarTarKar (Tartarkar.eus) bezalako proiektu interesgarriak, autoa partekatzeko aukera ematen dutenak, ez delako posible autoz Valentziaraino eroso-eroso joateko modua izatea eta bitartean autorik ez duena ondoko herrira joan ezinean gelditzea. •

