Saioa Iraola

Zoriontasunaren iraultza

Festetako jolas-parkeetan noria handi bat ikusten dudanetan, bere horretan mugitu gabe bueltaka dabilela, eguneroko bizimodua datorkit gogora.

Askotan sentitzen dut banabilela kanpoalde itxurosoa duen norian, ez aurrera eta ez atzera; bai, aldiz, noizean behin gorantz eta nahi baino gehiagotan beherantz eginez. Ekoizpena eta kapitalaren metaketa oinarri dituen mugimendu estatikoan, kasu. Bizi ikuskera horrek bizirik dirau elkarren arteko lehia eta prekarietate egoerei esker. Bizitzan, pausu neurtu eta kontrolatuak emanda egiten dugu aurrera. Bidean, indibidualismoa, bakardadea eta esparru materiala lehenetsita. Ekonomiako premisa orokortu horiek zuzenean eragiten digute herritarroi gure oreka afektibo eta psikologikoan; hala, egun, gure jendartean, gaitz nagusia depresioa izanik.

Hortaz, babak eltzetik norberak atera behar ditugula sentiarazten digute, eta eguneroko bizitzan herritar automatak bilakatzen gara. Testuinguru horretan igeri gabiltza kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako mugimendu, elkarte eta pertsona oro. Norberaren ibilbide pertsonalizatuaren aurrean, kolektiboki eta taldean lan egiten, jarduten, eraikitzen; finean, borrokatzen.

“Indibidualismoa vs enpatia” dikotomia horretan, nire zilborrari begiratzeaz gain, bestearen zilborrari ere begiratzean datza erronka; “Si nos tocan a una nos tocan a todas” lemak bere baitan dakarrenari arreta jartzean, alegia.

Zure mina nirea ere badela sentitzea edo zu osatzen zaren heinean ni osatzen naizela ere sumatzea. Plazer, atseden, laguntasun uneak sortzen dihardugu, puntadaz puntada txikitasunetik eragiten.

Iraultzan, jolas-parkeko norian dantzatzea, hitz egitea, konfiantza ehuntzea, enpatizatzea eta ongi pasatzea hautu politiko gisa barnebiltzeko saiakera egiten gabiltza.

Pentsatzen dugulako “zoriontasuna iraultzailea” dela (Berardi, Franco). •