Desorekak
Aste honetako Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean gogorarazi digute gure Europa aberatsean ia populazioaren laurdena, ehun eta hogeita bost milioi biztanle inguru, pobrezia egoeran bizi dela. Eta horren ondoan ikusi dugu nola, Correa jauna buru dela, sistemak bere-berea duena eginez, urtetan hainbat enpresari eta politiko esku-beteka lapurtzen eta aberasten aritu diren. Eta ondorengo albistean gure lurraldeko politikariek paparra erakusten ikusi ditugu ekonomia haiei esker hoberantz doala aldarrikatuz.
Eta batek pentsatzen du ez dela posible entzuten ari dena aldi berean gertatzea, edo norbait gezurretan ari dela, edo egia izatekotan, gertatzen ari dena eskandalagarria dela.
Hori guztia gertatzen ari da nonbait demokraziaren tenplua den Europan, gure sorbaldan, etxe inguruan, eta pentsatzen jarriak gara ea horrek erremediorik ez duen, ea derrigor kondenatuak garen zama hori guztia patxadaz eta tenplez, asaldatu gabe jasan behar izatera.
Komeria zera da: asaldatzen hasita ez dakigula noren aurka asaldatu, egoera horren erantzuleei izena jartzen hasita, sistema egiten dugula erantzule, Kapitala, Troika, FMI, Munduko Bankua eta antzeko erakunde bihotz eta aurpegi gabeak; eta zaila egiten zaigula gure haserre osoa erakustea. Giza miseriak horrelakoak dira, errazago egiten zaigu gure alboko oilo-lapurraren aurka oldartzea, mundu osoan halako sarraskia eragiten ari direnen aurka elkar harturik jardutea baino. Errazago zaigu, etsipenean, dagoena dagoenean onartzea, egoera aldatzeko erantzun arrakastatsuak bilatzea baino.
Ezinbestean, ez dugu beste erremediorik gertuena duguna aldatzen hastea baino. Izan ere, gertuena duguna ondo ezagutzeaz gain, erantzule politikoak ere hortxe ditugu, bihotza ez dakit baino aurpegia jar diezaiekegu.
Edozein haurrek badaki ongi banatuz, banaketa orekatuaz, irits gaitezkeela pobrezia ezabatzera. Badago pobrezia eta badago zer banatua. Nola banatu ere badakigu: soldata unibertsala eta pentsio duinak lirateke Euskal Herrian pobrezia ezabatzen hasteko neurri politikoa. Dirua badago, borondate politikoa ez nonbait. Badugu pobreziaren aurka nola eragin eta non oldartu. Egingo al dugu? •

