Miren Azkarate Badiola

Izuak koloreak ditu

Hilaren hasieran Guardia Zibilak gelditu ninduen kontrol batean. Lehen aldia zen aurrez aurre nituela duela hamalau urte beraien eskuetan torturatua izan nintzenetik. Kartzelako trasladoak kontutan izan gabe, ikusi, usaindu eta entzun gabe nituen orduz geroztik, zorionez!

Harrigarria da gizakion burmuinak zein azkar pentsatzen duen batzuetan! Ez ziren bost segundo baino gehiago pasa ikusi eta geratu ninduten arte, eta denbora tarte txiki horretan denetarik pasa zitzaidan burutik: buelta ematea, galderen erantzunak pentsatzea, “bazilatzen” baninduten nire burua lasai mantentzeko aginduak...

Hainbestekoa zen nire gogoa beraiek izan ez zitezen, furgonetak urdin ikusi nituela momentu batean! Nire ilusioa berehala desagertu zen, berdeak ziren.

Hankak dar-dar batean nituen, eta, agente jaunaren ahotsa entzun nuenean «buenas tardes» esanez, bizkar hezur guztitik behetik gorako zirrara hotz bat nabaritu nuen, uste izan nuelarik beldurrak hantxe salduko ninduela. Baina ez, erantzun egin nion, goitik behera begiratu zuen autoa eta aurrera jarraitzeko eskatu zidan. 200 metrora dagoen gasolindegian geratu nintzen, autotik jaitsi, arnasa hartu, negar pixka bat egin eta lagunarengana joan nintzen.

Jende asko etorri zitzaidan burura, horien artean Urkullu jauna eta aste horretan egin zituen torturari buruzko gogoetak, zutik egotea, poltsa egitea eta elektrodoak jartzea ez dela berdina esanez. Tortura batzuk besteak baino txikiagoak izango balira bezala, eta, noski, Ertzaintzak erabiltzekotan, azken horiek erabiltzen dituela ulertarazten. Beste aukera galdu bat aitortzeko Ertzaintzak ere torturatu egin duela herri honetan. Maila politikorik ez zuela banekien, baina gizatasuna ere ez zuela erakutsi zidan.

Niri bai egin zidaten poltsa, elektrodoak ukitzera iritsi nintzen eta zutik eduki ninduten. Baina badakizue zein izan zen torturarik latzena niretzat? Sinistea ondoko gelan entzuten nituen «Miren lagundu!» oihuak nire anaiarenak zirela. Urkullu jaunaren arabera, hori ez da tortura.

Torturak ez du mailaketarik. Bat zaplazteko batek ondoratuko du, beste bat poltsak, beste bat zutik egoteak... Eta berdin du zein koloretakoa den uniformea, berdea, urdina edo gorria.

Hori bai, nik ez dut berdeen kontrol bat gehiago ikusi nahi, ez behintzat hurrengo hamalau urteetan. •