X jauna
Asteazkenean 200 gaztek harrera “berezia” egin zioten Felipe Gonzalez presidente ohiari Universidad Autónoma de Madrid delakoan. Juan Luis Cebrian Prisa taldeko presidentearekin batera hitz egiteko asmo zuen “Sociedad Civil, España y Europa. El futuro no es lo que era” gaiaz. Baina hitzaldia bertan behera utzi behar izan zuten ikasleak zain zituztelako mezuak eskuetan: “Ez zarete ongi etorriak: GAL, Panamako paperak, estatu kolpeak, terrorismoa, manipulazioa, zentsura, torturak, oligarkak”, “Eskuak kare biziz zikindurik dituzu”, “Hiltzaileak unibertsitatetik kanpora”.
Ikasleek ez zuten unibertsitatean hartu nahi Espainiako presidentea zen garaian GAL (Grupos Antiterroristas de Liberación) erakundea sortu, hauspotu eta babestu zuen politikaria.
GAL 1983an sortu zen eta, 1987an desagertu zen arte, 28 pertsona erail zituen Hego eta Ipar Euskal Herrian. PSOEren gobernuak diseinatu eta Barne Ministerioak finantzatu zuen, epaitegian frogatu ahal izan zen bezala.
Joan den irailaren 28an, hiru egun lehenagoko hauteskundeetan PSE-EEk jasotako emaitza kaskarren harira, Felipe Gonzalezek berak esan zuen Ser irratian: «Inoiz ez dugu izan hauek bezalako emaitzarik Euskal Herrian, egin genituen gauzak egin arren». Aitorpen kutsuko adierazpena, askoren ustez.
Felipe Gonzalez 1942an Sevillan jaio zen eta, Madrilen Zuzenbidea ikasten ari zela, Belgikara joan zen. Javier Ortiz kazetariak 1996an idatzi zuen artikulu gogoangarri batean (“Felipe Gonzalez: el hombre que necesitaban”) deskribatzen du nolakoa zen orduan Gonzalez. «Antifrankista zen baina isilpean gordea zuen. Polizia politikoak ez zion ezer desegoki ikusi, finean berak Poliziari ez ziolako ezer desegokirik egin. Europako demokrazia europarrak beka bat eskaini izan balio, demokristaua bihurtuko zen. Baina sozialdemokrazia alemaniarra ohartu zen beraz, eta orduan sozialista egin zen».
1962an sartu zen Juventudes Socialistas-en eta bi urte beranduago PSOEn. 1960ko hamarkada amaitu aurretik beste ikasle batzuekin batera Ameriketako Estatu Batuetako Madrilgo enbaxadara joan zen bere zerbitzuak eskaintzera «aurre egiteko unibertsitatean mugimendu komunistari, gero eta indartsuagoa». Bisita horren testigantza jasota dago orduko delegazio diplomatikoak bere nagusiei bidali zien mezu erreserbatuan. Dokumentua publikoa da gaur egun.
Washingtonek erabaki zuen sozialista gazte haiei laguntza ematea eta, bide batez, zuzendaritza sozialista zaharra alboratu eta ahitzen ari zen erregimen frankistaren ondorengo agertokia prestatzen hastea.
1974an Gonzalez nagusitu zen PSOEren kongresuan Suresnes-en, iparramerikarren laguntzaz, eta 1982an gehiengo absolutuaz eskuratu zuen Espainiako presidentetza. 1983ko otsailean Jose Barrionuevo Barne ministroak martxan jarri zuen ZEN (Zona Especial Norte) plana eta urte bereko urrian GALek bahitu, torturatu eta erail zituen Lasa eta Zabala. 1987ra arte, 26 pertsona gehiago hil zituen.
GALekin lotura izateagatik Barne Ministerioko kide batzuk epaitu eta zigortu zituzten. Jose Barrionuevori eta Rafael Verari 10 urteko zigorra ezarri zieten. Kartzelara sartu eta hiru hilabetera kalean zeuden. Miguel Planchuelo eta Julian Sancristobalek 10 urteko zigorra zuten, baina 10 ordu eman zituzten kartzelan. Ezta egun bat ere. Ricardo Garcia Damborenea ere 10 orduz egon zen kartzelan, eta zigorra 7 urtekoa zen. Julen Elorriagari 75 urteko zigorra ezarri zioten, eta 19 hilabete egon zen barruan. Enrique Rodríguez Galindoren zigorraldia 75 urtekoa izan bazen ere, 4 urtera bazebilen kalean eta Zaragozan bizi da egun.
Ekintzaile horien guztien nagusia Felipe Gonzalez zen, X jauna ezizenaz ezagutua. X jauna ez da epaitua izan, inoiz ez dute zigortu. Madrilgo ikasleek, baina, badakite nor den Gonzalez jauna. Euskal Herrian betidanik jakin izan dugu. •

