Ion Salgado
ZUHATZUKO BAINUETXEA

ZUHATZUKO BAINUETXEA

Pasa den mendearen hasieran ospetsua zen Zuhatzu Kuartangoko bainuetxea, 1950eko hamarkadan eskola eta apaizgaitegi bilakatu zena. Egun enpresa berriak ezarri dira eraikinean, eta horietako bat da Ekotarriko, Maitane Beltran de Guevarak eta bere amak sortutako kooperatiba. Kontserba ekologikoak egiten dituzte.

Bisitariek eraiki erraldoi bat ikusten dute Zuhatzu Kuartangora heltzerakoan. Udaletxearen ondoan dago, eta 6.000 metro karratuko area du. Gaur egun zaila da pentsatzea zer-nolako historia gordetzen duen harriz eta adreiluz egindako eraikin erraldoiak, pasa den mendean bainuetxe famatua zena. Zuhatzu Kuartangoko bainuetxearen historia 1870eko hamarkadan hasi zen, Emilio Chillidak Iturri Beltzetik ateratzen ziren urak zientifikoki ustiatzeko elkarte bat sortzea proposatu zuenean. Izan ere, uztez, Baia ibaiaren ezkerreko bazterrean kokaturik zegoen iturriko urek propietate sendagarriak zituzten. Uren mineralizazioa handia da eta bere konposizioan nagusi dira sufrea eta sodioa; karea duten gatzen edukia, aldiz, urria da, eta nitrogeno ugari askatze dute ur horiek. Hori guztia dela eta, urok sufretsu, sodiko eta nitrogenatu gisa sailkatu izan dira.

1879an egun existitzen ez den etxe batean bainuetxe bat sortu zen, eta 1882an Zuhatzuko Bainuetxearen Elkartea eratu zen. Bainuetxeari esker, hainbat zerbitzu sortu ziren Gasteiztik 30 kilometrora dagoen herrixkan. Tren geltoki bat zabaldu zuen eta iturburuko ura onura publikokoa zela adierazi zuten. Estatu eta nazioarteko erakusketetan uron onurak azaltzen ziren, izan ere, arnas aparatuaren gaixotasunak sendatzeko balio zutela esaten zen. Ondorengo urtetan ostatuak ireki ziren, baina ez ziren Zuhatzu Kuartangora heltzen ziren bisitari ugariak hartzeko nahikoa. Beharrezkoa zen elkarte berri bat sortzea hotel handi bat eraikitzeko. Hotelak ezaugarri bereizgarriak izan behar zituen, gela zabal eta erosoak.

Erakin nagusiaren ondoan dauden karteletan azaltzen den bezala, bainuetxeko erabiltzaileak «oso sozialak» ziren, bai egunez bai gauez zer egin izan behar zutenak. Eta bainuetxera joaten ziren bezero asko ez zeuden gaixorik. Faktore ezberdinak tarteko joaten ziren bainuetxera. Faktore horietako batzuk, esate baterako, trenbidearen hobekuntza, udako oporren fenomenoaren agerpena eta hidroterapiako instalazioen egokitzapena eta eraberritzea izan ziren. Faktore horiei esker Zuhatzu Kuartangoko bainuetxeak bere garairik onena bizi izan zuen. Izan ere, bezeroentzat oso erakargarriak izan ziren hidroterapiako instalazioen zabalkuntza –eraikin berri bat egin zuten– eta tratamenduak aplikatzeko tekniken hobekuntza –inhalazioa, lainoztatzea, lurruneztapena, dutxak eta bainuak–.

Halaber, beharrezkoa izan zen eraikuntza berri batzuk eraikitzea, non bezeroek, behin erlaxaturik, dibertitzeko eta askotariko jarduerak egiteko aukera izan zezaketen. Hotelak bere zerbitzuak egokitu eta zabaldu zituen bainulari kopurua handitu eta egonkortzea ahalbidetuko zuten jarduera erakargarriak eskaintzeko helburuarekin. Hartara, eraikuntza berrian billarrak, solasaldietarako aretoa eta jatetxe handia topa zezaketen bezeroek. Eta berrikuntza garrantzitsuenetako bat argi elektrikoa izan zen. Horri guztiari esker, hotela 300 bezero hartzera heldu zen, XX. mendeko lehen hamarkadetan bisitari ugari jasoz. Pentsa, urtero 1.000 bisitari baino gehiago hartzera heldu zen bainuetxea, horietako %95 baino gehiagok arnasbideentzako tratamenduak jaso zituztelarik.

Baina garai onek ez zuten asko iraun. 1950eko hamarkadaren erdialdera bainuetxea fraide salestarrek erosi zuten. Fraideek egindako barneko eta kanpoko berrikuntzek guztiz itxuraldatu zuten eraikina, eta ordutik aurrera ez da erraza hasiera batean zertarako erabiltzen zen imajinatzea bera ere. Eraikina mutilentzako barnetegi eta ordenako apaizgaitegi gisa erabili zuten 1970eko hamarkadaren amaiera arte. Ordutik, eraikina Kuartangoko Udalarena da. Hainbat zerbitzu publiko eskaini izan dira bertan, eta eztabaida sakona egon da herrian bainuetxearen etorkizunari buruz. 2013an Kuartango Bizirik elkartea sortu zen. Elkarteko kideek eraikinaren lagapena aldarrikatu zuten, etxebizitzak, ekipamendu berriak eta gune produktiboak sortzeko. Azken aukera horrek aurrera egin du, eta Udal Gobernuak, EAJren esku dagoenak, enpresa berriei ireki dizkie bainuetxearen ateak.

Ekotarriko kooperatiba

Horietako bat da Ekotarriko, Maitane Beltran de Guevarak eta bera amak, Zuriñe Vigalodok, martxan jarritako kooperatiba. Jatetxe bat zuten lehen Etxabarri Ibiñan, eta orain kontserba ekologikoak ekoiztea erabaki dute. «Ondo prestatzen genuen janaria, eta bezeroek goxoa zegoela esaten ziguten. Horregatik urrats bat ematea erabaki eta enpresa martxan jarri genuen. Orain iraupen luzeko janari kozinatua salduko dugu», azaldu du. Dena den, Ekotarriko martxan jartzea ez zen erreza izan. Ideia duela hiru urte sortu zen, eta Gasteizen jarri nahi zuten hasiera batean lantegia.

Baina azkenean Zuhatzu Kuartangon jartzea erabaki zuten. Maitaneren anaiak, Unai Beltran de Guevara, ortu ekologikoa du haran honetan eta bainuetxeko eraikina erabiltzeko aukera sortu zitzaien Kuartangoko Udalari esker. «Udalak berrituko du eraikinaren aurrealdea eta guk barruko erreforma egin dugu», azaldu du. Inbertsioa inportantea egin dute behar duten makinak erosteko eta lekua egokitzeko. Eta lehenengo kontserbak egin dituzte jada Maitaneren anaiaren barazkiekin eta bere aitak hazitako idien haragiarekin. «Elikagai guztiak ekologikoak dira, nire aitaren eta nire anaiaren produktuak erabiltzen ditugu, baina behar dugunean beste autonomia erkidego batzuetatik ekartzen ditugu osagaiak», azaldu du.

Lehengo kontserbak egin dituzte, baina ez dituzte salgai jarri. Lehen potoak laborategi batera bidali dituzte, produktu bakoitzaren nutrizio baloreak aztertu behar dituztelako etiketak egiteko. Horren zain daude. Espero dute datorren hilean dena prest egotea. Orduan hasiko dira kontserbak saltzen azoketan, produktu ekologikoak saltzen dituzten dendetan eta kalitatezko elikagaiak saltzen diren saltokietan, hau da, groumet produktuak saltzen diren tokietan. Zentzu horretan, egiten dituzten kontserbak ekoiztea erraza ez dela ohartarazi du. Ezta merkea ere.

Etorkizunari begira, Maitane Beltran de Guevarak egunero 500 poto ekoiztea espero du. «Gaur egun bete dugu helburu hori, baina baliabideak optimizatu behar ditugu», nabarmendu du. Hiru ildo ezberdinetan lan egingo dute: aurrez prestatuko plater ekologikoak, umeei zuzendutako poto ekologikoak eta beste enpresa batzuek ekoitzitako produktuak esterilizatzeko zerbitzuak.

Interneten topa daitekeen dokumentu batean Ekotarriko kooperatibako emakumeek merkatuan haragiarekin egindako kontserba ekologikoak ez daudela azaltzen dute; dirudienez, gaur egun barazki jaleei zuzendutako produktuak saltzen dira bakarrik Estatuan. Horixe da euren «aukera» handiena, baina badaude «mehatxuak» ere, krisi ekonomikoa eta hipermerkatuen konpetentzia esaterako. Aipatutako mehatxuei aurre egiteko euren filosofia zabaldu nahi dute, eta, hori horrela, gela bat egokituko dute produktu ekologikoei buruz hitz egiteko eta ikastaroak eskaintzeko.

Beltran de Guevararen ustez, garrantzitsua da ikasleek eta ekoizleek produktu ekologikoen onurak ezagutzea. «Kuartango haran ekologiko bilakatzea dugu helburu», gaineratu du ideia «utopikoa» dela aitortu ostean. Kuartangoko nekazari askok ez dituzte produktu ekologikoak landatzen, apustu «arriskutsua» dela uste dutelako. Bainuetxera hurbilduko direnek Unai Beltran de Guevararen esperientzia ezagutu ahal izango dute, berak ibar honetan landatzen dituen barazkiak eta saltzen dituen arrautzak ekologikoak baitira.

Amaitu baino lehen, Maitanek erakundeen laguntza eskertu du. Izan ere, beraiek gabe oso zaila izango zen Ekotarriko kooperatiba sortzea.

Eraikinaren aurrealdea berritzeko obren lizitazioa

Pasa den astean argitaratu zen Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean Zuhatzu Kuartangoko bainuetxearen aurrealdea zaharberritzeko obren lizitazioa. Kuartangoko alkate Eduardo Fernandez de Pinedok sinatutako agirian azaltzen denez, irailaren 26an egindako ohiko bilkuran onartu zen klausula juridiko eta ekonomiko-administratibo berezien eta teknikoen agiria, obrak kontratatzeko lehiaketa publikoa arautuko duena.

Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean azaltzen denez, lizitazioaren oinarria 214.049,74 eurokoa izango da. Kantitate horri 44.950,45 euroko BEZa gehitu behar zaio. Eta lanok egiteko epea hiru hilabetekoa da. Eskaintzak aurkezteko azken eguna azaroaren 5a izango da, eta klausula ekonomiko eta teknikoen agirian adierazitako dokumentuak jaso behar dituzte. Eskaintzak aurkezteko lekua Kuartangoko Udala dela gogoratu beharra dago. Eskaintzak datorren hilean irekiko dituzte.

Maitane Beltran de Guevarak azaldu zuenez, Udalak berrituko du bainuetxearen aurrealdea eta bertan kokatuko diren enpresek, Ekotarriko kooperatiba kasu honetan, egokitu beharko dute barrualdea.

Sagardotegi batek ere irekiko ditu bere ateak Zuhatzu Kuartangoko bainuetxearen eraikinean. Ekotarriko hasi da jada lanean, baina sagardotegiko lanak oraindik ez dira amaitu. Sustatzaileek sagardoa ezagutzeko zentro bat ere irekiko dute.