Ardura kolektiboa norabide berean aritzeko
Pasa den astean, gaur zortzi, Guatemalako hip hop abeslari Rebeca Laneren kontzertuan izan nintzen Gasteizko Gaztetxean; eta kontrakorik ezean, herenegun Arrasateko Gaztetxean bukatuko zuen Euskal Herriko bira. Diskurtso feminista du Rebecak, eta borroka hori bere herrialdean bizi izandako diktaduraren salaketarekin ere uztartzen du.
Gasteizko Gaztetxea lepo bete zuen Erdialdeko Amerikan gero eta ezagunagoa den baina Euskal Herrian orain hilabete gutxi inork ezagutzen ez zuen poeta eta abeslariak. Oso ondo abesten du, jarrera dauka, komunikatzaile aparta da, eta bere kantuek badute hemen entzuten den ohiko rapak ez duen musikalitatea. Baina, horrez guztiaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren hainbat girotan besoak zabalik hartu dituzte bere diskurtso eta eskaintza, eta bozgorailu lana egin du guatemaltarrak gure artean egin dituen kontzertu eta tailerretara jendea erakartzeko. Eta baita lortu ere!
Begi bistan da indartsu dagoela mugimendu feminista gero eta leku gehiagotan, baita Euskal Herrian bertan ere. Gero eta ageriagoa da bere presentzia, neurri batean indarkeria eta desberdintasuna gizarteratzea lortu du, baina oraindik asko dago egiteko. Indarkeria kasuak eta feminizidioak ez dira desagertu, eta, gauzak aldatzen badoaz ere, gizarte matxista dugu. Gauza asko daude aldatzeko.
Hori esanda, emakume –edo korronte– batzuen diskurtsoek zenbait gizonen artean haserrea edo asperdura sortzen dute. Horien artean izango dira beraien estatusa –bidegabea dena– kolokan jarriko duelako beldur direnak. Baina badira baita gizonen kontrako jarrera oldarkorra eta gehiegizkoa dela uste dutenak ere. Ez da, bada, azkeneko helburua elkartasuna eta berdintasuna? Ulertzen ditut emakumeak –gizona banaiz ere– bidegabekeriak desagertu artean gerran jarraituko dutela diotenak; eta guztiok hor batu beharrean gaude. Baina ez dezatela etsaia eta parekide (nahi) dutena beti maila berean jarri. Marra fin-fin hori zaindu beharrekoa da guztion onerako, indarrak metatzeko.
Errespetatzen ditut, beti ados ez egon arren, umeak izatearen kontra dauden feministak, baita gizonekin sexu harremanak nahi ez dituztenak, eta baita bikotekide bakarreko harremanen kontra daudenak ere. Norbera libre da nahi duena egiteko besteari kalte egin ezean. Errespetatzen ditut, baita ere, pornografia eta prostituzioa onartzen ez dituztenak. Nahiz eta pentsa drogak berez txarrak ez diren bezala –erabileran eta praktikan dago kaltea edo onura–, hauetan ere ñabardurak asko direla. Pornografian balore matxistak berrindartzen direla? Gauza bera esan genezake reaggetonari buruz, ezta? Bada, pornografia eta reggaetona mota askotakoak egon badaude, eta ez dira guztiak matxistak. Helduok jakin dezakegu bereizten eta aukeratzen.
Prostituzioari dagokionez, emakumeen ikuspuntura hurbilduta honako ondorioak atera ditut: neurri handi batean sistema honek zenbait emakume beren gorputza saltzera bultzatzen ditu, gutxien dutenentzat irtenbide bakarrenetako bat da. Eta egia bada ere zenbait emakume beren gogoz kontra esplotatzen dituztela, badira baita beraien gorputza erabilita horren aldeko hautua egiten dutenak ere. Nola ukatuko diegu bada bi aldeak –bezeroa eta bera– ados badaude? Azken horiek dira, gainera, praktika hau legeztatzea eskatzen dutenak, hor dauden mafia eta interes ezkutuak azalera ateratzeko, besteak beste. Ez dakit feminismoaren alde aldarri egiten duten emakume askok nirekin bat egingo duten, baina niri neurri handi batean begiak zabaldu dizkidate Virginie Despentes, Itziar Ziga eta Beatriz Espejoren gisako aktibista eta idazleen hausnarketek.
Rebeca Laneren kasura bueltatuta, argigarria iruditu zait guatemaltarrak Mendebaldeko feminismoaren gainean egindako irakurketa. Bere ustez munduan nagusi den korronteak asko dauka ikasteko beste herrialde batzuetako feminismotik; adibidez, Erdialdeko Amerikakotik. Haren esanetan, nagusitzen den emakumeen berdintasunaren aldeko jarrera indibidualista da; norberaren eskubide gisa ulertzen da, ez kolektibo osoarena gisa. •


