Etapa bat itxi, arnasa hartu eta berriari ekin
Urte politikoa arrapaladan hasi dugu, datozen urteen bilakaera sakon baldintzatu lezaketen EAEko hauteskundeen erronkaren zama bizkar gainean. Hautes-emaitzen arabera ate batzuk ireki eta beste batzuk itxiko lirateke, eta emaitzak ikusita, prozesuaren garapenaren ikuspegitik behintzat, ireki ahal ziren ateak ireki eta itxi ahal zirenak itxi direlakoan nago. Besterik da ezkerreko subiranismoak hautes-emaitzon aurrean analisi kritiko sakona egiteko beta behar duela, EAJren egungo hegemoniak eta Bizkaiko mendebaldean duen hutsuneak sakoneko azterketak eskatzen dituela. Denbora eta patxada hartu beharko ditu EH Bilduk horretarako, baina lan horri ekiteko behar zuen arnasa berreskuratu du, eta ez da gutxi.
Esango nuke EH Bilduk etapa bat itxi duela azken hauteskundeokin. 2011ko udal eta foru hauteskundeen arrakasta goiztiarrarekin hasi, eta koalizioa gisa gorpuztu duen bide gorabeheratsu baina oparoa azken hauteskunde autonomikoek itxi dute. Balantzea egin eta etorkizuneko erabakiak hartzen hasteko garaia, datorren etapa politikoan bere gaitasuna eraginkortzeko eta ahulguneei buelta ematen hasteko berrikuntzak pentsatzekoa.
Aieteko Adierazpenaren bosgarren urtemugak jarri du urte politiko hasieraren bigarren mugarria. Data horren ingurumarian ere etapa baten itxierak berarekin dakartzan balantze eta analisiak irakurri ahal izan ditugu handik eta hemendik. Bide berriak urratzeko beharrezko egokitzapenak egiteko momentua baita gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez ere.
Termino orokorretan, esango nuke, Zutik Euskal Herriak abiatu zuen garai berriaren lehen etaparen amaiera markatzen dutela urte politikoaren hasiera honetako bi mugarriok. Emankorra izan dena zentzu askotan, baina analisi autokritikorako tartea ere eskaintzen duena, eta, beraz, bektore zuzentzaileak pentsatzeko gogoeta sakon baten beharra eskatzen duena.
Zentzu horretan, Abianetik hasi eta Sorturen kongresuan bukatuko den hariak gogoetarako baliabide nahiko emango dituelakoan nago. Azken urteetan askapen prozesuak adierazten zituen krisi zantzuen aurrean ezker abertzaleak erreakzio gaitasun motela izan duela uste dudan arren, etapa berri bati hasiera emateko beharrezko azterketa kritikoen zati handi bat eginda izan ditzake ezker abertzaleak urtarrilerako. Hortik aurrera estrategia independentistaren tresna, baliabide eta molde guztien birkonfigurazioa egin beharko da, ezker abertzalearen indarren askatzea eta talentu handia eskatuko dituena, zalantzarik gabe. Horretarako oinarrizko abiapuntua eta denbora irabazi direlakoan nago.
Badira garai oso bereziak bizi ditugula esaten diguten adierazleak, nahiz zaila den askotan bizimodu hipermodernoaren azalekotasuna gainditzea eta ekimen politikoa egiturazko analisian pausatzea. Hauteskunde emaitzen gainean egin diren hainbat analisi irakurrita sentsazioa izan dut berehalakotasunaren esklaboegi garela, iraungitze-data azkarreko politikagintza nagusitu dela. Kanpaina elektoral bati, adibidez, gehiegitxo eskatzen zaiola, testuinguru politikoa edota aldagai sozial eta kulturalak kontuan hartu gabe: EAJren emaitzak EH Bilduk eredu sozial eta ekonomikoaren bueltan konfrontatu ez izanaren ondorio omen. Kontsumo azkarreko analisiak iruditu zaizkit, ondorio borobilegiak elementu gutxiegi jarriz aztergai.
Argi dagoenez, etapa berriak ildo sendo bat behar du: trinkoa –bizi dugun garai historiko hau zehaztasunez irakurriko duena eta estrategia integrala garatuko duena–, denboran iraunkorra –baldintza ideologiko eta material berrien eraikuntzak behar duen pertseberantzia bilduko duena–, eta malgua eta dinamikoa –gaitasun taktiko handiko gertakari koiunturalei erantzuteko gai izango dena– aldi berean. Abianek lurzoru estrategiko bat jarri zuen, orain Sorturi ildo politikoa zehaztea dagokio bere kongresu prozesuan. Badira bi gako nire ustez eztabaida hori zentratzeko: bizi dugun abagunearen azterketa sakon eta zorrotz batetik abiatzea eta irekitzen den fase politikoa ondo ezaugarritzea. •

