Aimar Etxeberria Korta

EDINBURGO: AURPEGI BIKOITZEKO LITERATUR HIRIA

Zaharra eta berria da aldi berean Edinburgo. Marroi koloreko hormak dira nagusi hirian, baina kolore anitzekoa da bere eskaintza kulturala. Halakoxea da bere historia literarioa ere, duala; taberna, prostituzio, joko eta abarrak aristokraziaren fintasunarekin nahasten dituena.

Edinburgok bi aurpegi ditu, beti. Denboraren joanak eragindako zimurrak erakusten dizkigute hiriaren alde zaharreko hormek, baina bertan da klonatua izan zen lehen ugaztuna ere: Dolly ardia. Eguraldiak bere aurpegirik latzena erakutsi ohi du latitude hauetan, baina hiriaren eskaintza kulturalak ateratzen ditu herritarrak euren kobazuloetatik.

Amaigabea da bertako garagardo eta whiski eskaintza, baina 1.00etarako ixten dute pub gehienek, egarriak asetzeko nahikoa astirik eman gabe sarri. Dualtasun hau antzeman daiteke hiriaren historia literarioan ere, alkoholismo, prostituzio, joko eta abarrak klase altuaren fintasunarekin nahasten diren historian.

Grassmarket. Merkatu gune zentrala Edinburgo zaharrean. Tabernaz beteriko plaza; gune egokia traturako prest gerturatzen ziren gizon-emakumeentzat. Eta Grassmarket. Exekuzio publikoen gunea. Masen entretenimendurako plaza; hurkoaren heriotza txalotzean oinarritzen zen ariketa soziala hartzen zuen anfiteatroa. Gune egokia Robert Burns eta Walter Scott ezagutzeko, Eskoziaren historia literarioan hizki larriz idatzita dauden bi izenon istorioetan sakontzeko. Eta Burns eta Scotten istorioak kontatzeko hiriaren dualtasuna bere egiten duten fikziozko bi pertsonaia: Clart eta McBrain.

Clart, hiriaren alde ilunean arrainak itsasoan gisa moldatzen den literaturazale bohemioa. Eta McBrain, Edinburgoren alde iluna saihesten ahalegintzen den intelektual fina. The Beehive Inn tabernan (Grassmarketen) ezagutu ditugu biak, eta bertatik abiatuta gidatuko gaituzte hiri zaharreko eta berriko txokoetatik barrena, antzezpen literarioak bata bestearen atzetik eginez, XVIII. mendeko Edinburgotik abiatuta gaur egungo literaturaren sekretuetara gerturatuz. Bien arteko antzezpen-lehia izango da ibilbidearen haria.

Hala, jakingo dugu Eskoziako gaeleraz idatzi zuela Burnsek, baina baita ingeleraz edo eskozieraz ere. Eta ohartuko gara bere testuetan ez zuela mihia bridatzeko inolako intentziorik, harik eta bere heriotzaren ostean ideia liberalak eta sozialistak aldarrikatzen zituztenentzat inspirazio iturri bilakatzeraino. «Garai zaharrengatik, ene adiskide; garai zaharrengatik. Adiskidetasun kopa bat edango dugu, garai zaharrengatik». Hala dio bere lanen artean ezagunenetakoa den “Auld Lang Syne” (“duela asko” edo “denbora pasa ahala”) poesiak.

1786ko azaroaren 27an, 27 urterekin, mugitu zen Edinburgora. Hiriaren alde berriko (New Town) aristokraziaren artean beso zabalik hartua izan zen Burns, eta lagunarte horretan ezagutu zuen bera baino gazteagoa zen Walter Scott. Klase maila altuko lagunartea izan arren, sarri jotzen zuen Burnsek hiriaren alde zaharreko taberna ilunetara eta ezagunak dira bertako emakumeekin izaten zituen amodio-kontuak. Orotara, lau emakume ezberdin lotzen dira Burnsen historia afektibo ofizialera, jakinik hamarnaka batzuk gehiago izango direla idazle eskoziarrarekin une intimoak partekatu zituzten emakumeak. Aipatu lau emakumeekin izan zuen harremanetik hamabi ondorengo utzi zituen Burnsek; 2012ko datuen arabera, 600 ondorengo inguru zituen bizirik aipatu urtean.

Argitik gehiago du ilunetik baino, berriz, Walter Scotten biografiak. 1771ko abuztuaren 15ean jaio zen Edinburgon, hiriburuan bertan, Grassmarket eta Unibertsitatearen arteko txokoren batean. Haurtzaroan antzemandako gaixotasun batek markatu zuen ogibidez abokatu zen idazle eskoziarraren bizitza. Politikoki Alderdi Kontserbadorearen bueltan kokatua, hiriburuko aristokraziaren bueltan ibili ohi zen Scott, eta ingurumari horretan ezagutu zuen Burns. Emakume bakar bat lotzen zaio Scotti, eta 1832an hil zenean lau seme-alaba utzi zituen ondorengo.

Hiriaren alde zaharrean jaio izanagatik ere, aukera izan bezain pronto egin zuen alde berrirako saltoa eta fijo bat bilakatu zen espresuki klase altuko jendearentzat pentsatutako lagun-talde eta ekitaldietan. Diru arazoekin hil zen, baina, Scott, bere jabetzakoa zuen argitaletxeak ondoa jo ostean.

Grassmarket atzean utzita, Royal Mile gisa ezagutzen den Eskoziako hiriburuko kale nagusira zuzendu gara, Victoria Streetetik barrena. Edo Diagon Kalexkatik barrena esan beharko genuke? Esanak dio aipatu kalean inspiratu zela J.K. Rowling Harry Potterreko “Diagon Kalexka” magikoa irudikatzeko. Eta kalearen gaina egitearekin batera, eta Royal Mile zapaltzearekin batera, eskuinera begiratzeko eskatzen zaigu, ehunen bat metrotara dagoen The Elephant House kafetegira hain zuzen. Bertan idatzi omen zuen J.K. Rowlingek “Harry Potter eta Sorgin Harria”, zazpi istorioz osatutako sagako lehena. Pobreziatik atera zuen aipatu fikziozko nobelak idazle eskoziarra, eta aberastasunera eraman. Eskoziako hotelik garestiena den The Balmoral-en idatzi zituen gainerako lan guztiak, eta bere izena darama hoteleko suit garestienak.

Deacon Brodie, edo Jekyll Dk. eta Hyde Jn.

Deacon Brodie da, baina, Royal Mileko pertsonaiarik ezagunenetako bat. Aipatu kalean aurkitzen den Jolly Judge tabernan eman zaigu haren berri, Brodieren omenez zabaldutako edanlekutik gertu. Negozio gizona eta Edinburgoko Udalean zinegotzi, bizimodu bikoitza eraman zuen Brodiek. Gizon serioa egunez, langilea eta hiriko klase altuarekin elkartzen zena, lapurreta, joko eta edanera jotzen zuen eguna ilundu orduko. Aitortuak eta ezagunak ez zituen bi seme zituela esaten du kondairak, eta lapurreta saiakera horietako batean amaitu ziren bere abenturak. Urkatua izan zen 1788ko urriaren 1ean, 40.000 lagunen aurrean. Utzi zuen baina Brodiek legaturik, Jekyll Doktorea eta Hyde Jaunaren istorioan hezurmamitzen dena.

Robert Louis Stevenson idazle eskoziarrak eraman zuen fikziora Brodieren bizimodu bikoitza, aipatu lez, Jekyll Dk. eta Hyde Jn. lanean. Stevenson, Burns eta Scottekin batera, Eskoziako historia literarioaren urrezko aroan sartu daiteke. Berea da, adibidez, “Altxorraren Uhartea” lana, eta Ernest Hemingway gisako idazleen inspirazio iturri ere izan zen.

Royal Miletik Princes Streetera egin dugu salto, Edinburgoko alde zaharretik hiri berrira. Horretarako, gisa honetako ibilbide batean hutsik egin ezin duen “idazleen txokotik” igaroz. Hiriaren alde berrian egonik, Edinburgoko historia literario garaikideari erreparatu diogu, bi idazleren letretatik abiatuta batez ere: Irvine Welsh eta Ian Rankin. Milne’s Bar-en inguruan geratu gara horretarako, tabernako txoko bat “Kremlin txikia” bezala izendatzen duen edanlekuan, eskoziar errenazimentuko autoreek bertan biltzeko zuten joerarengatik.

Hala, jakin dugu Edinburgoko portua kokatzen den Leith auzoan jaio zela Welsh, garai hartan hiriko pobreena zen eta arazo gehien zituen auzoan. Bertan oinarritzen da bere lehen nobela ere: “Trainspotting”. Aipatu auzoko gazte talde batek drogekin, heroinarekin bereziki, dituen harremanetan oinarritutako fikziozko lana da Welshena, 80. hamarkadako Edinburgoren irudi bat egiten laguntzen duena.

Rankin, berriz, ez da Edinburgokoa jaiotzez, baina bertara mugitu zen Edinburgoko Unibertsitatean egin zituen literatur ikasketak medio. Nobela beltzaren izarretako bat da Rankin, eta Rebus inspektorearen ibilerak kontatzen ditu bere lanetan. Guztiak Edinburgon girotuta, fikziozko txokoak erabiltzen zituen Rankinek bere hasierako lanetan, baina Eskoziako hiriburuko taberna eta kalexketara eraman ditu Rebusen ibilerak bere azken lanetan.

Ibilbide literarioa amaituta, Clart eta McBrain agurtu eta “Kremlin txikian” jarraitu dugu garagardoak bata bestearen atzetik edaten, hiriaren istorio literarioetan egarriak itotzen.

 

Literatur hiri izendapenaren zergatiak

Unescoren “literatur hiri” izendapenaren jabe da Edinburgo. Hamaika arrazoi eman daitezke horretarako, baina zortzi garrantzitsuenen bidez ahaleginduko gara izendapenaren arrazoiak laburbiltzen.

Batetik, tour literarioaren kronikan aipatu lez, mundu mailan ezagun diren hamaika idazleren jaioterri delako da Edinburgo “literatur hiri”, edo behintzat bere tonu marroiko kalexkak hamaika idazleren inspirazio iturri izan direlako. Horien artean ditugu J.K. Rowling eta bere Harry Potter, Irvine Welsh eta Trainspoitting, Ian Rankin eta Rebus inspektorea, idazle garaikideak aipatze aldera. Baina, noski, ikusi ditu Eskoziako hiriburuak klasikoen jaiotzak ere, hala nola, Jekyll Dk. eta Hyde Jn.-ena, Altxorraren Irlarena, edota bere ibilerak Londresen kokatzen diren Sherlock Holmesena.

Bertan ospatzen da ere mundu mailako literatura jaialdi handiena: Edinburgh International Book Festival. Urtero, abuztuko bi astetan zehar, mundu osotik etorritako 800 idazle inguru elkartzen dira bertan. Hala ere, badira sona gutxiago duten jaialdiak ere, Portobellon ospatzen den literatura independente erradikalaren jaialdia, kasu.

Argitalpenei dagokionez, Eskoziaren argitalpen historiako parte zentrala da Edinburgo. Bertan argitaratu zen herrialdeko lehenengo liburu alea, 1508. urtean, eta mundu mailako hainbat argitaletxek Edinburgo dute argitalpen gune.

Hiriak 50 liburu-denda baino gehiago ditu, bakarrak direnak. Bat edo bestek animaliak ditu, bizirik edo disekatuta, eta bateren bat BBC telebista publiko britainiarrarentzako inspirazio gune ere izan da. Gustu guztietako liburu-dendak eskaintzen ditu hiriak.

The James Tait Black Prizes literatur saria banatzen ikusten du urteak joan urteak etorri Edinburgok, 1919tik. Aipatu sariak drama, biografia eta fikzio arloko urteko lanik hoberenak saritzen ditu. Epaimahaia da kasu honetan aipagarria, ikasleen erabakien menpe dagoen mundu mailako sariketa bakarra baita. Irabazleak 10.000 libera poltsikoratzen ditu.

Edinburgoko liburutegiek, liburuak errazteaz gain, funtzio sozial bat ere betetzen dute. Komunitatearen aterpe bilakatzen dira liburutegiak eta literaturaren aldeko jardunean inplikatzen dira, tailer eta ekitaldi ezberdinak sustatuz. Literatura sustatzen duen beste estamentu bat Edinburgoko Udala da. Museoen bidez egiten du hori, bereziki Idazleen Museoari ematen dion laguntzarekin. Bertan aurkitu daitezke, besteak beste, Robert Burns, Walter Scott eta Robert Louis Stevensonen biografia eta lanak. Herrialdeak, bereziki, poesiarekin izan duen lotura aldarrikatzeko, Edinburgon kokatzen da soilik poesia lanak errazteko eraiki zen lehenengo liburutegia. Edinburgok egiten duen beste ahalegin bat da hiriko gune turistikoetan literaturaren presentzia bermatzea. Hala, hiriko gaztelu ezagunetik hasi eta estatua, monumentu, taberna eta abarretan aurkitu daitezke hiriko literatur historiari eginiko keinuak.

Ondare literarioa da, finean, Eskoziako hiriburuak transmititzen duena. Etxeetako sutondoan hasi zen ondarea, poesiak errezitatzean oinarritzen zena, hiriburuko kalexketara atera da urteen poderioz, bere indar guztiekin distira egin dezan. Aitzindari izan da Eskozia lan literarioak sustatzen: 1496an onartu zuen Eskoziako Gobernuak, lehen aldiz mundu mailan, hezkuntza derrigorrezko egiten zuen legea; Allam Ramsey poetarena da, 1726an, mundu mailako lehenengotariko liburutegia; 1768an Britainiako Entziklopediaren lehenengo alea publikatu zen; eta XX. mendean Eskozia alderik-alde zeharkatu zuen errenazimentu mugimenduaren bihotza izan zen Edinburgo.

Mendeetako ondarea bizkarrean, Eskoziako literatur historiak dir-dir egiten du bere hiriburuan.