Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

ELTZIEGOKO GAITEROAK

Juan Carlos eta Juantxu Gomez anaiak, Jose Luis Gallegorekin batera, Eltziegoko Gaiteroak taldeko kideak dira, musikariak, gaita musika tresna gisa dagokion lekuan jartzen tematuta daudenak. Beti lagunez inguratuta egon direla diote, eta horri esker heldu omen diete hainbat erronkari. Duela bi urte Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin disko bat grabatu zuten.

Arabako Errioxan bukatu dute mahatsa bitzen. Orain, upeltegietan dute lana. Upeltegi batean lan egiten du Juan Carlos Gomezek, eta larunbat goiza aprobetxatu du Gasteizera txangoa egiteko. Bertako Alde Zaharrean Juantxu anaia du zain, Gasteizko Musika Etxean irakasle aritzen dela-eta egunak Eltziego eta Gasteiz artean banatzen dituena. Eta biek ere zain dute GAUR8 goiz euritsu honetan. «Euri hau ona da, bota dezala», dio Juan Carlosek, baina berehala tabernara sartu dira. Jose Luis Gallego danbor jotzailearekin batera, Eltziegoko Gaiteroak taldea osatzen dute.

Erreferentzia omen dira gaitaren munduan. Hori entzunda, Juan Carlos eta Juantxuk bizkarra jaso eta eurak ez direla nor halakorik esateko diote. «Oso gaita jotzaile onak daude gaur egun leku guztietan: Nafarroan, Bizkaian, hemen...». Edonola ere, gaita jotzaile oso on horietako askok diote erreferentzia direla. Juan Carlos eta Juantxu, ordea, ez dira horregatik harrotzen, eta egin duten guztiaren atzean lan handia dagoela diote. Tradiziotik edanda, berritzeko gogoa eta ekina. Ia 40 urteko ibilbidea egin dute dagoeneko. Ikusten ez den lan handia batetik, eta ikus daitekeen eta ikustea merezi duena, bestetik. «Eta lagun asko», solas osoan oso presente dituztenak.

Arabako Errioxan tradizio handia du gaitak, hango musika tresnarik garrantzitsuena izateraino. Gaitero ugari eta ezagunak izan dira Arabako Errioxan, adibidez Guardian eta Villabuenan. «Lezan ere izan dira, baina ez dago dokumentazio handirik», dio Juantxuk. Eltziegon izandako azken gaiteroak Guardiakoak ziren: Jesus Martinez eta Jose Ignacio Bezares. Martinez hildakoan, Gasteizkoak joan ziren bi urtez, eta ondoren, bizpahiru urtez, Eltziegon ez zen gaiterorik izan. 1977an, berriro izan zituzten gaiteroak, herrikoak gainera: Juan Carlos Gomez eta Jesus Fernandez, Juantxu Gomezen danborrarekin. «Ideologoa», Juan Carlosek dioenez, Jesus Fernandez izan zen, sasoi hartan Euskal Dantzarien Biltzarraren “Dantzariak” aldizkariaren zuzendaria zena.

Hasiera gogorra izan zen. Juan Carlosek belarriz jotzen zuen, eta, erabiltzen zuten materiala, gaitaren mihia alegia, oso kaskarra: «lan handia eta etekin eskasa». Hona iritsita, komeni da argitzea gaita ez dela orkestrako edo bandako ohiko tresnak bezalako instrumentua, oso ezaugarri bereziak ditu-eta. Kanabera bikoitzeko mihia du eta soinua ateratzeak esfortzu handia eskatzen du, baita afinazio teknika bereziak ere. Juantxuren hitzetan, «kontuz ibiltzeko moduko» tresna da. Jesus Fernandez Bilbora joan zen lanera eta, taldea utzi behar izan zuenez, Juantxu gaita jotzen hasi zen; bien aitak, Juan Jose Gomezek, berriz, danborrarekin lagundu zien, bi urtez. Aitak Guardia eta Villabuenako gaiteroekin ere jo izan zuen. Behin, 1956an, Madrilgo feria batera joan zen, Villabuenako danbor jotzaileak upeltegian lanean hanka apurtu zuenean. Horrek pasadizo bat gogorarazi die anaia gaiteroei. 1985ean, Gasteizko jaietan jotzen ari zirela, makila batez lagunduta zebilen agure bat sumatu zuten atzetik segika. Halako batean, esan omen zien: «A ze potroak Lizarrako gaiteroonak!». Ez zirela Lizarrakoak erantzun zioten, Eltziegokoak baizik, eta agureak: «Eltziegon ez dago gaiterorik eta!». Haien izen-deiturak entzunda, gizon villabuenar hura konturatu zen nor ziren: berak lanean hanka apurtu zuenean bere ordez Madrilera joan zen danbor jotzailearen semeak. Juan Jose Gomezek gaita taldea uztean, Jose Luis Gallego hasi zen, gaur arte.

Ez zebiltzan sobera adoretuta, baina, 1980an, Jabier Lakuntza eta Jose Luis Fraile Iruñeko gaiteroekin harremanetan sartu ziren eta errotik aldatu zitzaien jarduna. Esker onez hitz egiten dute Iruñeko gaiteroez. Material berria eskuratzeak eskaintzen zizkien aukerak zirela-eta, aurrean zuten bidea bestela ikusten hasi ziren. Gustura jotzen zuten, gaita maite zuten eta gero eta «saltsa» gehiagotan sartzen joan ziren. Bien bitartean solfeoa ere ikasi zuten, belarriz jotzeak dituen mugak gainditzeko, eta antzinako egileen lanak ezagutu zituzten. Julian Romano XIX. mendeko Lizarrako gaitero eta konpositore handiaren musika belarriz jotzen zuten, eta partiturak irakurtzen hasi zirenean, konturatu ziren ahotsak nahastu egiten zituztela. Euren ustez, Romano lizarratarrak sekulako dimentsioa eman zion tresnari. Eta Romanoren eta beste batzuen musika ikertzen hasi ziren, hala nola Nicolas Garcia guardiarrarena. Halaber, Arabako gaitarako dantzak biltzeari ekin zioten.

«Dagoenari eutsi eta berritu» beharra dagoela uste dute, eta erakutsi ere, ondo asko erakutsi dute. Bestetik, beti izan dute argi gaita «beste musika tresnak bezalakotzat jo» beharko litzatekeela, eta ez funtzio jakin batzuetara mugatutako tresna bezala. Izan ere, Gomez anaiak gaiteroak dira, baina baita, edo batez ere, musikariak. «Banda batean batzuetan bakarlari jotzen duzu, baina, beste batzuetan, beste guztien artean, eta orduan bat gehiago zara». Horregatik, gaitaren soinu bolumen handia kontuan izanda, gaita berezi batzuk egin zituzten, tutu estuagokoak, Iruñeko gaiteroekin batera. Julian Romanoren musika bandarekin jotzeko ere egina zela konturatu ziren, eta tradizio hori, gaita bandarekin jotzea, Jabier Lakuntza eta Jose Luis Frailek berreskuratu zutela diote.

Beren lehen lan diskografikoa gaitarekin jotzen diren Arabako dantzak biltzea izan zen. 1987an “Arabako Dantzak I” grabatu zuten, eta 1997an, “Arabako Dantzak II”, Errioxako eta Kuartangoko dantzak, egun jotzen dituzten bezalaxe. Kuartango Añanako kuadrillako eskualdea da, baina, Juan Carlos eta Juantxuk diotenez, diskoan bildutako musika gaitarako idatzia da, eta, beraz, eskualde hartan ere seguruenera gaiteroak izango ziren garai batean. 1997an, berriz, Nicolas Garcia eta Jesus Martinez Guardiako gaiteroen partituretatik hautatutako hainbat obra biltzen dituen diskoa grabatu zuten. Ordurako ohituta zeuden gaita musika bandetan txertatzen, eta piezetako bat bandarako moldatuta grabatu zuten. Beste bat, lagun batzuek osatutako bandarekin, The Latin Gasteiz Band taldearekin, hain zuzen. Haiekin grabatuko zuten bi urte geroago Julian Romanoren omenezko diskoa. Euskal Herri osoan zehar gero eta gehiago jotzen zuten, jaietan, kontzertuetan, antzinako musikatik erritmo berrienetara. Ekitaldi askotara doan joaten ziren; esate baterako, Araba Euskaraz eta gisako jaietara. Eltziegoko Bandarekin zuzeneko diskoa ere grabatu zuten; Naiarako antzinako musikako jaialdian parte hartu zuten, baita Peraladako (Girona) jaialdian ere Daniel Barenboin orkestra zuzendariaren eta Monserrat Caballe sopranoaren ondoan. Bestetik, beste musikari batzuekin zenbait kolaborazio egin zituzten, hala nola Maixa eta Ixiarrekin. Euskal Herriko hainbat musika bandarekin ere jo zuten...

The Latin Gasteiz Band taldearekin izandako esperientziak Ziekoko Gaiteroak & Friends taldea osatzera eraman zituen. Honakoak dira taldeko musikariak: Jonko Sanchez (tuba), Jon Elosegi (perkusioa), Juanma Saez (tronboi irristailuduna), Joseba Koldo Perez de Heredia (bonbardinoa) eta Gomez anaiak (gaita). 2000n disko bat grabatu zuten, “¿Y por qué no?”, inpaktu eta arrakasta handikoa. Bertan boleroak, pasodobleak eta ezohiko erritmoak entzuten dira. Gaitarekin «zerbait desberdina egitearren» grabatu zuten. Ondoren, Cristina Grelaren kolaborazioarekin, “Radio Vitoriaren 75. urteurrena” lana grabatu zuten.

Eta 2014an erronka handiari aurre egin zioten: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin diskoa grabatzea. Gaita orkestra sinfoniko batean. Proiektuak diru asko eta lan gehiago eskatzen zituen, baina ausartu ziren eta pozik eta harro daude. Egoteko modukoa da eta. Esfortzu fisiko eta ekonomiko handia izan zen, baina, hala ere, suerte handia izan omen zuten, behin eta berriz aipatzen dituzten lagunak direla-eta. Besteak beste, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko moldatzaileak, Eduardo eta Diego Morena Eltziegoko eta Guardiako musika banden zuzendariak, Juanma Saez Ziekoko Gaiteroak & Friends taldeko tronboi jotzailea eta Bastidako Bandako zuzendaria, Iñaki Urkizu Bilboko Udal Bandaren zuzendariordea… Diskoa askotarikoa da, bolero klasikoetatik Arabako dantzen pot-pourri bateraino, Iparragirreren “Trapu zaharrak” edo Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean” doinu ezagunetatik Julian Romanoren eta Nicolas Garciaren konposizioetara.

Aurrera begira, Eltziegon Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin kontzertu bat eskaintzea espero dute, baina ez da kontu erraza. Lehenik leku egoki bat aurkitu behar dute, 80 musikari inguru baitira guztira, eta, haiekin, noski, instrumentu guztiak. Bestetik, umeentzako gaita metodo bat prestatzen ari dira, epe ertainean argitaratzeko. Horretarako, Jabier Lakuntzak eta Jose Luis Frailek markatutako ildoa jarraitzen ari dira, eta euren ekarpena haurrei gaita ikasketak erakargarriago bihurtzea da. Azkenik, beste argitalpen bat ere badute gogoan, Juan Carlosek idatzitako 80tik gora pieza bilduko lituzkeena.

Kalean eta kontzertuetan ikusten denaren atzean ordu askoko ahalegina dago, lanetik irten osteko hiru orduko entsegu ugari. Eta, batez ere, musika eta gaitarekiko maitasuna. •