Epika berria behar da, eta ez da monoteista izango
Dilema desegin da: Trump izango da AEBetako presidente berria. Ez ditut hemen bere garaipenaren gakoak eta inplikazioak aztertuko, ez ditut hemen bera hautatu dutenak erridikulizatuko, ez ditut orainaldia baino hobea zen iragan baten nostalgia goratzeko kontsignak eta purrustadak aireratuko, horretaz dezente baitugu jada, purrustategi handi askoa. Trumpek irabazi du, bai, eta, horrek, boteprontoan, bi inpresio sortu dizkit. Baga, ofizioari dagokionez, kazetaritza bufoi eta txarlatan ugariren egoitza dela; eta, biga, politikaz asko dakitela esaten dutenez mesfidati egon behar dela beti, beste behin ere, demostratu delako mundu osoko analista eta politologo ia denek ez zekitela haizeak nondik jotzen zuen, emaitza ezta usaindu ere ez baitute egin.
Ez noa AEBetako emaitzek Euskal Herrian izango duten ondorioez jardutera. Eskapatu egiten zaizkit-eta. Aldiz, Euskal Herria mundu bat izanik eta mundua auzo, atentzioa eman dit zein puntutaraino egin ditugun “gure” hango hauteskundeak, zenbaterainoko jakin-mina izan duen eta nolako kolpe emozionala jaso duen gure jende askok Trumpen garaipenarekin. Beldurra, ezinegona, ezkerraren nora eza, gure uste politiko eta kategoria analitikoen ortopediak… denetarik poxi bat entzun dut egunotan.
Badaude, bai, kaskarrari bueltak emateko arrazoiak. AEBetako hauteskundeen zurrunbilo informatiboaren erdian, baina, kristoren inpresio ona utzi zidan elkarrizketa batean irakurritakoaz aritu nahi dut. Ernai gazte erakundeko bi eledunek ederra, oso ederra den hausnarketa eskaini ziguten. Ezker abertzalearen birsortze prozesua gazteriari nola itzuli behar zaion, zeri eman behar zaion garrantzia. Oso ona. Pozik utzi ninduen, benetan. Bertan, epika berri baten beharraz ari ziren. Egungo garaietara egokiturikoa, zuria ala beltza, «dena ala ezer ez» logikatik salbu, zentzu tragikoarekiko loturarik gabe. Kultura politikoa, identitatea… sakoneko urak dira, bai, baina epikak interesa pizten dit.
Zein da, adibidez, euskaldunon historian epikaren tontorra kontsidera genezakeena? Demagun Orreagako gudu irabazia dela. Edo Amaiurko gaztelua hil arte defendatu zutenen porrota? Gernika, Intxorta, Lemoiz… Zera esan nahi dut: epika, genero bezala, aurrenik, erretolika dela. Ahoz aho transmititua, normalki heroi baten ibilerak goratzekoa, legenda eta mitoarekin lotua, izan Grezian Homeroren “Iliada” ala Frantzian “Errolanen kantua”. Armekin, gerrekin, odolarekin… horrekin lotu izan da betidanik.
Ernai erakundeak, aldiz, politikan epikarako espazio bat dagoela dio. Eta ulertzen dut nondik nora joan nahi duen. Igual lirika berria da behar dena, orainean egiten denaz, bizitzen, sentitzen eta gozatzen denaz, etorkizuneko aukerak proiektatzea. Bizitzeko modu bat, besteak anulatu nahi ez dituena. Diluitzeko batzera gonbidatzen duena, eztabaida zalea eta ez atxikimendu akritikoa bultzatzen duena. Epika absolutu eta monoteista baten aurrean, lirika umil bat, alegia. Ez dakit.
“Lirika” ala “epika” hitza gorabehera, oso inportantea da ariketa hori. Eta Ernaik egitea, are inportanteagoa. Ez da erraza izango. Baina bai, aberria biziz, euskal gazte mugimendu bizkor eta fin baten bidean, hori beharko da, bai. Beste garai batzuekin konparatuz, egungo gazteek askoz ere zailago dute, besteak beste, epika lehen emana eta berezkoa zelako: irabaztera kondenatuta ginen, dena ala ezer ez zen, ez zegoelako beste aukerarik, eta irabaziko genuen ala hil. Errazagoa zen, dudarik gabe.
Poztu nau gazte militanteak hain argi eta sakon aritzea epika, identitate eta kultura politiko berrien beharraz. Hitz potoloegiak dirudite, bai. Eta buruan, kaskarrean, egin beharko da ariketa hori. Luzaz epika beraren gurpilean bueltaka, kontu berdinekin ibili gara. Baina, biribilgunetan zirkulazioak bezala, buruan ideiek, eskemek eta pentsamenduek zirkulatu behar dute, eta norabidez aldatu. Hori da: kultura eta lagunarte berri baten ardatz, argi-keinukariak piztu eta suelto eta libre abiatu. •


