Mikel Zubimendi

Ez da ezer gertatzen; bihar garai oso bat gertatuko da

Lankideari joan natzaio larri antzean asteko gertakari baten eske, letrok juntatu behar nituela eta puntua behar nuela azterketa osatzen hasteko. «Hemen ez duk ezer gertatzen, motel!» erantzun dit, desesperazio kutsu batekin, dena dagoela geldi, urak bere bidean joateari uko izan balio bezala. Pentsakor utzi nau, neure buruari ezer ez bada gertatzen zeozer gertatzen ari ote den galdetuz.

Euskal Herriko politikan ez omen da nabarmentzekoa den deus berririk gertatzen. Omen, dena datza zegoen tokian, Evaristo handiak kantatuko lukeen bezala, dena doa joan behar den bezala. Dena? Ezer ez denean gertatzen, zer gertatzen da? Politikaren aurrean, euskaldunek, itxuraz ezer gertatzen ez den fartsa formal bat harri eginda ikustera mugatu behar al dute?

Ez. Clint Eastwoodek jokatzen zuen Harry Zikina inspektoreak esaten zuenarekin akordatu naiz: iritzia ipurtzuloa bezalakoa da, denek daukate bat eta berea. Igualtsu gertatzen da estrategiarekin. Badira bizpahiru dituztenak ere, hainbeste aukerekin galtzen direnak. Guztien artean estrategia bati lotuko natzaio, “hemen ezer ez da gertatzen” estrategiarekin, hain zuzen.

Estrategia hori darabiltenek Euskal Herria oasi bat dela diote, hegoaldeko auzolagunekin alderatuz gero, hemen gloria betean bizi garela. Gero, Europatik etorritako PISA txostenak erakutsi legez, irakaskuntzan adibidez “gutxiegi” kalifikazioa dugu. Ez gaude, ez, etxafuegoak botatzeko egoeran. Igual du, baina, zerbitzuek, ekonomiak, egonkortasun politikoak… denak duelako hemen kalitate ziurtagiria. Oasiaren ekosistema horretan, iraganaren funtzioa orainean errepikatzea omen da: Ardanzaren eskola, Sancristobal eta Elgorriaga gobernadore zibilak euskal militanteak ehizatzen GAL taldean leporaino sartuta zeudenean haien nagusi Ramon Jauregi lehendakariorde egin zuen eskola, doktrina politikoa da egun. Patxi Lopezen gobernuan zeuden batzuk Urkulluren gobernuan daude orain. Espainiako medioek txalotu egiten dute “pintto, pintto, ekarzu pilota txikia” maskota otzanaren jokabidea, Kataluniako “deribaren” aurrean bide bakarra dela goraipatuz. Eta, jakina, hainbeste txalo artean, PPrekin harremanak desizozten dira, aurrekontuak negoziatu eta negozioarentzat milioi batzuetako kutxa egiteko aukera dago. Inora ez doan eta inorekin lotuko ez gaituen abiadura handiko tren mamutzar horrentzat, zaborrak industrialki erretzeko edo Auzitegi Konstituzionalean den errekurtsoren bat edo beste erretiratzeko.

Horretan dabiltza. Hori da maila. Eta lankidearen «hemen ez duk ezer gertatzen» horren harian, aberkide askok berea duten arrangura naturala da oso: hori bada hemengo “oasiaren” maila politikoa, arazoa, sentzilloki, maila politikorik ez dagoela da. Eta, bitartean, nahiko lukete euskal gizartean honako sentipena hedatzea: determinismo politiko (eta teknologiko) betean bizi gara eta horren aurrean ezin da ezer egin, babestea besterik ez da gelditzen, salba dadila ahal duena.

Oasiaren teorema politiko horri aurre egin behar zaio, pertsonalki eta kolektiboki. Nola? Lehenik iritzia sortuz, aldaketak proiektatuz, aukerak landuz. Euskal politikaren praxian ez dago, jarrera mailan eta psikologia kolektiboan ez luke egon beharko, teorian posible izan eta praxian ezinezko den ezer. Zergatik izango da saihestezina «Euskal Herrian ezer ez da gertatzen» dioen normaltasun hori? Nork erabaki du? Zeinen izenean? Gauza bat baita baldintzapen latzak eta erresistentzia indartsuak egotea, eta, beste bat, determinismo konformista eta otzana. Bai, badirudi oasiaren oraingo ordena oso ongi antolaturiko desordena dela, eta, batez ere, sozialki oso barneratuta dagoela. Baina ez du zertan hala izan behar. Dialektika positibo bat behar dugu. Adierazten duen, eta ez ezkutatzen duen, hizkuntza politikoa. Soluzioek Euskal Herrian segitzen dute, euskal herritarren esku. Baina nork esan du politika erraza dela? Eta lasai, Leninek aspaldi esan legez, badira ezer gertatzen ez den hamarkadak eta badira hamarkadak gertatzen diren asteak. •