Hara eta hona «pertenentziekin»
Beste behin ere nire burua etxe aldaketa edo denok deitzen diogun moduan mudantza baten aurrean ikusi dut azken hilabetean. Sentsazioa dut, gainera, eta uste dut sentsazio oso fundamentatua dela, 20 urte inguru nituenetik ez dudala bi urte baino gehiago iraun etxe berdinean! Eta “etxe” esaten dudanean bizileku esaten dut, eta horrek espetxea ere onartzen du. Ba hori, azken bizileku horietan ere ez nuela bi urte baino gehiago jarraian egin.
Aldaketak onerako izaten direla diote batzuek, eta, tira, batzuetan hala izaten dira eta espero dezagun hau ere halaxe izatea. Baina niri aldaketek intseguritate eta antsietate handia ematen didate eta urduri bizitzen ditudan momentuak dira. Ez dakit, berria edo arrotza zaidan guztiak beldurra emango balit bezala da. Egun hauek horrelakoak izan dira, ez da salbuespena izan, urduriak, antsietate handikoak, beldurrekin...
Hala ere, kartzelakoekin alderatuta, kaleko mudantzok ez dute zerikusirik. Horiek bai zirela beldurgarriak eta urduri jartzekoak! Kar-kar-kar... Orain barre egiten dut, baina, «tiene 20 minutos para recoger sus pertenencias, se va de conducción» entzuten zenuenetik, hortxe gorputz dardarak. Dena azkar, dena presaka, dena ondo eta azkar pentsatu beharra, zer hartu, zer utzi, kideekin agurtzeko denbora juxtua eta batzuetan existitzen ez zena... Zeren 20 minutu, 20 minutu ziren, ez gehiago ez gutxiago. Ah! Eta zure “pertenencias” denak poltsa edo petate bakarrean sartuta!
Bidaia Guardia Zibilarekin, horrek uste dut edonor jarriko lukeela urduri. Batzuetan orduak autobus estu horretan. Kasu batzuetan ez dakizu nora eramaten zaituzten ere! Eta batzuetan egunak irauten dituzten “mudantzak” izaten dira.
Iristen zarenean bizileku berrira, garbitu dena eta jarri berriro ere duzun gutxia eta egin zaitez leku berrira. Pasa dituzun urduritasun eta antsietate guztien ondoren, aurrera!
Horrelakoak bizi ondoren gezurra dirudi orain, badakidala nora mugitzen naizen, inongo presarik gabe eta nik aukeratutako lekuetara, horrela bizitzea mudantzak! Edo agian juxtuki horregatik bizi ditut horrela...
Badaezpada, espero dezagun denbora luzean ez izatea beste etxe aldaketarik! •



