Ramon Sola

Euskal periferia, oraingoan gurditik tiraka

Harritzeko garaiak dira hauek. Mundu zabalean dudarik ez (Trump, Kolonbia, Italia, Brexita...), baina Euskal Herrian ere bai. Sinestea kostatzen den bi adibide soil emateagatik, 2015ak alkate independentista, euskalduna eta ezkerrekoa utzi baldin bazuen Iruñean –txupinazo moduko irudi hura gogoan dugu oraindik–, 2016ak beste argazki gogoangarri batzuk jarri dizkigu begi aurrean: Max Brisson, Jean-Rene Etchegarai eta abar Baionako karriketan manifestatzen, eta gero bertako tren geltokian Txetx Etcheverryren zain, eta gero Suprefeturaren aurrean protestaka... Euskal Herriko periferiatik datoz albisteak azken bolada luzean: 2017ko hasierako gertaera politiko interesgarriena ere bertan gertatuko da, Euskal Elkargoaren sorrerarekin. Horrez gain, Ipar Euskal Herriak birkokatu du bake prozesuaren iparrorratza. Eta Nafarroa Garaiak garaiak aldatzen ari direla erakutsi du, gizartean lehenik eta erakundeetan gero bizitako irauliarekin.

Paris zein Madril inoiz baino urrutiago sentitzen dira, batean zein bestean. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, bakea zapuzteko obsesio hori ez delako inorentzako ulergarri. Eta Nafarroa aldean, aldiz, Gamazadaren mendeurrena sobera pasatuta, oraindik ere Iruñean hartutako erabakiek Madrilgo erakundeetara iristerakoan ezer gutxi balio dutela behin eta berriz frogatzen ari delako. Ez dago periferian, Euskal Herriko erdi-erdian baizik, Altsasu; bertan eginiko barrabaskeria polizial-judizial-mediatikoak garden erakusten du Estatuaren atzaparretan egoteak dakartzan ondorioak.

Araban ere gauzak nabarmen eta onerako aldatzen ari direla bazterrean utzi gabe, bestelako itxura eta sentsazioak ematen ditu Euskal Herriko erdigune geografikoak. Kolonizazioaren zama aipatu izan da azken hilabeteotan, non eta Historian zehar kolonizazio ahalegin guztiei aurre egin dien herrian. Beste batzuek, zuzenago, espainolizazioa deitu diote arretaz aztertu beharko litzatekeen fenomenoari. Hauteskunde parametroetan neurturik, hala ere, ez dirudi horrela denik, iraileko hauteskundeen emaitza nahiko egonkorra izan baita, beste toki askotan izandako lurrikaretatik urrun. Baina espainiar Estatu interesak EAEn eroso sentitzen direla ez dago ukatzerik. Madrilen ezarritako markoaren barruan murgiltzen dira oraindik eztabaida eta ekimen politiko gehientsuak (autogobernua dela, AHT dela, LOMCE dela, armagabetzea dela...), eta, hori jada larria ez balitz bezala, politika egiteko modua ere oso “espainola” bilakatzen ari da (gure belarriei minik ez emateagatik-edo, “latinoak” garela aurpegiratu zigun Brian Currinek). Iñigo Urkullu bera, ezaugarri politikoei dagokienez, Mariano Rajoyren pareko samarra da: ezer ez egitearen ohitura arte bilakatu du, eta horrela aurrekoan bete gabe utzitako konpromisoak berrestea nahikoa izan zaio botereari eusteko.

Paralisi horren aurrean, ETAren armagabetzearen inguruan duela astebete Bilbon EAJk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguren hainbat ordezkarik, ELAk, LABek eta beste hainbat eragilek agerturiko adostasunak paradigma aldaketa ekar lezake auzi zehatz horretatik haratago ere. Baina sinatzaileek frogatu beharko dute paper batean zirriborratutakoa benetan sinesten dutela eta praktikara –eguneroko ekinbide politikora– eramateko gai direla: denboran atzerago joan beharrik gabe, 2014ko urtarrilean Bilbon izan zen presoen eta konponbidearen aldeko manifestazioan sortu zen sintoniak musika ederra zirudien, baina, aldiz, segituan isildu zen.

Azken hamarkadotan EAEk, Euskadik, Baskongadek, dena delakoak... Euskal Herri osoa salbatuko zutela uste izan da. Ustekabean, gurditik tiraka ari dira orain bazterretako lurraldeak, haize freskoa ekarriz eta beste molde batzuk erabiliz: aurreiritziak baztertuz, alderdikeriak gaindituz, auzolanaren balioak berreskuratuz, batuketa biderketa bilatuz, zatiketa eta kenketa alboratuz... Historiaren talaiatik begiraturik, baliteke horixe izatea azken bolada honetako berritasun bitxi eta interesgarriena. Itxuraz aurrerapen handirik ekarri ez duen 2016 honen amaieran, oharkabean pasatako albistea da Euskal Herriaren barrena berrituta, gorpu osoa nolabait itxuraldatzen, trinkotzen, elkar elikatzen ari dela. •