Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Pigmalion efektua eta bere eragina

Zer da Pigmalion efektua? Naturan existitzen den narrasti koloretsu bat? Logotipo hori-urdina erakusten duen altzari denda kate ezaguneko merkaturatze estrategia berriren bat? Asmakizunak eta txantxak alde batera utzita, psikologiaren munduan Pigmalion efektuak gizakiok besteongan ditugun itxaropenak aztertzen ditu, gure bizitzan eta gainontzekoetan duten eragina hain zuzen ere. Norberak lortu ahal duenaren inguruko sinesmenen sorkuntzak duen eragina da azken batean.

Efektuaren izenak Ovidiok “Metamorfosiak” izeneko idazlanean kontaturiko antzinako mito grekoan du iturburua. Bertan, Pigmalion izeneko erregeari, denbora luzez bakarrik egon eta gero, bere bizitza berezia zaion pertsona batekin konpartitzeko grina sartzen zaio. Denbora luzez bila eta bila egon eta gero, ordea, ez du bere aukerekin bat datorren inor ezagutzen, eta, hori ikusita, bizitza bakartian murgiltzen da berriz ere. Bere nahi zapuztua asebetetzeko asmoz, tamaina errealeko gizakiak irudikatzen dituzten eskulturak sortzen hasten da, egindako eskultura batekin maitemintzen den arte; askori ezaguna zaizuen Afroditak, Pigmalionen nahia hain ikusten du indartsu, ezen eskultura haragizko bihurtzen baitu. Hasiera batean itxaropen bezala hasitakoa, hortaz, egia bihurtzen da.

Afroditak itxaropenen gauzatzea irudikatzen duen legez, egunerokotasunean, kontzienteki zein inkontzienteki, behin eta berriz helarazten ditugun mezuek Afroditaren lana betetzen dute. Konturatu gabe, itxaropen edo igurikimenen jolasean parte hartzen dugu. Hau da, besteari bere jokabidea nolakoa izatea espero dugun igortzen diogu, eta horrek bestearen mundu emozionalean zein gurean eragina dauka.

Igurikapen kulturalak, esaterako, gizartean partekatzen ditugunak dira; hots, gizartean onartua edo baztertua dagoena adierazten dutenak. Lehen esan bezala, gehienetan konturatu gabe sartzen gara igurikimenen jokoan, ustez bete beharrekoetara egokitzen saiatuz, baztertuta edo isolatuta gera ez gaitezen. Gure inguruan osatu dugun irudia igurikimenez hornituta dago, gure autokontzeptua eraikia da, besteon itxaropenen laguntzarekin. Gizarteak helarazitako igurikimen horien artean unibertsitatera joatea, bikotekidea izatea edota emakume bezala seme-alabak edukitzea aurkitzen ditugu.

Itxaropen kulturalez gain, familiak sortutakoek ere eragiten gaituzte. Maitasuna, arreta edota gure senitartekoen mesedea galtzearen beldurrez, familiak, kontzienteki zein inkontzienteki, inposatutako zenbait baldintza onartzen ditugu. Orduan, familiaz kanpoko pertsonekin harremanetan jartzerakoan, zenbait igurikimenek gure bizimoduan negatiboki eragiten dutela kontura gaitezke; horiek, gure garapenean bizi zama bat suposatzen dutela hautemanez. Esate baterako, gure ikasketak edo ogibidea aukeratzerako orduan familian egozten dizkiguten nortasun etiketak –“gaiztoa”, “bizkorra” edo “egokia” bezalakoak –, gure seme-alabei futbola gustatu behar zaiela islatzen diegunean edota erotikaren errealitate bakarra helarazten duten mezuak.

Pertsonen gehiengoak, kanpotik inposatutako helburuak betetzeko ahaleginak egiten ditugu, gure denboraren zati handi bat berez nahi ez ditugun ekintzak burutuz emanez edota aurrera jarraitzeko hitzartutako bizimodu mugatu bat eramanez. Baina zer gertatzen da itxaropen edo igurikimen horiek osatzen dituzten eskemetatik ateratzen garenean? Alde batetik, egiteko era berriak bilatzen dituenarengan errudun sentimendua agertzen da, eta, bestetik, igurikimenak dituenarengan frustrazioa sortzen da.

Azken finean, guztiok aurkitzen gara txanpon beraren bi aurpegiekin. Pertsona guztiok milaka ezaugarri ditugu eta berriak geureganatzeko gaitasuna ere badugu. Beste askotan esan bezala, aldaketa prozesua gizakiaren berezko ezaugarria da. Mila modutakoak gara, ezaugarriak gugan batutzaileak direlako, gugan bizi baitira beraien artean antonimoak diren ezaugarriak, une egokian ateratzeko prest, gure mundu emozionalaren lanabes lagungarri zorroztu gisa.

Gakoa, gure buruari, zein besteei, izateko baimena ematea da. •

saioaaginako@gmail.com