Amagoia Mujika eta Maider Iantzi
Elkarrizketa
Xabi Maia Etxeberria

«29 urterekin hasi nintzen bertsotan Baztango bertso eskolan»

Bera da finalista berri bakarra (Elizondo, 1981). Gainontzeko zazpiak duela bi urte ere finalean izan ziren. Badaki fokuak gainean izango dituela, finalista berriaren etiketa kopetan itsatsita igoko dela oholtzara, eta hain justu horren kontra egin nahiko luke. Alegia, ez dadila igarri aurretik final batean egon gabea dela. Eta, ahal bada, ezusteko ederren bat eman dezala, «gogoan hartzeko moduko aleren bat». Xabi Maia finala bizitzen saiatuko da, «gutxitan izango dudalako horrelako aukerarik».

Zer moduz pasatu duzu final bezperako astea?

Penitentzia aste hau, ezta? [barrez]. Baditut barruan bueltaka dabiltzan mamutxoak eta barne beldurrak; ea prestatuta nagoen horrelako plaza handi bati aurre egiteko... Hori da buruan darabildan ardura edo kezka. Espero dut baietz. Ni saiatuko naiz final duin bat egiten. Postuak ez nau arduratzen, dagoeneko nire helburuak ondo beteta daude. Baina saiatuko naiz eguna bizitzen eta finala gozatzen, ez dadila di-da pasatu ni konturatu gabe. Ez nuke finala zukutu ez dudan sentipena izan nahi.

Finaleko aurpegi berri bakarra.

Duela bi urteko finaletik zazpik errepikatzen dute eta ni naiz aurpegi berri bakarra. Badakit jende askok ez nauela ezagutzen eta ez nauela sekula entzun kantuan. Gustatuko litzaidake zeozer ona eskaintzea. Oholtzara igo, lehenengo dardarizoa pasa eta bertsotan egitera, hori da buruan daukadana. Nirea eman nahi dut eta lortzen badut, gustura geratuko naiz.

Lehen plaza, 2010. urtean. 2013an, lehen txapelketa, 2015ean, bigarrena eta, 2017an, lehen finala.

Baztango bertso eskola 2009. urtean sortu genuen eta helduak ginen denak. Ni 29 urterekin hasi nintzen bertsotan. Bertsozalea banintzen, baina bertsotan egiteko aukerarik ez nuen sekula izan, hemen inguruan ez genuelako bertso eskolarik. Ez geneukan bertsoa egiteaz jakintza minimorik. Bertsozaleak ginen eta elkartu egin ginen. Astean behin geratzen ginen lagun kuadrilla bertsoaren aitzakian. Ez genuen inongo helbururik, pixkanaka pausoak ematen hasi ginen eta 2010ean izan zen nire lehen plaza, baina oso etxeko giroan. Azkenean, baina, zurrunbilo horretan sartu ginen eta pentsa noraino iritsi naizen aurten.

Berandu deskubritu zenuen barruan daukazun bertsolaria.

Saltsa aunitzetako perrexila izan naiz ni eta asko mugitu izan naiz, batez ere kirolaren inguruan. Futbolean entrenatzailea izan naiz urte askoan, goi mailako tituluak dauzkat. Horrek denbora asko kentzen zidan eta agian ez nien denbora nahikorik eskaintzen nire gainontzeko zaletasunei. Heldutasunera iritsita, gauzak garbiago ikusten dituzularik bizitzan, konturatzen nintzen beste har bat sortzen zitzaidala buruan. Futbolarekin lasaixeago nengoela, burutu nahi nituzkeen beste gauza batzuei hasi nintzen arreta jartzen, nire erronka txikiei. Eta bertsoari orduan lotu nintzaion. Bertsolari berantiarra, beraz. Baina bertso munduan adinik ez dagoenez...

 

Jarraitzen duzu futbolaren munduan?

Hamar urtez ibili nintzen erregional eta hirugarren mailan entrenatzen. Asteburuetan dena pilatzen zitzaidanez, erabaki nuen batean edo bestean zentratu behar nuela. Eta erabaki nuen bertsoarekin pasatu nahi nituela nire egunak. Azken hiru urteetan futboletik pixka bat apartatu naiz –gutxienez eguneroko lan horretatik– eta bertso munduan sartu naiz gehiago. Ni gauza batean sartzen naizenean buru-belarri sartzen naiz. Gauzak erdizka egin baino, nahiago izaten dut ongi egin eta eskatzen didan denbora eskaini. Orain bertsoari eskaintzen diot nire denbora eta gustura nabil.

Futbola eta bertsolaritza. Oso desberdinak al dira bi munduak?

Oso desberdinak. Bertsotan bakarkako lanak eta etxean egin beharreko lanak garrantzia handia daukate, nahiz eta gero astero bildu lagunekin bertso eskolan aritzeko –batez ere txapelketa garaian–. Baina bertsoa bizitzeko modua oso pertsonala da. Futbolean, berriz, ez, taldearen garrantzia nabarmena da. Nire izateko moduan oso era desberdinean eraman ditut bi gauzak. Ez diet modu berean aurre egiten futbolari eta bertsolaritzari.

Bertsolaritzan ere talde lana egiten da, ezta? Badago ardura kolektibo bat saio guztien aurretik.

Bai, eta horretan sakondu beharko litzateke gehiago, nire ustez. Asteon finalisten artean aipatzen aritu gara zein garrantzitsua den oholtza baten gainean bertsolarien arteko konplizitatea transmititzen asmatzea. Ondokoari entzun, haren elkarrizketari jarraitu, adarra jo elkarri... hori transmititzen asmatzen denean izugarria da. Akaso, txapelketa ez da konplizitate hori plazaratzeko plaza errazena, norberaren helburuak hor daude, puntitis deitzen duguna hor dago.... Baina lortzen denean, izugarria da, bai bertsolarientzat, baita entzuleentzat ere.

Nolakoa izan da aste honetako zure beroketa?

Mendi bueltaxka batzuk eta kirola egin. Aurten mendiarekin eta paseoan egin ditut nire entrenamendurik onenak, tarteka bertsoren bat botaz. Saiatuko naiz nire burua Anaitasunan kokatzen, nire buruan proiektatzen, gero hara iristean kolpea ahalik txikiena izan dadin. Uste dut lanketa handiena egina dagoela eta azken egunetan ez dut gauza arrarorik egin nahi izan.