Ion Salgado
infraganti

IRATXE GOMEZ

Iratxe Gomez da Siri Apple etxearen aplikazioko ahotsaren atzean dagoen emakumea. 43 urte ditu, Zamudiokoa da eta gaur egun Dulantzin bizi da, Gasteizetik gertu. Huelvako Komiki Azokan parte hartu ondoren bere aurpegia hainbat komunikabidetan atera da. Eta komenigarria da gauza bat argitzea: ez, berak ez dauka iPhone bat.

I Phone edo iPad bat dutenentzako ezaguna da oso Siriren ahotsa. Edo hobeto esanda, Iratxe Gomezen ahotsa. Bai, Apple etxearen aplikazio famatu horren atzean dagoen emakumea euskal herritarra da: Zamudion jaio zen duela 43 urte eta egun Dulantzin bizi da. Eta ez, bere sakelako telefonoak ez dauka sagartxoaren ikurra atzealdean. Applek Gomezen ahotsa jarri zion Siriren lehen bertsioari, 2010ean atera zena, eta, berak azaltzen duenez, «jendeak gehien ezagutzen duena da, denbora gehiago mantendu zelako». Konkretuki, iPhone 6 mugikorra merkatura iritsi arte.

Baina emakume honen historia ezkutuan egon da. Urte luzez inork ez du galdetu nor zegoen Siri aplikazioaren ahotsaren atzean, nahiz eta bere ahotsa telebistako programa famatu batean ere erabili. Bere aurpegia udaberrian eman zuen ezagutzera, Huelvako Komiki Azokan. Gerardo Macias Azokako zuzendariak gonbidatu zuen sari banaketa aurkezteko, eta mahai inguru batean parte hartu zuen Son Goku marrazki bizidunetako pertsonaiari gazteleraz ahotsa jartzen dion Pablo Dominguez bikoiztailearekin eta David Arnaiz Allí Abajo telesaileko aktorearekin batera. «Askok ez ninduten ezagutzen, baina Huelvakoaren ondoren elkarrizketa bat egin zidaten eta ordutik hainbat komunikabidetan agertu naiz», nabarmendu du.

Egindako elkarrizketetan azaldu du zer-nolako ibilbidea egin zuen Siriren ahotsa bihurtu arte. Ibilbide hori aspaldi hasi zen, Gasteizko akademia batean lanean zela. «Ikasle baten amak galdetu zuen ea nork egin zitzakeen telefono bidezko banku zerbitzu baterako ingelesezko eta gaztelerazko grabazioak. Proba bat egin eta nire ahotsa gustatu zitzaien, antza nire ahoskera oso argia zelako. Hala, hautatu egin ninduten eta lanean hasi nintzen; hasieran call center batentzako grabazioak egiten nituen eta ondoren elkarrizketak prestatzen nituen dei automatizatuentzako», azaldu du Ingeles Filologia ikasi zuen Gomezek. «Testua ahots bihurtzeko sistema bat zuten, TTS izenekoa, baina ez zen oso ona, akats ugari zituen. Fonema batzuk ez zituen esaten eta beste batzuk nahastu egiten zituen. Nik txosten bat idatzi nuen, ikusitako arazo guztiekin, eta programa sortu zuen enpresari bidali nion. Badirudi txosten hori esku batetik bestera pasa zela, egun batean Kanadatik dei bat jaso bainuen programaren onurak defendatzeko! Beraien ustez, hobea zen makina bat erabiltzea pertsona batekin lan egitea baino; nik ezetz esan nien. Izan ere, ni estudio batean sar naiteke, nahi dudan testu oro graba dezaket nire ahotsarekin, nahi dudan tonua jar dezaket...», azaldu du.

Enpresari Gomezen ideia gustatu zitzaion, eta, hala, proposatu zioten bere ahotsa jartzea gama altuko autoetan instalatuko zen GPS batean. Hala sortu zen Monica. «Haien ustez, Iratxe ez zen izen hoberena gazteleraz hitz egingo zuen sistema batentzat. Nire ahizparen izena jarri zioten behintzat...», gogoratu du. Monica ospetsua bihurtu zen eta gero eta auto gehiagotan jarri zuten. Futbolari batek bere autoko GPSaren ahotsa sexya izatea eskatu zuela ere gogoan du. Ez du ezagutarazi nahi izan futbolariaren izena. Baina xehetasun bat aitortu du: Alemaniara joan zen estudio batean esaldiak grabatzeko.

Siri edo Monica

Apple multinazionalarentzat lan egitera nola heldu zen ere kontatu digu Gomezek. «Antza denez, Apple etxeak Monicaren berri izan zuen, niri ezer esan ez zidaten arren. Ni grabazio batzuk egitera joaten nintzen, baina ez zidaten esaten bezeroa nor zen. Ez nekien non entzungo zen nire ahotsa», azaldu du. Bere ahotsa Sirirena zela konturatu zenean, Txinan bizi zen. «Telebista Internet bidez ikusten ari ginen eta mago bat agertu zen truko bat egiten. iPhone bat erabili zuen, eta nire senarra harritu egin zen Siriren ahotsa entzun zuenean. Telefonoaren ahotsa nirea zela esan zidan berehala. Bizpahiru alditan ikusi genuen saioa eta, bai, Siriren ahotsa ez zen nire ahotsaren antzekoa, Siriren ahotsa nire ahotsa zen», gogoratu du Gomezek.

Iratxeren ahizpak iPhone bat erostea erabaki zuen, «horrela nirekin eztabaidatu ahal duela dio!». Iratxek berak, berriz, autoko ordenagailuan bere ahotsa, edo, hobe esanda, Monicaren ahotsa, dauka. «Nire aitaren kasua, berriz, ezberdina da. Beste belaunaldi batekoa da eta zaila egiten zaio bere alabaren ahotsa telefono batean nola entzun dezakeen ulertzea. Pentsa, egun batean El Gran Wyoming telebista aurkezleak Sirirekin hitz egin zuen bere saioan eta nire aitak galdetu zidan ea noiz egon nintzen bertan...», dio barrezka. Iratxeren semearen jarrera zeharo bestelakoa da, «ume batentzako halako gauzak ‘ulertzea’ askoz errazagoa baita. Autoan sartzean uste du ni naizela aitari nondik joan behar duen esaten. Bere ama munduko emakume azkarrena dela uste du, dena dakiela, eta, horregatik, normaltasunez ikusten du guztiok bere amari galderak egitea!».

Ildo horretan, jendeak Siri gutxi erabiltzen duela uste du Iratxek, nahiz eta aplikazio baliagarria izan. «Siri laguntzaile pertsonala da eta gauza berriak ikasten ditu erabiltzen duzun ahala. Emandako erantzunak gorde eta zure gustuak kontutan hartzen ditu. Halaber, gordetzen du nondik ibiltzen zaren, jateko lekuak gomendatzen dizkizu... Telefonoa konfiguratzeko ere erabil daiteke», azaldu du.

Eta badirudi kasu batzuetan maitasuna sortu dela telefonoaren jabearen eta Siriren artean, “Her” filmean Joaquin Phoenix aktoreari gertatu bezala. «Lehen elkarrizketa argitaratu ondoren Facebook blokeatu behar izan nuen: ezezagunek lagun izateko eskaerak bidaltzen zizkidaten, mezuak... Mundu guztitik heltzen ziren mezuak, Ameriketan ere nire ahotsa erabiltzen baitute. Azken asteetan Hego Amerikako hainbat komunikabidek egin dizkidate elkarrizketak».

Proposamen ugari jasotzen ditu. «Batzuek Siriren ahotsarekin senide batentzat grabazio bat egiteko eskatzen dizute, beste batzuek proposamenak bidaltzen dizkidate... Hori bai, diruari buruz hitz egiterakoan, ez dute erantzuten. Jendeak gauzak dohainik nahi ditu!», azpimarratu du egun langabezian den Gomezek. Oraindik ere noizbehinka Monicak esan behar dituen esaldi berriak grabatzen ditu, baina horretaz aparte ez du bikoizketarekin lotutako lan askorik egiten. «Sonora estudioak deitu izan dit bideo jokoak bikoizteko eta iragarkiak grabatzeko, baina lan gutxi dago eta dena oso zentralizatuta dago estudio gutxi batzuetan», nabarmendu du. Hala ere, berak baikortasunez begiratzen du aurrera. •