Iñaki Altuna

Katalunia, Euskal Herritik so eginda

Kataluniako Legebiltzarrean izandako saioaren ostean, oso gertaera garrantzitsuen atarian gaude, hori da behintzat sortu den sentsazioa. Prozesu politiko honek urte batzuk badarama jira eta buelta, eta batzuetan sortu izan ohi da errepikapenaren pertzepzioa, muga bat ezin gainditu zeudela-edo; azken batean, estatuek altxatzen dituzten hormatzarrak (bortxaz eta legez) pitzatzea, zulatzea ezinezko ere bihurtzen delako. Oraingo honetan, ordea, badirudi “pantailaz pasako” dutela katalanek burujabetza ibilbidea. Oraingo honetan ahaleginduko dira bederen.

Hala eta guztiz ere, suma daiteke euskaldunok berez hain hurbil sentitu beharko genukeen prozesua, are gehiago beste estatus politiko bat urtetan aldarrikatu ostean, ez garela merezi duen tamainan bizitzen ari. Arrazoi ezberdinak ditugu hori azaltzeko.

EAJk eta, bereziki, Urkulluren agintaldiak sortu nahi duten giro otzanak eta eskasak bere lana egin du, Kataluniarekiko urruntasuna sortzeko eta, aldi berean, Mariano Rajoyren posizioa errazteko. Entzun besterik ez dago Kataluniako Gobernuaren jokabidea gaitzesteko PPko bozeramaileek nola losintxatzen duten EAEko lehendakaria.

Ezin dela mimetismorik egin, herri prozesu ezberdinak direla eta antzeko beste zenbait argudio erabiltzen dituztenean, berezko bide propioari balazta jartzeko nahia eta erabakia baizik ez dute ezkutatu nahi jelkideek. Pagotxa berriro ere 78ko erregimena arnasketa lagunduaren bidez mantendu nahi dutenentzat. Jakina bi herrien artean ezberdintasun asko dagoela eta bakoitzak bere bidea egin beharko lukeela, baina hori ezin daiteke aitzakia izan biderik ez egiteko, edo egungo eredu autonomikoaren erreforma hutsean gelditzeko. Esanguratsua izan da, zentzu horretan, Podemos Euskaditik egituratzen hasi diren diskurtsoa. Badirudi erregimen bat hankaz gora botatzera etorri zirenek Estatutuaren eguneratze soil batean jarriko dutela azkenean helmuga. Pagotxa berriro ere hilotza bizirik dagoela sinetsarazi nahi dutenentzat, kastarentzat.

Kataluniari begiratzeko orduan, ezkerreko independentismoan ere aldez aurretik pentsa zitekeen baino hoztasun handiagoa sumatu da askotan. Akaso, azken gertakariekin piztuko da pasioa. Hala bada, datorren larunbaterako Gure Esku Dagok deituriko manifestazioak jende andana elkartu beharko luke. Eta ELAk eta LABek aldebakarreko prozesu bat garatzeko egindako proposamena bezalakoek ere indarra hartu beharko lukete. Orain arte, ordea, Kataluniari dagokionez uzkurtasuna izan da nagusi zenbaitetan. Sentipen txatxurik ere ibili da barrenetan: «ez dute, bada, katalan hauek lortuko guk, hainbeste borroka eginda, lortu ez duguna»…

Ulergaitzagoa da oraindik, duela urte batzuetako adibide bat jartzearren, Burgos hiriko Gamonal auzoko errebolta hark batzuengan nazio oso baten independentzia prozesu batek baino lilura gehiago sortzea, hemengoa, Euskal Herrikoa, zerbait izan bada, askapen nazionaleko borroka eta prozesua izan denean. Zerbait izango bada aurrerantzean, baita justizia soziala eskuratzearen bidean ere, kontraesan nagusi horren korapiloa askatzearen ondorio izango denean.

Are gehiago, Euskal Herrian hamarkada hauetan nazio auzia dela-eta egindako borroka eta lana, garatutako kritika eta protesta izan dira Espainia deituriko proiektu atzerakoia ez egonkortzeko faktorerik nagusienetakoak. Auzitan egon bada, nagusiki, Euskal Herriarekin izandako gatazkaren ondorioz izan da. Bistan da, alabaina, urte hauetan ez dela lortu aldaketa politiko eta sozialaren bidetik beste egoera bat erdiestea. Modu ulergarrian azaltzeagatik, ez zen KAS Alternatiba eskuratzerik lortu. Eta zentzu horretan ulertu behar da ezker abertzaleak duela jada zazpi urte egindako estrategia aldaketa sakon hura. Eta Katalunia hori bera baieztatzen ari da; alegia, bidea burutzeko ez dagoela gehiengo herritar handiak sortzea baino beste aukerarik. •