Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Udazken koloretan...

Badator udazkena, zuhaitz hostoak kolore anitzez jantzita. Berdeak, marroiak, gorrixkak, urre koloreak… lirain daude basoak.

Bideetan hosto mordoa jausita, hosto mordoa dantzan. Gure ondotik maite dugun pertsona bat joaten denean, hostoaren antzera eten egiten da mundu honetako harremana, baina ez betiko harremana. Gaur egun hainbat eta hainbat teoriak dioten moduan, ba omen dago haratago ere bizitza. Hor bakoitzaren usteak eta fedeak dute lekua.

Baina zein ezberdina den nola eta noiz hiltzen garen. Hau da, udazken garaian hiltzea, zahartzaroan, aitona-amona bihurtuta, bizitzaz gozatu eta gure ibilbidea egin ondoren edo… 40 urte bete berri. Are eta gogorragoa da oraindik haurrak hiltzen direnean. Txikitatik jasotzen dugun ideia da denok zahartzaroan hilko garela, eta gu gure seme-alaben aurretik. Hori baita bizi legea! Baina, tamalez, askotan naturak bere lege zaharrak puskatzen ditu, eta gure seme-alaba txiki naiz nerabeen heriotzari aurre egin behar diogu, zurbil.

Gerta daiteke ere udara goxoan, helduaro eztian, 48 urterekin joatea. Eta hori ere ez zaigu ondo etortzen, maite dugunaren heriotza normalean inoiz ez zaigulako ondo etortzen.

Lagun baten semea moto istripuz hil zen, eta emakume batek esan zion beste bati: «Hil zen bihurgune hori ez zen, bada, bihurgunerik txarrena». Eta askotan lanera noala pentsatzen dut nire baitan semea hiltzen den bihurgune hori dela zalantzarik gabe munduko bihurgune guztien artean txarrena.

Nola hiltzen garen ere garrantzitsua da dolua lantzeko garaian. Heriotza naturala izan den, hildakoak bere buruaz beste egin duen, lan istripu edo gaixotasun bat izan den tartean, indarkeriarik izan denIzan ere, doluaz gain beste emozio batzuk nahastu daitezke (amorrua, kulpa…), eta, ondorioz, dolua asko korapila daiteke, edo ez.

Eta buruari bueltaka hasten gara behin eta berriro, zurrunbilo bat bailitzan. «Zergatik ez nion esan hura? Eta beste hura? Zergatik haserretzen nintzen hainbeste? Zergatik gertatu zaio berari? Bi umeren aita gaztea zen...». Eta denboraren poderioz, laguntza handiz eta indarrak lagunduta, galderoi pixkanaka-pixkanaka erantzunak ematen joaten gara. Eta galderetatik onarpenera pasatzen gara. Batzuk lehenago eta besteak beranduago, bakoitza bere tempo propioan.

Udazken koloretan Iratiko basoan egon daitezkeen kolore adina modu daude dolua egiteko. Eta denak dira zilegi. Batzuetan joera izaten dugu besteen doluak epaitzeko; «gizona hil zaio eta beste batekin ikusi dut», «semea hil eta ez du negarrik egiten», «bi urte pasa dira eta dagoeneko buelta emanda behar luke»… eta justu horrek ez digu laguntzen. Gure dolua gurea da eta laguntza da behar duguna: norbaitek atea jo eta kroketa batzuk eskaintzea, haurrak ikastolara eramatea, terapiara joaten laguntzea. Besarkada isilak, belarri goxoak isilik entzuten dutenak, eta, batzuetan, isiltasunean alboan egoten dakiten pertsona zoragarriak…

Modu berean dolu mota asko daude: banaketak, heriotzak, herri aldaketak, lan aldaketak…. eta bakoitza pertsona horrentzat garrantzitsua. Dolua landu eta banaketa hori onartu eta asimilatzearekin batera, berriz dator bizitza, naturak egunero oroitzen digun bezala, jaio eta hil egiten garelako eta direlako… Udazkenaren eta neguaren ondoren udaberria baitator! Benito Lertxundik kantatzen duen bezala...

Udazken koloretan,

landen lurrinak

zeharkatuz,

hitaz oroit

eta higan nauk.

Zuhaitz biluziaren

gerizpean orpondoa,

orbelaren hilobi,

horiz eta gorriz

dena lokarturik,

dena lokarturik.

Eskuratu hostoa

xume bezain eder,

hain soila bere heriotzean,

zuhaitz guztiaren

bizkortasunez hain betea,

non erortze honen duintasunak

hiri kantatzera naraman.