Laura Mintegi

«Dies que duraran anys»

Egunotan Katalunian bizitzen ari garena ikasiko da eskoletako testu-liburuetan eta zuzenbide fakultateetan. Soziologiak eta gizarte zientziek aztertuko dute. Politikagintzak eta gizarte mugimenduek ezinbesteko erreferentea edukiko dute hemendik aurrera. Zirraragarria da norberaren begiez ikustea, orduz ordu, egunen batean irakasgai izango dena liburuetan.

Lerro hauek idazten ditudanean jakin dugu astelehenean bilduko dela Kataluniako Parlamentua eta ez dakigu zer gerta daitekeen hurrengo egunetan. Ezarritako sistema irauli egiten den unean ezinezkoa izaten da aldez aurretik jakitea zertan amaituko den iraulketa, baina badago esaterik inoiz ez dela itzuliko aldez aurreko egoera berberera.

Iraultzaren ezaugarrietariko bat da ustez ez dela ezer gertatzen tupustean dena gertatzen den arte. Eta ordura arteko hesia behin gaindituta, ez dago jakiterik noraino helduko den gainezkatzea, norainoko indarra izango duen bulkadak.

Zaila da eferbeszentzia uneetan kalkulu objektiboak egitea. Iraulketaren irismena atzemateko begiratu diezaiokegu eferbeszentziaren oinarriari, sendoa ala ahula den, azalekoa ala sakona, gertaera batzuek eragindakoa ala mendez mende joan den eraikitzen, gertaera askok metatuta. Behaketa horrek lagunduko liguke hautematen gainezkatzea apar hutsa den, apalduko den bitsa, ala kabitu ezinean dagoen uholde kontrolaezina. Balora liteke objektiboki, beraz, nondik eta zergatik sortzen den eferbeszentzia, eta jatorriaren sendotasunaren arabera kalkulatu noraino hel daitekeen.

Baina egiazko iraulketan, iraungo duen iraulketa germinalean, ez-nahikoa da faktore objektiboak behatzea. Behaketa horrek ez digu emango gainezkatzearen tamaina, faktore subjektiboa delako garrantzitsuena. Prozesu politiko (artistiko, zientifiko) sortzaile guztietan inoiz ez da falta elementu subjektiboa. Ezinbestekoa da subjektuaren (edo subjektuen) determinazioa, bidean jarritako oztopo guztiei aurre egingo diena, mehatxuek kikilduko ez duten determinazioa. Subjektibitateak ahalbidetzen du eraldaketa, ezer ez zegoen lekuan zerbait sortzea, zaharretik berria jaiotzea. Eta berria ezin da aurkitu, ezta atzeman ere, zaharraren espazioan. Horrexegatik da aurreikusezina, eta horrexegatik ezin da jakin zertan amaituko den oraindio burutu gabe dagoen prozesu iraultzailea. Subjektibitatea ez baita neurgarria orainaldiaren aurreko faseetan. Badiouk argi asko azaldu zigun.

Lerro hauek idazten ditudan unetik argitaratu arteko hiru egunetan gauza asko gerta daiteke Katalunian. Edozer gertatuta ere, erratzeko arrisku handirik gabe esan daiteke egun hauetan ari garela bizitzen dies que duraran anys. Ezer ez baita izango berdin indibiduoa subjektu bihurtzen den unetik aurrera, buruaskia den subjektuak bere etikaren arabera jarduten du-eta. Araudia hautsiko du etikaren aurka badoa. Moral berria ezarriko du etikan oinarrituta. Ez du ezagutuko egiaren aurka doan egitaterik eta, horrela, erostezina da. Ezin da erosi egituratik atera eta buruaskia den subjektua.

Poza, euforia, lasaitasuna eta enpatia dira subjektibatizatuta dagoen pertsonaren ezaugarriak. Horregatik besarka dezake senyera estelada daramanak bandera espainiarrean bilduta dagoen manifestaria. Badakielako egiaren alde ari dela, etikoki jokatzen duela eta justizia berria eraikitzen ari dela.