Juantxo EGAÑA

Ondarretako presondegian, heriotza gertu-gertuan

Ondarretako presondegia, atxilotze masiboko zentro bihurtu zen 1936ko irailean frankistak Donostiara iritsitakoan. Urte hartako urria eta azaroa bitartean 200etik gora preso handik atera eta Hernaniko kanposantuaren hormetan fusilatu zituzten, eta geroago, Oiartzunen, Beran eta Bidebietako tiro-eremuan. Gerraostean bertan ere, 600etik gora preso Ondarretatik atera eta zenbait lekutan fusilatu zituzten. Jean Pelletier frantses enpresaburuak, Galerna itsasontzian harrapatua eta Ondarretako kartzelan egonak, “Seis meses en las prisiones de Franco” liburua idatzi zuen. Bertan, presoek jasaten zituzten torturen berri ematen du. Liburuko pasarte honetan, Jose Ariztimuño “Aitzol” apaiz ezagunari egindakoak jasotzen ditu. «Hurbileko gelan gizon bat torturatzen ari ziren. Animalia bat jotzen entzutea ikaragarria da, baina gizon bat jotzen entzutea are ikaragarriagoa. Kolpeek luzaro jarraitu zuten. Aieneak garrasi zorrotz bihurtu ziren, gero auhen, gero eta ahulagoak, arnasa galdu arte. Eten egin ziren eta gorpu baten gainean, koltxoi bat balitz bezala, kautxuzko karraken mailuketa baino ez nuen entzun. Oinazeak gutxienez ordubete iraun zuen. Ni izu-ikarak jota nengoen. Ate bat ireki zuten. Biktima agertu zen. Ariztimuño apaiz azkarra zen, Galerna itsasontziko nire laguna. Nekez ezagutu nuen. Odolak begiak lausotzen zizkion eta ezin ninduen ikusi. Kexu zen, oso ahul, eta nekez ibiltzen zen oinez». Ondarretako presoak ageri diren argazkia 1936ko abenduan egina da. Egilea Pascual Marin tuterarra da, Donostiako Garibai kalean argazki estudioa zuena.