Isidro Esnaola

Sobietar Batasunaren kronika sentimental txiki bat

Aste honetan Errusiako Iraultzaren 100. urteurrena bete da. Perestroika garaian unibertsitateko ikasketak egitera Moskura joan nintzen. Erakargarria zen beste sistema sozial eta politiko bat, sozialismoa alegia, bertatik bertara ikustea eta ezagutzea. Gaur egungo egoerarekin aldea nabarmena zen. Kapitalismoa eta sozialismoa banatzen zuen harresiak zutik zirauen. Garai hartan, gainera, ez zegoen egun dagoen informazio jario amaigaberik. Zentzu horretan, nahiko ezezaguna zen bertako egoera erreala. Alde guztietatik propaganda interesatua zegoen. 1985ean Mikhail Gorbatxov alderdi komunistaren idazkaritza orokorrera iritsi zen. Berak bultzatu zuen Perestroikak argi utzi zuen Sobietar Batasuneko sozialismoa ez zegoela bere unerik onenean. Edozein kasutan, sozialismoa berreraikitzeko asmo horrek munduko ezkertiarren artean ilusioa berpiztu zuen.

Testuinguru horretan iritsi nintzen Sobietar Batasunera. Hasierako inpresioak nahiko kontraesankorrak izan ziren. Zenbait esparruk garapen handia izan zutela argi ikusten zen. Esate baterako, irakaskuntza sistema. Unibertsitateak zituen baliabideek eta antolaketak (ikasleentzako egoitza eta zerbitzuak, beka sistema, azpiegiturak...) argi erakusten zuten inbertsio handia egin zuela Sobietar Batasunak punta-puntako irakaskuntza sistema edukitzeko.

Beste gauza batzuetan, aldiz, hutsuneak nabarmenak ziren. Langabeziarik ez bazegoen ere, eguneroko bizitza ez zen erraza: kontsumo aukerak urriak ziren, maiz dendak erdi hutsik zeuden, beti zegoen zerbaiten falta. Horrez gain, saltzaileak orokorrean nahiko baldarrak ziren: beraiek agintzen zuten seinale, ez kontsumitzaileek. Britainia Handitik ihes egin zuen espioi batek zioen moduan, Sobietar Batasuna zen herrialde bakarra non salda hotza eta zukuak bero zerbitza zitzaketen.

Sobietar Batasunari buruzko beste irudi interesatu bat kontrol zorrotzarena zen. Ematen zuen Alderdi Komunistak edota Polizia Sekretuak dena kontrolatzen zuela, gauza guztien gainean zegoela. Praktikan kontrola nahiko formala zen. Harrigarria bada ere, Sobietar Batasuna antolakuntza eredu gisa ez zen preseski nabarmentzen.

Interesgarriena Mendebaldeko komunisten jarrera zen. Gehienek mitifikatuta zuten Sobietar Batasuna. Gabeziak eta hutsuneak ikustean, eta, batez ere, eguneroko bizitzan pairatzean, zur eta lur gelditzen ziren. Dena den, kontu materialekin kezkatzen ziren bitartean, ez ziren bereziki arduratzen gizartean zen demokrazia falta eta kontrol ideologikoarekin. Edozein artikulu, liburu edo albistegik kontsigna berak errepikatzen zituen. Denek aipatzen zituzten alderdi buruaren azken hitzaldia, azken kongresuko ebazpenak edota liburu kanonikoen esaldiak. Horren aurrean kritikarik ez. Defentsa mekanismo gisa, errua errusiarrei botatzen zieten. Eredu sozialista ez zegoen gaizki, ereduak ez zuen akatsik. Arazoa errusiarrak ziren: alferrak, baldarrak, mozkorrak... ziren. Beraiekin ezin zela ezer eraiki zioten. Argudio horrekin erakusten zuten nagusitasun moralak, baina, ez zuen errealitatearekin bat egiten: errusiarrek iraultza egin eta mantendu zuten, eta, aldiz, kanpoko komunistek, ez.

Dena den, defentsa mekanismo hori ez da komunistena soilik. Uste baino zabalduago dago. Inoiz ezer lortu ez duenak, borrokatzen direnei lezioak emateko ausardia eta nagusitasun morala erakusten du sarri. •