Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

HUNKY DORY

Perfume bakoitzak istorio bat du atzean Hunky Dory xarmagarrian; horiek bilatu eta eskaintzen dituzte Maddalen Marzol eta Eva Chartonek. Usain bakoitza beste herri batzuetara bidaia bat ere bada, lorez, fruituz betetako paisaietara bidaia. Lurrinekin jolastu eta gozatu egiten dute, eta berezi sentiarazi. Adimena ireki eta usaimena zorroztu.

Deitura berezia jarri nahi zioten lurrin dendari, halako saltokiek izan ohi dituzten izenetatik ezberdina zen bat. “Hunky Dory Laboratory”. Errima du; musika, jolasa dirudi. Eta hala ulertzen dute Donostiako Zubieta kalearen eta Zaragoza plazaren artean dagoen espazio ttipi eta panpoxa. «Usaienekin jolasteko tokia da. Ohiko kate eta dendetan ez dauden lurrinak aukeratzen ditugu; zirkuitutik kanpo daude erabat hemen topatu daitezkeen lurrinak. Usainekin jolasteko eta gozatzeko gaude», dio Maddalen Marzolek.

Eva Charton eta Maddalen Marzolek diotenez, ezin hobeto ulertzen du elkar. Biek hala biek izugarri gozatzen dute lurrinekin, usaimena oso garatuta dute, findua, eta osagaiak banan-banan zenbatzeko gai dira. Lurrinak biluzten dituzte. Perfumeei dagokienez, hizkuntza bera hitz egiten dute; hala, duela bi urte pasatxo beren ibilbideak batu eta Hunky Dory erditu zuten. Sektorea oso ondo ezagutzen dute; Charton lehenagotik ere profesionalki mundu honetan aritutakoa zen, eta, Marzol, modu libreago batean, kolaboratzaile eta aholkulari gisa. «Batak bestearen irizpidean itsu-itsuan sinisten dugu, eta hori oinarrizkoa da», dio Chartonek.

Afizioaz gain lurringintza ogibide ere baduten arren, guztia prozesu natural baten ondorio izan da; urrats batek beste bat ematera eraman ditu, gaur arte. «Mundu honek harrapatu egiten zaitu. Usain motak ezagutzen hasten zara, ondoren atzean dagoena, zein istorio duen bakoitzak… Izan ere, kopuru txikian ekoizten diren lurrinok istorio bat izaten ohi dute atzean. Eta horiek ezagutzean, perfumegileen berri izatean, zein den beren inspirazioa eta zergatia, gehiago jakin nahi duzu», diote.

Ideia argia zen: lurrinak saltzea, bai, baina ezberdinak, ezezagunak, eta usaintzean bezeroa aho zabalik utziko zutenak. «Usainen munduan murgiltzean ohartzen zara honek ez duela zerikusirik ohituta zauden horrekin. Kalitatea askoz altuagoak da eta usainok ez daude batere usainduak. Eskema jakinik ere ez dago, alegia, ezin da esan neskentzat bainila ukitua dutenak direla eta mutilentzat egur kutsua dutenak». Hala, behin atea gurutzatuta, adimena irekitzera gonbidatzen dute. Usainak aukeratzeko aholku erreazak eta sinpleak jarraitu behar dira. «Librea eta askea da mundu hau, bakoitzak sentitu behar du usaina».

Superbotereak

Lurrina erabiltzen duen orok ditu nahiago usain batzuk besteak baino; horietatik abiatuta hasten da perfumearen bilaketa. Maiz, nortasunarekin ere zerikusia du. Diotenez, eta orokorrean hitz eginda, look deigarria duen pertsona batek presentzia duen lurrina bilatzen du; sumatzea nahiko du. Aitzitik, pertsona lotsakorra bada, edo arreta deitzea oso gustuko ez badu, usain diskretuak bilatuko ditu. «Garrantzitsuena eroso eta identifikatuta sentitzea da, ondo ordezkatzen zaituela sinistea. Superbotereak ematen dizkizula sentitzea ere –dio Marzolek–, ematen duzun unean halako bultzada sentitzea egunari aurre egiteko. Usainek gaitasun hori dute, eta hori ederra da, handitu egiten zaituzte».

Ohiko zirkuitu komertzialetik at daudenez, zaila izango da usain bera duen inorekin topo egitea. Gaur egun, Marzol eta Chartonek diotenez, herritarren gehiengo handi bat lauzpabost lurrin oso ezagunen kontsumitzailea da. Zentzu horretan, lurrinei ere janzteko garaian beste atal batzuei ematen zaie garrantzi bera ematea gomendatzen dute, usaimena zaintzeaz ez ahaztea. «Janzten duzun hori borobiltzeko modua da, ondo amaitzeko. Zein zapata edo poltsa aukeratu ondo pentsatu eta gero mundu guztiak erabiltzen duen perfume bera jartzea pena bat da. Lurrinen bidez besteengandik ezberdindu gaitezke. Zure nortasun propioa izan nahi duzunean, eta hori azpimarratu, asmo horrekin koherente izateko modu bat da. Perfumearen bitartez besteengandik ezberdintzen saiatzeko ariketa da».

Apalategietan txukun txukun jarrita dauden lurrinek hori posible egiten dute. Adibide bat jartzearren, Hunky Dory dendan badaude zenbait perfume Estatu espainiarrean bertan bakarrik topa daitezkeenak, edo Europa osoan bospasei saltokitan soilik. Hori ezberdintasuna markatzea da eta hori aitortu zaie hain justu iragan astean, Gipuzkoako Merkatarien Federazioak eman dien “Singular Dendak” zigiluaren bidez. «Globalizazio garaiotan halako errekonozimendua jasotzea oso pozgarria da. Gaur egun hiriek elkarren arteko antz handia dute, denda eskaintzaren aldetik behintzat. Ezberdinak diren dendei aitortza egitea eskertzekoa da; Donostian bizitza osoa lanean daramaten denda mitikoekin batera izan ginen errekonozituak, eta zoragarria izan zen», aitortu dute.

Usain puruak

Zoragarria ere bada, eta harrigarria, entzutea badutela perfume bat Irango arrosa berezi batekin egina. Urtean zenbait astez baino ez da jaiotzen, eta 10 ml-ko esentzia ekoizteko 12.000 petalo erabiltzen dira. Usaintzean deskubri daiteke benetan nola usaintzen duen arrosa lurrin batek, eta ohar zaitezke ordura arte ezagutu dituzun ustezko arrosa usaineko lurrinak mozorro hutsa direla. Marzolek marrubizko jogurtarekin gertatzen denarekin alderatzen du. «Badiote marrubi zaporea duela, nahiz jakin badakigun marrubiek ez dutela zapore hori…».

Miresgarria da ere Siziliako herri batean bilobek aitonaren tradizioari nola jarraitu dioten jakitea. Hark, alkimista artisaua, lurrinak egiten zituen Noton. Via Dei Mille kalean gertatzen zen hura guztia eta izen horrekin abiarazi dute bilobek perfumeak egitearen abentura. Hori da, hain zuzen, Hunky Dory dendara iritsi den azken usaina. Hiru lurrin, osagaietan oso sinpleak: almendra, laranja-lorea eta jasmina. «Aho zabalik gelditu ginen orain hiru aste lurrinen ordezkaria gugana heldu eta egiten dutena erakutsi zigunean. Konposizio aldetik ez dira gauzarik kreatiboena, baina usaintzean bertan ohartu ginen oso lurrin ona zela. Unean bertan jakin genuen eskuartean genuena ezberdina zela». Horixe da filosofia, ekartzen duten produktu berri bakoitza besteekiko ezberdina izatea, ekarpen berri bat izatea; bestela ez luke zentzurik, uste dute.

Kalearen eta atearen muga gainditzea kosta egiten dela jakitun, lotsarik ez izateko deia egiten dute. Bitartean, aholku bat lurrina jartzean: hobe pultsua dagoen lekuetan ematea, hau da, eskumuturretan eta lepo alboetan. Eta sekretutxo bat: belaunen atzean emanez gero, gonaren mugimenduak barreiatuko du usaina.•