Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Lagun minak

Lagunak egiteko modu asko daude, baina lagunak berresteko moduak ez horrenbeste. Batzuk transzendentalak dira, «hor zeunden behar nuen momentu gogorretan» eta halakoak. Beste batzuetan, baina, detaile ñimiño batek gainditu egiten du lagunaren eta lagun minaren arteko langa, azken tantak edalontzia gainezkatzen duen moduan.

Wroclaw, Polonia, 2010. Artean ez zen oraindik Europako Kultur Hiriburu Donostiarekin batera, eta ez genekien hiriaren izena ongi ahoskatzen. Aste Santua zen, hotz egiten zuen eta noraezean genbiltzala zirudien, hirian bizi zen laguna gida lanetan ibili arren. Metro batzuk atzeratua nenbilen ni, ageriko interesik gabeko detaile batean tematua: publizitate-kartel bat. Maiz gertatzen zait.

Valentina, zeina multzo nagusian zihoan, buelta eman eta nigana hasi zen oinez. Nabarmen zuen zerbait niri esateko, baina ezin jakin zer zen topo egin arte, ez baitzen garrasika hasteko bezain garrantzitsua. Tentsio narratibo zipriztin bat hiri post-sobietarrean. Topo egin genuen, azkenean: «Ander, uste dut hango eraikin hori asko gustatuko zaizula».

Eraikina, esan gabe doa, asko gustatu zitzaidan, egoera kaskarrean mantendu arren. 60ko hamarkadako etxebizitza eraikina da, Ryszard Natusiewicz arkitektoak diseinatua Nowy Targ plazako 22-27.ean. Luzea izanagatik –200 metro ia–, bolumetrikoki ongi erantzuten dio giza-eskalari, altuera ezberdin, pasabide, atzeraemate eta balkoiek sortzen duten jokoari esker. Hormigoizkoa da edifizioa, baina beheko solairuak beirazkoa du fatxada eta honek arintasuna eta bizitza ematen dizkio eraikinari. Gainontzeko solairuetan hormigoi laua gailentzen zaio beirari ongi zaindutako konposizioan, azken solairurako utziz geometria eta testura aldetik lizentzia formal handienak.

Bertara hurbildu bitartean, arkitekturaz aritu ginen hizketan biok, eraikina zerk egiten zuen berezi deszifratzen. Hiriko arkitektura-gidan azalduko ote zen galdetu genion elkarri. Baietz, nik. Gutxitan izaten dut zerbait asmatu izanaren satisfazio txatxu hori eta ongi gordea dut ordukoa.

Duela hilabete batzuk itzuli nintzen Wroclaw-era, Kultur Hiriburutza urtea amaitzear zela. Hiriaren izena ongi ahoskatzen ikasi dut, «frotzuaf»-etik gertuago «broklau»-etik baino. Nowy Targ plaza berritu egin dute, eta plazaren distirak are nabarmenago uzten du Natusiewicz-en eraikinaren egoera tamalgarria. Polonia post-sobietarrean, komunismo usaina duen ia guztia dago estigmatizatua, arkitektura ona barne. Ez naiz optimista. Kokalekua ikusita –hiri erdigunean–, nago norbaitek begiz jota duela eraikina, erortzen utzi eta zer edo zer profitagarriagoa altxatzeko.

Aurrekariak ikusirik, Valentina, ez zaigu gustatuko. •