2017/12/30

Iñaki Altuna
A8ra iristeko sei gako

ETAren armagabetzea izan da urteko albiste nagusietako bat. Apirilaren 8n egin zen baina, tamaina honetako edozein gertakari historikok bezalaxe, aurrekari garrantzitsuak (Luhuso) izan zituen eta ondokoak (Paris) ere izan eta izango ditu.

Desarmea, euskal bidea”, Iñaki Egañak idatzitako liburua gutxi barru kaleratuko da. Aurten izandako gertakari garrantzitsuenetako bat sakonki azaltzen du. Armagabetzea ekarri duen prozesuaren erraietara sartzeko lana. Horretatik atera ditugu ondoko sei titularrak, armagabetzea lortzeko beste horrenbeste gako azaltzeko.

ETAk bere irizpideak finkatu ditu: azkar, osoki eta zalantzarik utzi gabe egin behar da

2016ko uda iristeko ETAk armagabetzea egiteko kontuan hartu beharreko hainbat irizpide iragarri zien alor horretan ari ziren eragile batzuei. Izatekotan, azkar, osoki eta zalantzarik utzi gabe egin behar zen. ETAk ez zuen nahi gai honetan «denboran luze iraungo duen borroka-fronte» moduko bat. Hilabete batzuk lehenago barne kontsulta egin zuen ETAk hainbat kideren artean, eta bidea jorratzeko barne adostasun handia zuela egiaztatu zuen.

«Estatu gizon» batek eta ezker abertzaleko kide batek azken bilera bat egin dute, biderik ez dagoela egiaztatzeko

2016ko urriaren 12an, ETAren arma-biltegi garrantzitsu bat desegin zuen Polizia frantsesak. Urteak zeramatzan polizia indarrek kontrolatuta. Egun horretan bertan, Parisen, Frantziako “estatu gizon” batek eta ezker abertzaleko kide batek bilera zuten, aurreko hilabeteetan izandako harremanei segida ematen saiatzeko. Harremanek ez zuten gauza handirik eman ordura arte. Aukera bat soilik zegoen aztertzeko: “erreta” egon zitezkeen biltokiei aterabide bat emanez Estatu frantsesaren eta ETAren artean konfiantza lantzen hastea. Bistan da arma-biltegia desegiteko operazio hura bide hori zapuzteko egin zela urriaren 12 hartan. Handik aste gutxira, aipatu “estatu gizonak” ez zegoela zer egin esan eta paretik kendu zen. Paris ez zen Madrilek markatutako arrastotik aterako. Gertaera hark gizarte zibilaren aukera indartu besterik ez zuen egin.

Tubiana, Etcheverry eta Berhokoirigoinen bilera Parisen: arma guztiak gizarte zibilaren eskutik pasatuko dira

2016ko urte hasieran izan zituzten lehen harremanak gizarte zibileko ordezkariek eta ETAk, zeharka. Urrian bilera izango zuten Parisen Mixel Berhokoirigoinek, Michel Tubianak eta Txetx Etcheverryk. Galdera bat zuten erantzuteko. Armagabetzea sustatzeko ekimen zehatz bat burutzea baino gehiago, prest al ziren ETAren arma guztiak euren eskuetatik pasatzeko? «Bai». Erantzun horrek ekarri zuen oinarri nagusietako bat: gizarte zibilak hartuko zuen armagabetzearen ardura politiko eta tekniko osoa. Ez zuten «garaitu/ garaile» eskemarik onartuko eta, armagabetzeari ez ezik, gatazkaren beste ondorioei ere heltzeko ahalegina egingo zuten, ondoren, Parisko martxarekin, egiaztatu ahal izan denez.

Zuloak zeuden basoetan perretxikoak baino ez zeuden zigilatze prozesuaren aurretik

«Askoz ere lehenago egin zitekeen». Horrelako esaldirik izan da gerora. Egia esan, ez dator errealitatearekin bat. Duela ez denbora asko desarmerako prestatutako biltegiak zeuden basoetan perretxikoak baino ez baitzeuden. ETAren armak bildu eta armagabetzerako prest uzteko prozesua 2014an hasi zen. Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin adostu zuen armak eta lehergailuak inbentariatzeko eta zigilatzeko metodoa. Prozesu hori 2016ko udako atarian amaitu zen. Hori gabe, armagabetzea askoz ere zailagoa litzateke, ezinezkoa ez esateagatik. Halere, zigilatze prozesu hura gutxiesten saiatu ziren batzuk (Lakuak babestu zuen hasieran, baina ondoren kontra ere aritu zen), eta polizia operazio bitartez zapuzten beste batzuk.

Luhusoren eraginez Parisek jarrera aldatu eta horrela adierazi zion Madrili, ofizialki Malagako gailurrean

Luhusoko ekimenak mugarria jarri zuen, eta eskema guztiak aldatu zituen. Hala aitortu zion, “Armagabetzea, euskal bidea” libururako egindako elkarrizketa batean, Cazeneuveren Gobernuko ministro batek Antton Rouget kazetariari. Azkenean, Parisko agintariek lasaitua ere hartu zuten. Gizarte zibila armez arduratuta, ETArekin harremana izatearen kontra PPk ezartzen zuen presiotik ihes egin ahalko zutelako. Bakearen artisauek Estatuarekin negoziazio bideak zabaltzea lortu zuten. Parisek Madril modu ofizialean eta formalean bi gobernuek otsailaren 20an Malagan izandako gailurrean informatu zuen. Halere, ordurako desarmea «egiten uzteko» erabakiaren berri emana zion. Bakegileek apirilaren 8ko data jarri izanak harreman eta erabaki horiek denak azkartu zituen. Aldi berean, Euskal Herriko ia eragile denek eta erakunde guztiek babesa eman zuten. Urkulluren Gobernuak jarri zituen arazo gehien, pribatuki betiere. Ez zuen bakegileen proposamena ontzat eman nahi. Erokeriatzat zuen.

Luhusoko operazioa gertatu eta lau egunera egin zion proposamena ETAk NEB-i

2016ko abenduaren 20an, gutuna idatzi zion ETAk NEB-i desarme osorako proposamena egiteko. Berriro ere, Aieten bezalaxe, nazioarteko parte-hartzea funtsezko osagaia izango da. Nazioarteko bitartekarien eta ezker abertzalearen eskutik goi mailako bi fede-emaile izan ziren apirilaren 8ko armagabetzean: Harold Good apaiz metodista (IRAren desarmean ere parte hartu zuena) eta Matteo Zuppi artzapezpikua (euskal aferari aterabidea emateko saioetan aritu den eta Aita Santuarekin harreman ona duen San Egidio komunitateko kidea).