Ane URKIRI ANSOLA
infraganti

AMAIA ARAIZTEGI

«One wall» pilota modalitateko munduko txapelduna da Amaia Araiztegi. Patri Espinarrekin batera lehiatu zen Kolonbian, Euskal Selekzioaren elastikoarekin. Ezustean hartu zuen gonbita eta lau ordu bakarrik entrenatuta txapela jantzi zuen. Dena den, 2012ko Dublineko bigarren postua bereziagoa izan zen mallabitarrarentzat.

Lau urte zituenetik pilotalekuen barrenean dabil Amaia Araiztegi. «2.000 frontoi inguru ezagutzen ditut, eta oraindik niretzat berriak direnak topatzen jarraitzen dut», dio, pilotak hainbat lagun eta Euskal Herri osoa ezagutzeko parada eman diola gehituz.

Zazpi urte zaharragoa den nebarengatik hasi zen pilotan. «Txikia zarenean zure neba edo ahizpa munduko onena iruditzen zaizu, eta nire kasuan nebaren atzetik ibiltzen nintzen». Orain, ordea, bera da munduko txapelduna “one wall” modalitatean, hau da, horma bakarrean. Patri Espinarrekin osatutako bikoteak Mexiko, Ekuador eta Kolonbia garaitu zituen, finalean berriro selekzio mexikarrari irabazteraino.

«Hiru egunean zortzi neurketa jokatu nituen, eta Patrik hamaika, banaka ere aritu ginen-eta», azaldu du, ahaleginagatiko nekea ibuprofeno kaxa batekin gainditzen zutela azpimarratuz, erdi txantxetan. «Beste selekzio guztiak ekipamendu osoarekin joan ziren, hau da, fisioterapeuta eta guzti. Gu, ordea, jokalariez gain bi hautatzaile eta argazkilariarekin, besterik ez». Dena den, zortea lagun izan zutela onartu du, bertan fisioterapia ikasketak amaitzen zebiltzanen eskuzabaltasuna jaso baitzuten; «eta gaitz erdi. Momentuan bertan ez ginen ohartzen, baina hurrengo egunean iratzargailuak jo eta jaikitzen saiatzerakoan, gorputz osoko mina sentitzen genuen».

Baina gustuko lekuan, maldarik ez. Zaletasunak gidatu du txikitatik, eta Mallabiko pilotalekuan emakume bat ikustea lagungarri izan zaiola aitortu du. «Itsaso [Pradera] beti zegoen bertan, orduan nik betidanik ikusi dut emakumeren bat frontoian». Gainera, mutilei irabazteak ematen zion grina ez du ezergatik aldatzen. «Kuadrillako lagunak kirol ezberdinetan ibili dira, frontoian izan ezik; orduan beti aritu izan naiz mutilen aurka», azpimarratu du.

Halere, mutilen aurka lehiatzeko garai hori atzean utzi behar izan zuen 14 urte betetzean. Esku pilotan aritzen zen ordura arte; «baina heldu zen une bat ez zegoela emakumezkoen txapelketarik, eta garai hori oso kritikoa da: mutilei bizarra hazten zaie eta guri titiak», dio, eta eboluzio prozesuaren eragina indar desorekan areagotzen dela argudiatu du. «Teknikoki, aldiz, adin horretan ez gaituzte gainditzen; beraiek indar handiagoa dute, baina gu abilagoak gara».

Horregatik ekin zion palari, kostata: «Ez zait gustatzen eskuan erreminta batekin pilotan jokatzea, baina Itsasok animatu ninduen. Orain urtean bi edo hiru bider jokatzen dut eskuz, eta jokatzen dudanean munduko zoriontsuena naiz».

Egunerokoarekin gogaitzera

Duela lau urtetik Hernaniko klubean dago izena emanda, eta jaiotzez bizkaitarra izan arren gipuzkoar federakuntza defendatzen du. Orain unibertsitate ikasketak egiten ari denez, Donostian bizi da, baina orain arte bere jaioterrian zegoen, eta Iruraraino etorri behar izaten zuen entrenatzera. «Nire aitak esaten du niregatik urtean 80.000 kilometro egiten dituela. Asteburu batzuetan ere joka dezakedalako larunbatean Arabako herri batean eta igandean Nafarroako beste batean». «Ez bada hobbya, ez baduzu gozatu ederra hartzen, hiru hilabetetara uzten duzu», dio, sakrifizio asko egin dituela erantsiz, bai berak, baita familiak ere.

Lan horren sari dira etxean gordetzen dituen hainbat txapel. Barrezka dio ez dakiela zenbat txapel dituen; «baina horrek ez du esan nahi banan-banan bereziak ez direnik. Baina, agian, gehiago inporta zait Berrizen egindako omenaldia eta bertan jasotako oroigarria». Hala ere, 2013an Bizkaiarekin irabazitako GRAVN txapelketa oroitzen du, «28 urtean bizkaitar bat irabazi gabe zegoen txapelketa zelako».

Gaur egun GRAVNI deituriko txapelketan –Iparraldearen onarpenarekin– Euskal Herriko lurraldeak eta Errioxa barne lehiatzen dira, ezker horman zein trinketean, beti ere palaz, «eta helburua irabaztea da. Irabaziz gero, puntu batzuk batzen ditu federakuntzak eta horren atzean diru-laguntzak daude». Federazioaren egutegia errespetatzeaz gain –urtarrilera arte ezker horman, eta urtarriletik aurrera trinketean–, aurten Araizmendi erraketarekin ikusteko plazera izango dugula iragarri du.

Bitartean, entrenatzen dabil. Normalean astean behin batzen dira Hernaniko klubeko lau neskak, baina ondoren bakoitzak bere egunerokoaren arabera egiten ditu lanketak. Araiztegiren kasuan, astearteetan trinketean aritzen da eta igandeetan erraketarekin. «Baina aste batez joan naiteke egunero frontoira, eta hurrengoan pare bat aldiz». «Orain arte entrenatzen nintzen astelehen, astearte, ostegun eta asteburuetan pare bat neurketa eginda», eta gogaitze puntu batera heldu izan da, «sentitzen duzulako egun osoan frontoian zaudela baina, era berean, ondo egiten dit».

Gurasoak oso pilotazaleak dira eta beraien gozamenagatik jarraitzen du; «aitita eta amama bizi zirenean etxetik irteteko aitzakia ni frontoian ikustea baitzen». Egoera pertsonal horrek eraman du pasioz hartzera arbasoengandik datorkion zaletasuna, baina presio puntu bat ere sentitu duela baieztatzen du. «Ez uzteko esan izan didate eta beraiengatik jarraitzen dut, eta beraiei ere esaten diet. Karga emozionala dauka oraindik ere pilotak gure familian».

Ikusgarritasuna

Gurasoek elkarrizketa oro gordetzen dituztela-eta, ikusgarritasunaren aferaz aritu da mallabitarra. Kolonbian bizitakoarekin eta irabazitakoarekin «harrituta» dago. Baina ez du uste txapela janzteak zerikusia izan duenik. 2012an munduko txapeldunorde izan zen eta ez zuen oihartzunik izan; «baina ezta nirekin batera joan zen eta irabazi zuen mutilak ere».

Garai kontuez mintzo da, aurten hedatzeko ahalegin bat egon delako. «2012an ere prentsaurreko bat eman genuen joan aurretik; ezberdintasun bakarra aurtengoan hedabideetan agertu garela izan da, hasieratik bukaeraraino segida bat egon da».

Zergatik orain bai eta lehen ez? Hori da eztabaidaren giltza. Baina Araiztegik gogorarazi duen legez, XX. mende hasieran emakume erraketistak «profesionalak ziren, frontoiak jendez leporaino egoten ziren eta dirutza irabazten zuten. Gero izugarrizko garbiketa egin zen boteredun batzuengatik. Eta zergatik bihurtu da orain utopia moduko bat?». •