2018/01/13

Laura Mintegi
Berbarik gabeko aldarria

Ez dugu atzemango dispertsioaren tamaina, ez badugu sartzen errelatoaren barruan bizipen hauen testigantza. Ez da erruki edo gupida kontua. Irakurketa politikoa egin beharra dago

18/98 auziagatik kartzelatik atera den Joxean Etxeberria azken presoak esan du, espetxetik atera eta lehen egunean, «preso zaudenean, oso mingarria da entzutea mobilizazioek ez dutela ezertarako balio», eta zer pentsatua ematen du esaldiak.

Kartzelan 11 urte eta 3 hilabete eman ditu Etxeberriak, horietarik 10 urte bakartze ziegan, eta azken biak –gelakidea irten zenetik– bakarrik. Joxean Etxebarriak ere izan du pentsatzeko beta, eta atera duen konklusioa da presoen auzirako konponbidea ez dela etorriko erakundeetatik, baizik eta gizarteak emango dituen urratsetatik. Eta urrats garrantzitsua mobilizazioa da, areago urtarrileko urteroko mobilizazioa.

Gaur milaka eta milaka pertsona mobilizatuko gara Bilboko kaleetan, eta lehen ilaran egongo dira preso daudenen seme-alabak, senitartekoak, etxekoak. Hau da, inoiz deliturik egin gabe, inoiz epaituak izan gabe, legalki inoiz zigortuak izan gabe, zigorra jasotzen ari direnak, egunez egun, urtez urte.

Estatu espainiarrak 1989ko maiatzean hasi zuen ofizialki dispertsioa, orain 29 urte. 1983an Jose Barrionuevo Barne ministroak ZEN plaza diseinatu zuen, eta, ministro izateari utzi eta hurrengo urtean, 1989ko maiatzaren 4an, Enrique Mugica Herzog Justizia ministroak iragarri zuen espetxe politika berria jarriko zuela martxan, ZEN planean aurreikusten zen moduan. Herrera de la Mancha eta Alcala Mecotik atera zituzten euskal preso guztiak eta 73 kartzela ezberdinetara eraman zituzten. Gaur egun, %86,6 daude 400-1.100 kilometrora, eta bakarrik %13,39 daude 190-400 kilometrora. Dispertsioak indarrean dirau, ZEN planaren helburua (Euskal Herriaren matxinada akabatzea) ez zutelako bete.

Kartzelan lehenengoz hogei urte bete zituen lehen euskal preso Mitxel Sarasketak esan du noizbait, ordea, ofizialki 1989an iragarri bazen ere, aurretik eman zirela lehen pausuak dispertsioan, 1985ean Herreratik Langraizko kartzelara eraman zituztenean ETA pm-ko buruzagiak, Gobernuaren ustez komeni baitzen “gogorrak” eta “bigunak” bereiztea.

PSOEren Gobernuak ZEN plana ezarri zuenetik deitoratua izan da dispertsioa, pertsona gutxik hasieran, eta milaka pertsonak azken urteetan. Ematen zuen hitzak agortuta zeudela eta dena esanda zegoela, ikuspuntu politikotik, ikuspuntu juridikotik eta giza eskubideen ikuspuntutik.

Eta esateko ezer apenas gelditzen ez zitzaigunean, orduan, ia berbarik esan gabe, heldu da dispertsioaren aurkako kritika zorrotzena: presoen seme-alaben begiradek eratu dutena, irribarre herabetiz eta malko furtiboz josita.

Haur hauek azaldu dute, inork baino hobeto, nagusiok adierazten jakin izan ez duguna. Kartzelarainoko ordu luzeetan lagunak ikusteko sentitzen genituen poza eta ilusioa, haur eta gazte batzuek hitzik gabe azaldu dizkigute, guretzat lagunak zirenak beraientzat ama edo aita baitira. Bisitaren ondorengo amorrua eta tristezia, presoen seme-alabek begiraden bidez adierazi dituzte. Bueltako bidaian metatzen genituen inpotentzia eta ezinegona, haragituta ikusi ditugu haurren bisaian.

Onartzen dut hasiera batean ez nuela begi onez ikusi Sareren aurtengo kanpaina, haurrak eta gazteak tartean. Baina aitortu behar dut inoiz ez dugula atzemango dispertsioaren tamaina, ez badugu sartzen errelatoaren barruan bizipen hauen testigantza. Ez da erruki edo gupida kontua. Irakurketa politikoa egin beharra dago, eta injustizia agerian utzi. •