2018/01/20

Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta
Gorputz inposatuak

Bikini, Ozeano Barean kokatutako atoloi bat da, eta izena bertako hizkuntzatik dator; «pik» hitzak azalera esan nahi du, eta, «ni» hitzak koko, alegia, «kokondoz beteriko irla». Atoloia, Ameriketako Estatu Batuek 1940ko hamarkadan bertan lehertutako bonba atomikoengatik egin zen ezagun. Aldi berean, frantsesek atoloiaren izena bereganatu zuten bi zati dituen bainujantziari emateko, populazioaren artean lortutako eragin txundigarria zela eta. Sisteman agintzen duen heteropatriarkatuak ere, bi oihal zatiz osatutako bainujantziaren izena bere egin du, eta, bonba atomikoa bailitzan, “bikini operazioa” asmatu du, emakumeon gorputzetan agindu eta kontrola bereganatzeko. Horrela urte berriarekin batera, operazioa martxan jartzen da, entrenamendu militarra izango balitz bezala, urte berrirako helburu goren eta berebiziko bat argaltzea izanik, horrek suposatzen duen gastu psikologiko, fisiko eta ekonomikoarekin.

Sistemak argaltasunaren etengabeko sustapena egiten du, argaltasunari balio positiboak emanez, eta, loditasunari, aldiz, balio negatiboak. Esaterako, argaltasuna zainketa pertsonala, bizi ohitura osasuntsuak, autokontrola eta ahalegina bezalako ezaugarriekin erlazionatzen dugu, eta argala ez dena gutxiesten dugu, epaituz eta gure moralki zigortuz.

Modu horretan, hots, osasunaren eta estetikaren argudioak erabiliz, estereotipo sozial eta kulturalek zein komunikabideek, sistemaren beste makineriarekin batera, zapalkuntza bultzatu eta legitimatu egiten dute, beraiek araututako edertasun eta estetika arauak jarraitzen ez dituztenak jomugan jarriz. “Horregatik jartzen gaitue dietan, ta danak Barbie ta Ken telebistan ta aldizkarietan” aldarrikatzen du Glaukoma euskal musika taldearen abesti batek.

Zenbat dieta, zenbat gimnasio eta terapia ordu, eta zenbat operazio-gela bisitatu ditugu gure bizitzan zehar itxura fisikoa aldatzeko helburu bakarrarekin? Zenbat hondartza egun, festa eta kirola egin ondoko aldageletako dutxa bizigarri galdu ditugu? Hau al da gure buruari opa nahi dioguna? Zertarako?

Feminismoaren barruan, zenbait korrontek gaiari heldu diote. Bereziki gorputz lodien erreibindikazioarekin lanean dihardute batzuek, jasaten duten diskriminazioa salatu nahian; gizarteak lodia izatearen ezaugarri fisikoa duten pertsonak ikusezin bihurtzen ditu, besteak beste komunikabideetatik baztertuz; tratu txarrak ematen dizkie, patologizatu egiten ditu gaixo egongo balira bezala, eta, aukera duenean, besteen aurrean barregarri usten ditu, adibidez, txisteen bitartez. Magda Piñeyro ekintzailearen hitzetan, aldea dago konplexu bat izan (guztiok ditugu) eta pertsona gizena izatearen artean. Lehendabiziko kasuan zure “fisikoarengatik” arduratuta dagoen bakarra zu zeu zaren bitartean, gorputz gizen baten aurrean gizarte osoa da behatzen eta iritzia atsedenik gabe ematen ari dena.

Gaur egun emakume askok gure amonak baino diru, botere, akzio eremu eta lege-aintzatespen handiagoaren jabe gara; hala eta guztiz ere, gure fisikoarekin nola sentitzen garen dagokionez, gure amonak baino okerrago gaude. Kultura garaikideak emakumeen benetako aurpegi eta gorputzak gaitzesten ditu. Utziko al diogu? •

saioaaginako@gmail.com