Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Izendegia

Medikuaren kontsultako taulari begira jarri zara. Zortzi lerrotan jarrita daude hizkiak, handienetik txikienera ordenatuta, goitik behera. Goiko ilarako “E” handia ederki bereizi duzu. Azpiko “H” eta “N” hizkiak ere bai. Hirugarren ilaran “D”, “F” eta “N” bereizi dituzu. Eta kito. Horraino iritsi dira zure begiak. Hortik beherakoak behe lainoa dira; lausotutako hizkiak, marrazki mugituak. Miopia duzula esan dizu sendagileak; betaurrekoak behar dituzula. Zure buruari galdetu diozu ea noiz gertatu zen; noiz eman zenuen “ondo” ikustetik “gaizki” ikusterako jauzia. Zehazki ze unetan ohitu zinen behe lainotan bizitzera.

Pentsamendu horietan galduta zabiltza kale euritsuetan barrena. Zure begiak proban jartzea erabaki duzu, kontsultakoa begien bat-bateko neke bat baino izan ez den itxaropenetan. Kale ertzetako plaketako izenak irakurriz zoaz Donostia erdialdean barrena; “Garibai”, “Arrasate”, “Bergara”. Izenekin istorioak eta kontraesanak eraiki dituzu “Askatasunaren Etorbidea” “Cervantes Plaza”-n bukatzen dela ohartu zarenean. Kale-izendegia. Botereak hamarkadetan kaleetan utzitako arrasto hori. Labirintoan galdu ez zedin ogi-apurrak utzi zituen ume haren ipuinarekin akordatu zara. Agian horixe da memoria ere: nora itzuli erakusten duten arrastoak bideetan. Eta pentsatu duzu gure izendegiko zenbat izenek ote zekiten euskaraz; zenbat ziren emakumeak, zenbat etorkinak; zenbatek pasatzen ote zuten hotza neguan ohera sartzen zirenean, zenbat ibiltzen ote ziren galtzerdi zulatuekin kaleetan barrena. “Ohorea” eta “errekonozimendua”. Hitz potoloak eta galbahe estuak.

Begiak kizkurtuta egin duzu Kontxatik Antiguarako bidea, guk ibiltzen ditugun kaleek gu ere ibiltzen gaituztela pentsatuz; aurretik izan zirenek gugan zenbateraino eragiten ote duten zure buruari galdetuz. Halakok hori esan izan ez balu zuk hau pentsatuko ote zenukeen zalantzan. Idazleren bati entzun zenion berak idatzitako liburu bakoitzak aurretik irakurri dituen guztiak biltzen dituela. Liburu lodiak osatuko zituela otu zitzaizun lehendabizi, baina baita arrazoi puntu bat bazuela ere. Zuk ere, neurri batean, irakurri eta bizi izan duzunaren bilduma izateaz gain, zugan dauzkazula zure aurrekoen arrastoak ere.

Zure baitan bilduta, aurpegi-erdi bat ikusi duzu Gaskuña plazako horma batean tatuatuta. Begi bat betaurreko lodi baten atzean, ezpain haragitsu batzuk. Txillardegi. Sei urte bete berri dira hil zenetik, eta oraindik Donostian ez dago bere izena daukan liburutegirik. Herritar talde batek egindako irudi eder hau, besterik ez. Kontsultako taula etorri zaizu burura; hizki lausotuak behe lainotan. Bai, badira kaleetan nahita lausotutako bizitzak ere, deserosoak direlako ezkutatuak. Baina denok behar dugu izendegi bat, memoria bat, ez iragana ohoratzeko bakarrik. Ez gara izan zirenen emaitza soilik, baina nork eta nola egin gintuen ere jakin beharra daukagu; galderak egiteko, aurrekoen pentsamendu eta ibiliak garatzeko.

Kaleek ere betaurrekoak dauzkatelako. Zuk baduzu zureak janzteko garaia. •