Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

JESUS M. ALEGRIA URTIAGA «PINTTU»

Musika eta elkartasuna. Bizimodu bat. Pintturena, munduaren «konponbide koral» baten bila. Araiako txistulari bandan hasi zen 11 urterekin eta 67rekin musikari segitzen du, banda sinfonikoak sortzen, munduan zehar bere ekarpena egiten duela 23 urte sortu zuen Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.

Zu geldirik egoten ez diren horietakoa zara», esan zion behin Gabriel Arestik, eta ez zebilen oker. Musika eta elkartasuna izan dira Jesus M. Alegria Urtiaga Pinttu-ren bizitzaren ardatza, eta sartu den proiektu eta saltsa guztietara eraman ditu. Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundearen presidentea erretreta hartuta dago. Haren aita gudaria izan zen 36ko gerran, kartzelan egon zen eta desterratu egin zuten Iruñera. Araiako (Araba) antzerkia antolatu zutenetakoa izan zen, antzerki solidarioa. Donostian pintura ikasten egon ondoren, herrian danborrada sortu zuen. «Eskasia» sasoian, kartoizko kapelak, paparraldeak, jantziak eta danborrak egiten zituen jendearentzat… Pena handia du Pinttuk bere aitak ez zuelako ikurrina legeztatuta ikusi. Aitarengandik datozkio, nonbait, «elkartasun, kultur eta humanismo trebetasunak».

60ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko txistulari bandarik gazteena sortu zen Araian, eta bertara sartu zen Pinttu 11 urte zituela. Hasi zirenean, Udala tarteko, Guardia Zibilaren kuartelean jotzera «gonbidatu» zituzten. Hurrengo urteetan, Pinttuk maiz bisitatuko zuen berriro kuartela, behartuta baina, eta ez txistua jotzeko, hain justu. Udalak, hasieran eman zien uniformea kendu zien, «zapatak barne». Kuartelean esaten zioten berak masak mugiarazten zituela eta Aberri Egunean, Maiatzaren 1ean eta bestelako data esanguratsuetan hara deitzen zuten. Txistua jotzea debekatu zioten; hala ere, Urbiara joan ohi zen, hara biltzen zirenen giro erreibindikatiboan txistua jotzera. Behin, Oñatitik joan zen, lagunekin, eta autobusean zeudela, guardia zibil bi igo ziren, nora zihoazen galdezka. Arantzazura zihoazela esan zieten, eta guardia zibiletako batek erantzun zien: «Ustedes no van a Arantzazu, ustedes van a Urbia, y a Urbia hoy no va ni dios ni jaungoikoa». Ez zen izan Guardia Zibilarekin izango zuen enkontru bakarra...

Herriko bandan ere gazterik hasi zen, bateria eta oro har perkusioa jotzen. Behinola, prozesio baten bezperan, saxofoi jotzaile bat gaixotu egin zen eta Pintturi saxofoia eman eta berak jo beharko zuela esan zioten. Halaxe egin zuen.

Soldadutza egin ondoren, zeharkako flauta bat oparitu zioten. Handik gutxira, Olatzagutiko bi lagunekin elkartu zen parrandan eta hurrengo egunean Olatzagutian ziren hirurak, musika lehiaketa antolatzen zuten jaialdi batean, bi gitarra eta flautarekin Hego Amerikako abestiak jotzen. Hiru Lagunak izenarekin, lehiaketa irabazi zuten, Oskorri taldearen aurretik. Egun hartan, Natxo de Felipek Pintturi erreparatu eta bere talderako fitxatu zuen. Hainbat hamarkada iraungo zituen talde bizkaitarraren hasiera zen, eta haren bidez ezagutu zituen Pinttuk bai Gabriel Aresti bai beste hainbat poeta eta musikari «ilustre». Zoriontsu zegoen giro hartan, euskal kulturari bere ekarpena egiten.

Tortura, kartzela, ihesa

Ez du umorea erraz galtzen; horrenbestez, ez da harritzekoa orain dela 24 urte herriko Teatro Jaialdia berpizteko aholku bila joan zitzaizkionean, hark umorezkoa izan behar zuela esan eta gaur egun Araia-Asparreneko Umore Antzerkiaren Jaialdia izatea. Ez du umorerik galtzen eta garai gogorrak ere umorez gogoratzen ditu. Barrez kontatzen du lagun batek eta berak autoa propagandaz lepo zeramaten batean, kontrol batean guardia zibilek geldiarazi eta berehala «a tomar por el culo» bidali zituztenekoa, guardiek ezer esan baino lehen Pinttuk leihatila zabaldu eta Zarauzko diskoteka baten berri galdetu zienean.

1974an Baionara joan zen «Erasmus frankista bat» egitera. Errefuxiatu egin zen, alegia. Ordurako polizia-etxeak, tortura eta kartzela ez zituen arrotz. Garai hartan beste zenbait musikarirekin Lovainako Unibertsitatean jo zuen. Gogoan du berak Amaia Eako abeslariarekin jo zuela, estaturik gabeko herrien ordezkari. Amaia ere errefuxiatua zen, eta «oso-oso ondo» abesten zuela dio. Baionan ere noizbehinka txistua jotzen zuen Manolo Garcia de Andoin aspaldiko errefuxiatu gasteiztarrarekin. Amnistiaren ondoren, 1977an, Gasteizera itzuli eta Gorka Knörrekin jotzen hasi zen. Kataluniako Generalitatearen Lore Jokoetan parte hartu zuen Munichen Knörrekin eta haren taldearekin Tarradellas Kataluniara itzuli zen egun berean, eta Joan Isaac eta Marina Rossell katalanek eta Miro Casabella galegoak ere parte hartu zuten. Ondoren, talde berarekin eta Urkorekin bira bat egin zuen. Gogoan du Bartzelonan eta Madrilen gutxienez 30 bonba-abisu izan zituztela. «Bat jarrita nahikoa dute!», pentsatzen zuela dio. Ondoren Venezuelara joan ziren, euskal diasporak gonbidatuta. Urte haietan ezagutu zituen Xabier Lete, Mikel Laboa eta beste euskal artista asko.

Beti musikari lotuta edo, hobe esanda, sormenari. 70eko hamarkadan “Araba Saudita” (“La mala hostia le quita” azpitituluduna) aldizkari satirikoa sortu zuen, eta, ondoren, “Euskadi Sioux”.

Handik gutxira negozioen munduan sartu zen, garai «ez oso probetxuzko» batean. Sei urte eman zituen Zarautzen, ostalaritzan eta bideoaren munduan. Zenbait lagunen oroitzapen ona duela dio; esate baterako, hango txistulariren bat eta Daniel Txopitea pintorea, baita Jorge Oteiza ere. Eta Gasteizera itzuli zen.

Mugarik Gabeko Musikariak

Duela 23 urte, Kubara gonbidatu zuen lagun batek. Habanatik igaro zenean, kontatu zioten bazirela haur batzuk telefono hariak lapurtzen zituztenak, biolinerako soka moduan erabiltzeko. Eta «burua bero» itzuli zen Kubatik. Han Manuel Saumell eskola ezagutu zuen, «Ameriketako musika eskolarik onenetakoa». Zenbait musikarirekin hitz egin zuen eta Mugarik Gabeko Musikariak sortu zuten. Berehala hasi ziren «gauzak egiten»; besteak beste, Manuel Saumell eskola konpondu; etxe sozialak egin; musika tresnaz, baloiz –3.000– eta bestelako materialaz betetako lau edukiontzi bidali; zenbait ospitaleri laguntza eman, baita Cienfuegosen gizartera moldatzeko arazoak zituzten haurrentzako Ismaelillo proiektuari ere. Eta gaur egun haiekin lan egiten jarraitzen dute.

Pinttuk Araia bere herriaren gaineko bi liburu idatzi ditu; lehenengoan hango argazkiak, prentsa albisteak eta pasadizoak jasota, eta, bigarrenean, 17 lagunekin egindako elkarrizketak. Araiako garairik garrantzitsuena industrializazioa eta langile mugimendua izan dela dio, 60ko hamarkada arte. Memoria historikoa errekuperatu beharra dagoela dio. Bestetik, Mitxarroaren Museoa berreskuratu zuen –“mitxarro” muxar grisari esaten diote–, baita kultur etxea ere, hala nola Andra Mari, aspaldi ahaztua eta egun euskal jai handia dena.

Ez du, ez, erraz galtzen umorea, baina ezin du bere kezka gorde, esate baterako, euskal presoen egoera eta munduko hainbat egoera lazgarri hizpide dituela. «Munduaren konponbidea korala da», dio. Horregatik bere eta bere erakundearen ekarpena abesbatzen eta banden bidez egiten dute. •

 

Mugarik Gabeko Musikarien elkartasunak, Sirian, itxaron egin beharko du

Jesus Mari Alegria Pinttu lagunarekin izandako solasa Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundearen berri zehatzagoa eman diezagun baliatu dugu. Kubatik ekarri zuen erakundea sortzeko ideia, eta hantxe hasi zuen ere bere lan solidarioa, baina berehala zabaldu zuen munduan zehar: Argentinan, Saharan eta beste hainbat lekutan.

Gaur egun proiektu potolo bat dute abian Guatemalan, kooperatiba bat, 6.000 emakume eta 1.500 gizon biltzen dituena. Emakumeak ahalduntzen diren lekua da, eta inguruko herrietako administrazioa haien esku dago, Pinttuk dioenez. Kooperatiba horretan bizilagunak alfabetatu eta artisautza lanak egiten dituzte, musika eta erizaintza eskolak, xinka eta maia hizkuntzak berreskuratzen ari dira... Kooperatibaren ekintzek modu batean edo bestean milioi bat lagun baino gehiagori mesede egiten diete. Halaber, Thailandian, euskal misiolari batzuekin elkarlanean, hiesa duten ume prostitutak sendatu eta haiei, landa eremuko emakumeei eta droga arazoengatik kartzelara sartutakoei laguntzen diete. Euskal Herrian, Ongi Etorri Errefuxiatuak ekimenari sustengua ematen diote.

Bide luze horretan egoera larrien inguruko foro asko ezagutu dituzte, hala nola palestinarrenak eta juduenak, baita haiengandik asko ikasi ere. Ondorio batera iritsi dira, ez dagoela mina neurtzen duen tresnarik. «Zure mina, nirea bezala, hor dago, nork berea du; arazoa da hemendik aurrera zer egingo dugun, zer eraikiko dugun».

Hamaika kontzertu, jaialdi eta ikuskizun antolatu, diskoak grabatu, jolaserako askotariko materiala prestatu eta saldu dute... Mugarik Gabeko Musikarien Banda Sinfonikoak, Valentzian finkatua eta 54 musika bandak osatua, urtean bost aldiz elkartzen ditu musikariak kontzertu solidarioak egiteko. Oraindik orain disko bikoitz bat grabatu dute, erakundeko ordezkari Mikel Aizpurua ordiziarraren ardurapean.

Siriako gerrako haurrak

Azken hilabeteotan beste erronka handi bati heldu diote: siriar herriarentzat eta siriar errefuxiatu eremuetarako laguntza kanpaina. Horretarako, Gasteiz, Iruñea, Bilbo eta Donostiako udal musika eskolen eta EHME Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearen laguntzaz, musika-tresna banku bat eratu dute, gerra eta haren ondorio larriak jasaten ari diren siriar haurrak «musikan eta elkartasun harmonian hezteko».

Gazte banda sinfoniko siriar bat sortzea dute helburu, «haur eta gazteak kultur harmonian hezteko. Aukeratzen duten munduko edozein lekutan aske eta beren buruaren jabe bizitzea erraztuko dien prestakuntza egokia eman nahi diegu». Haurrek musika tresna hartzen dutenean, «etxera eraman eta lo ere egingo dute harekin».

Edukiontzi bat bidaliko dute siriar kanpamentuetara, tona bat tresna Alemania, Irak, Kurdistan eta Sirian zehar. Laguntzaileen artean badituzte, besteak beste, Gani Mirzo siriar musikaria eta Fran Lasuen euskal musikaria eta erakundearen Bizkaiko arduraduna. Bidaia osoa filmatuko dute, tresnak entregatu arte, aurreikusitako helmugara iritsi direla jendaurrean erakusteko.

Ez da bidaia erraza izango, ordea, mugetako oztopoak direla eta, horiek gainditzeko Siria aldeko kurduen laguntza izango badute ere. Horregatik, laguntza eskatu dute, nahi duena bidaian presente egoten dadin; laguntza ekonomiko txiki bat eman eta bere udalaren, enpresaren edo elkartearen izena edukiontzian jarriz.

Otsail bukaeran abiatzea aurreikusita zuten, baina Turkiako Armadak aste honetan bertan kurduen aurkako erasoak areagotu dituenez, martxoa arte atzeratu dute bidaia.

Egiten duten lana erakusteko kanpainak egiten dituzte, laguntzen dutenek «jakin dezaten non sartu diren». Izan ere, «lana eta prestutasuna ere» erakutsi egin behar direla uste dute, eta zintzotasun hori, bestalde, instituzioen aurreko bermea dela. Bide batez, instituzioak are gehiago inplikatzea nahi lukete, eta kexu dira krisiaren ondorioak batez ere jende xumeenak eta elkartasunak jasaten dituztelako. Gobernuek, instituzioek berek onartzen dituzten helburuak aipatu ditu Pinttuk, hala nola garapenerako %0,7 famatua, «inoiz betetzen ez dena». Horri guztiari «immorala» deritzo.

Hamaika istorio eta pasadizo kontatu dizkigu, eta elkartasun istorio hau oso polita dela dio; «baina ez da hain polita, esate baterako, bosgarren solairu batetik piano bat jaistea!».