2018/01/27

Garazi Goia
Idazlea
«London Calling»

The Clash punk taldearen abesti ospetsuenetako bat bezala ezagunagoa izango da askorentzat «London Calling». Izatez, hilabetekari bat zen eta BBCren World Service irrati katearen programazioa biltzen zuen besteak beste. Bigarren Mundu Gerran, BBCren irrati katea identifikatzeko erabiltzen zen askotan esaldia ere, «This is London calling…..» esanez, sarritan jazarritako lurraldeetan egiten zituzten emisioetan. 1993. urtera arte jarraitu zuen izenburu berarekin, hamarkada askotan legez.

The Clash taldeak abestia eta albuma kaleratu zituenean, 1979. urtean –abestiak taldearen hain ohiko ziren gai politiko eta sozialak ditu inspirazio iturri–, zehazki Pennsylvaniako erreaktore nuklear batean gertatu berri zen istripu bat eta Erresuma Batuan borborrean zeuden arazoak; langabezia, drogak eta arraza arteko gatazkak, besteren artean.

Egokia iruditu zait atal berri honen izenburua. Badudalako lotura pertsonal berezi bat BBC etxearekin, han pasa ditudan hamar urteen ostean, ni orain naizenaren zati txiki bat (edo handi bat) hari zor diodalako neurri batean; eta, bestalde, abestiak baduelako dinamika eta erritmo energetiko bat, indar handikoa. Londresek niri iradokitzen dizkidan hainbat sentimendu eta zirraren adierazle ezin hobea.

Badago esaera ezagun bat honela dioena: «Londresez aspertu bazara, bizitzaz ere aspertu zara». Hemen bizitzen daramatzadan ia 15 urteetan aspertzea oraindik zaila egiten zait. Ia egunero dago harritzen nauen gauza berriren bat: orain arte auzoan ikusi ez nuen itxura bereziko etxe bat; bilera batera joan naizenean ikusi dudan kafe-etxe berria, hemen dioten bezala azken trend edo moda berrien ukitu guztiekin; jendea, mota guztietakoa, leku guztietakoa, olatu sinkronizatu perfektu bat bailiran; besteen iritzi eta epaiketetatik urrun, bakoitzak nahi duen bezala, anonimotasunaren gailur gorenean; parkeetako lasaitasuna, hango haizearen indarra; trafikoaren eromena eta handik pixka batera baretasuna; ireki behar duten erakusketa berria; arkitekturaren edertasuna; zeruan pasatzen diren hegazkin guztiak (honek ez ninduke harritu behar, baina jendearen joan-etorriaren adierazle garbienetakoa da); hiriko bost aireportuak, jendez gainezka, amets berrien bila datorren jendearekin; amets zapuztuekin bueltan doazenekin; asteburu pasa datozen turistekin; bizitza berri bat hastera datorren familiaren urduritasunarekin; agur emozionalekin.

Hainbeste kontraesan, hainbeste kontraste, adostasun, hainbeste dikotomia; hainbeste negar, barre, tristura, bihozmin, ilusio. Denak leku berean.

Hori da, hain zuzen, niretzat Londresen deskribapena, konbinazio hori guztia. Oraindik alde erromantiko eta positibo bat ikusteko gai naiz; hori da gailentzen dena, tarteka buruan izaten ditudan galderekin landu behar izaten dudan borroka partikularrean: Brexitaren desengainua, distantziaren kudeaketa, sustraien indarra.

&softReturn;Hala eta guztiz ere, guztiz kontziente naiz nire optimismoa ez dutela modu sendoan hemengo biztanle guztiek partekatzen. Horren lekuko Ben Judah kazetari britainiarrak ateratako “This is London” liburua. Hiriaren ezegonkortasunaz ari da, duen imajina publizitario (baina hori besterik ez) perfektuan; harremanen hoztasunez; pobrezia eta aberastasunaren kontraste errausleaz; ametsak lortzeko saiakeratan jende askok jasan behar izaten dituen laidoez; kanpora begira ematen den, bere aburuz, irudi distortsionatu horren alde iluna.

Baina nioena, nire optimismoarekin jarraitu nahi dut (jarrera koldarra akaso): inperfekzioak gerturatzen du-eta akaso perfekzioaren alde horretara.

Hemendik aurrera hilabetero-hilabetero txoko honetan izango nauzue, Londrestik begirada bat eskainiz. Disfrutatu… •