2018/02/03

Nekane Zinkunegi Barandiaran
Konfiantza eta bertigoa

Gauza asko izan daiteke batentzat norbere baserria, bereziki, han jaioa bada. Hori da nire kasua, Aitzarte baserria jaiotetxea da niretzat. Ez dakit bertako umetako uneez oroitu egiten naizen, edo kontatu izan didatenagatik oroitzapenak eraiki ditudan, baina oso haurra nintzeneko irudiak ikusten ditut denboran atzera begiratzen hasten naizenean.

Urteak joan egiten dira, ordea. Aitzarten garai batean zegoen adina abere ez dago gaur egun. Ardien lanak egiteko, ezeren okerrik ez bada, nahikoa dira gure gurasoak. Azken hilabeteotan, beraiek bakarrik bizi izan dira bertan, eta ahizpa eta biok agertu izan gara oso maiz amak prestatutakoa jatera. Orain, gure bizitzako etapa aldaketak medio, laukotea bildu gara berriz ere. Bolada baterako izango dela jakitun, sustraietara itzultzeak dakarren konfiantzarekin, baina bizikidetzara berriz ohitzeak ematen duen bertigoarekin.

Lehen gaua igarota, iruditu zait beti egon naizela jaiotetxera lotua, errezildarra naizen hein berean izango naizela Aitzarteko Nekane. Baina eskertzen dut hori izateko eduki dudan askatasuna. Nonbaitekoa izatea ez baita handik atera gabe egotea, nondik irten eta nora joan zaren kontuan izatea baizik.

Aitzartetik irtenda joan naiz tabernara lanera, unibertsitatera ikastera eta mikrofono aurrean hitz egitera. Eta horietatik itzuleran, uste dut zerbait berriarekin natorrela, Aitzarte gaur egun denaren aletxo bat jartzen laguntzen ari naizela. •