2018/02/03

TXARO MARAÑON ETA KORO MARTINEZ

Artisautzatik artera. Buztina, gaurkora ekarrita, goi tenperaturan eta beste material batzuekin nahastuta. Txaro Marañon eta Koro Martinez zeramikarien obrak etengabeko bilaketaren emaitza dira. Materialak eta teknikak ikertzen dituzte adierazpiderik egokienaren, beren hausnarketen euskarri artistiko ederrenaren bila.

Xabier Izaga Gonzalez
0203_kaina1

Beren tailerrean hartu gaituzte Txaro Marañon eta Koro Matinez artista gasteiztarrek, Kaina izeneko tailerrean. Izen horrek ez du edariarekin zerikusirik, labeak tenperaturak seinalatzeko daukan gailua baita “kaina”. Lokal txiki eta txukuna da, ondo apaindutako erakusleiho bat duena.

Eskuz lan egiten dute, baina baita burua eta beste elementu batzuk erabiliz ere. Buztina lantzen dute, beste material batzuekin nahastuta, ordea; esate baterako, plastikoekin eta oihalekin, beren adierazpen artistikoa gauzatzen ondoen laguntzen dieten materialekin, alegia. Kainan ez dago ez errepikatutako eskulturarik, ez muralik ez inolako lanik. Batzuetan sailak egiten dituzte, estilo bereko aleak, baina errepikatu gabe. Diseinuaren mundura ere sartzen dira, erabiltzeko moduko artea egiteko.

Korok natura dakar gogora bere obra osoan: «giza jardunak jaiotza, garapena, bizitza eta heriotza natur prozesuetan duen eraginaz» hausnartzen du. Adierazi nahi duena «forma organikoek, ehundurek, koloreek sostengatzen dute», eta, horiek, hainbat teknika garatzeko aukera ematen diote.

Hausnarketa sumatzen da Txaroren obran ere, haren lanak gai baten garapena baitira, objektu edo instalaziotan gauzatuta, buztinaren eta beste material batzuen arteko «elkarrizketaren» bidez. “Plastikozko irla” bere azken sailean, esate baterako, nabari da ingurumenarekiko kezka.

Askotariko teknikak

Euren teknika gaurkoa da, goi tenperaturako buztinarekin lan egiten dute-eta, portzelana edo gresarekin, baina ez teknika tradizionalean erabiltzen den buztin gorriarekin. Batzuetan buztina paperarekin nahasten dute, hartara obrak ez du horrenbesteko pisua hartzen eta askoz erabilgarriagoa da. Hala ere, teknika tradizionalean bezala tornua ere erabiltzen dute; beraz, eskura dituzten teknika guztiak erabiltzen dituzte, lanaren arabera, adierazi nahi dutenaren arabera, alegia. Euskal zeramika tradizionalik egiten ez badute ere, obraren batek horren oinarria izan dezake. Esate baterako, kaiku bat edo antzinako beste tresnaren bat egin izan dute, baina «gaurko begiradaz».

«Bilaketa» horretan, batzuetan makina bat proba egin behar izaten dute, «horrela ere ikasten da». Euren lana etengabeko prestakuntza da, teknika berriak ikasi eta ikertzea. «Material bakoitzak bere exijentzia dauka. Esate baterako, ez dira gauza bera gresa eta portzelana; portzelana lantzea gres fin bat lantzea baino askoz zailagoa da». Mundu horretara sartuta, hainbat gauza deskubritzen joan beharra dagoela diote: zer egin pieza ez apurtzeko, edo esmaltea ondo geratzeko, noiz erabili behar diren moldeak… Batzuetan pentsatzen dute lan jakin bat oso ondo atera zaienez horrelako gehiago egin beharko lituzketela, baina harago joan nahi dute, zain dute beti hurrengo erronka, materialarekin, teknikarekin… Eta, diotenez, labeak ere badauka magia: «Sorpresa asko ateratzen dira bertatik!». Hara sartzen dutena kontrolpean badago ere, «labea beste langile bat da».

Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ezagutu zuten elkar Korok eta Txarok duela urte asko. Oso giro ona zuten eskolan, eta hango ikasketak bukatu zituztenean, 80ko hamarkadaren erdialdera, tailer bat antolatu zuten eskolako gela bereko sei lagunek Hedegile kalean. Zenbait urte eman zituzten han eta gero nor bere aldetik joan zen. Txaro eta Koro elkarrekin, Errementari kaleko honetara. Hogeita zortzi urte joan dira ordutik. Koro irakaslea da, eta hasieran eskolako lana eta zeramika tailerrekoa batera egiten zituen. Ondoren, zenbait urteko eszedentzia eskatu zuen irakaskuntzan, baina tailerretik bakarrik bizitzeko gauza asko egin behar direla dio, are gehiago ikastarorik eman gabe, eta gaur egun lanaldi murriztua du irakaskuntzan. Txarok ere lan egiten zuen tailerretik kanpo, baina azken hamabi urteotan Kainan egiten du lanaldi osoa.

Gaurko zeramika ezagutarazten

Orain dela hamalau bat urte, beste zenbait zeramikarirekin batera, EKG Euskal Keramikagile Garaikideak taldea sortu zuten. Zortzi lagun dira taldean, bost gasteiztar, nafar bat eta bi gipuzkoar. «Zeramika garaikidea ez da tradizionala bezain ezaguna», diote, eta hori ezagutaraztea da, hain zuzen ere, talde horren helburuetako bat. Taldeak hainbat erakusketa antolatu ditu, batez ere Euskal Herrian, baina baita beste zenbait lekutan ere, eta aurten Bartzelonara joango dira. Zeramika jardunaldi arrakastatsuak ere antolatu izan dituzte Zegaman zenbait urtez. Halaber, hitzaldiak egiten dituzte.

Pozik daude Txaro eta Koro talde horretako kide izanda; gainera, askoz errazagoa omen da dena taldean banaka baino, «indar gehiago hartzen duzu». Bestalde, elkarri laguntzen diote, eztabaidatzeko iritzi eta proposamen gehiago sortzen dira, nork bere bidea eta dinamika jarraitu arren.

Kainan enkarguz egiten dituzte lan asko. Lehenengo, zirriborro bat aurkezten diote bezeroari, obra gutxi gorabehera nola geratuko den ikus dezan, eta, gustuko badu, aurrekontu bat egingo diote. Batzuetan ideia berezi eta nahiko zehatzekin joan izan zaizkie, baina eskuarki haien lanak ikusi dituen jendea da, eta obra kokatu nahi duen lekuaren neurriak eta testuingurua azaltzen dizkiete, ea zer iradokitzen duten Kainako lagunek. Batzuetan ikusi duten obra baten berdina nahi izaten dute, eta halakoxerik eramango ez badute ere, nahi izanez gero estilo bereko obra bat eskura dezakete. Beraz denetariko bezeroak dituzte, ideia zehatz bat daramanetik aholku bila doaneraino. Tartean, zer nahi duen dakien baina diseinua euren esku uzten duena. Jendea fidatu egiten dela diote. Nolanahi ere, bezeroari behar beste azalpen ematen dizkiote tamainaz, koloreaz, prozesuaz...

Enkarguez ari direla, denbora behar dutela diote. Batzuek obra bat hurrengo asterako nahi izaten dute, ez baitira konturatzen lehenengo obra diseinatu beharra dagoela, eta, ondoren, moldatu, lehortzen utzi, labera sartu, esmaltatu, atzera berriro labera sartu…

Erakusketa ugari egiten dituzte. Beren erakusketa propioak, kolektiboak eta parte hartzen duten lehiaketak batuta, lana pilatu egiten zaie. Izan ere, erakusketek lan handia ematen duela diote. «Zer nahi duzun egin pentsatu lehenik, eta gero, egin egin behar duzu». Sei bat hilabeteko lana izan daitekeela diote. «Batzuetan duzun ideiarekin ondo datozen lan asko eginda dauzkazu, baina beste batzuetan gehienak prestatu behar dituzu. Azkenean, lanak eramatea da politena». Politena bai, baina astuna ere bai, zeramika oso pisutsua baita, batez ere furgoneta kargatzeko orduan. Luze joko luke Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo egin dituzten erakusketak zerrendatzeak, eta ez dira gutxi ere biek lehiaketetan jasotako sariak eta aitorpenak.

Bestalde, ez dira gauza bera enkargu baterako lan egitea eta erakusketa baterako lan egitea. «Batzuetan oso zure intereseko gaia planteatzen duzu eta beharbada ez da jendearengana iritsiko». Izan ere, balio artistikoa eta komertziala ez datoz beti bat; horren jakitun dira, noski, baina baita beren artista senarekin leial ere. Hala, erakusketa baterako «ez zara mozten, askatasun gehiagorekin lan egiten duzu». Salmentari begira, erabiltzeko moduko gauzak egiten dituztela diote; esate baterako, kutxatxoak, loreontziak, katilu txikiak, lanparak, bitxiak… oso aukera zabala.

Txaroren eta Kororen obrak ikusi eta ezagunegia ez den arte baten gaineko azalpenak entzunda, denbora galdu ez izanaren sentsazioa dugu Kainatik ateratzean. •

Eskura dituzten teknika guztiak erabiltzen dituzte, lanaren eta adierazi nahi dutenaren arabera. Ez dute euskal zeramika tradizionalik egiten, baina obraren batek horren oinarria du

Batzuetan pentsatzen dute lan jakin bat oso ondo atera zaienez horrelako gehiago egin beharko lituzketela. Baina harago joan nahi dute, zain dute beti hurrengo erronka