2018/02/10

Mirari Martiarena
Erromatarrak

Ezagunak dira Arditurriko Meategiak Oiartzun eta inguruetan. Arditurri esan eta erromatarren aztarnak esaldi berean kabitzen dira askorentzat. Inoiz bisitan egon ez direnek leizeak imajinatzen dituzte, baina ez, meazuloak dira. Erromatar garaitik ia atzora arte ustiatu ziren meazuloak; 1984an itxi zituzten.

Juan Guillermo Thalacker ingeniariak 1803. urtean Arditurriko meazuloak bisitatu ondoren hauxe esan zuen: «Laurehun gizon berrehun urtez lanean arituta ere, ez litzateke nahiko izango meazulo hauek guztiak zulatzeko». Ondotik ere makina bat aritu ziren bertan lanean. Zaila egiten zait, etxe ondoan, hain leku lasaia dirudien horretan, leherketak, makinaria, langileen joan-etorria imajinatzea.

Gure etxean badaude bertan lan egindakoak, aita eta osaba. Askotan entzun izan diet Aiako Harria barrutik hutsik dagoela, eta barre egiten nien. Iaz arte ez nuen bisitarik egin Arditurrin dagoen interpretazio zentrora. Egia esan, zur eta lur geratu nintzen. Ikus daitekeenaren eta izan zenaren artean sekulako aldea omen dago. Bi galeria bakarrik baitaude bisitatzeko moduan, gainerakoak lur azpian urez beteta.

Aitari beti esaten diot erromatarrak aritu zirela bertan jo eta ke lanean. Bere arabera, erromatarrak ez ziren existitu. Eta egon baziren, ez omen zituen lanean ikusi; beraz, ez dadila meritu guztia eurentzat izan. •