2018/02/10

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Lurraldea, aurrera

Euskal lurraldearen biztanleriak gora egin du eta biztanleriaren %51 hiriguneetan bizi da, Gaindegiak plazaratu dituen datuen arabera. Mapa horrek zer pentsa ematen du. Miren Estensoro Orkestrako kideak gure lurraldeak bizi duen metropolizazio mehatxuaz idatzi du “Berria”-n; landaguneetako herrien biztanleria txikituz hirietan bizitzeko joera nabaria delako euskaldunon artean.

Estensorok jokabide horren atzetik bizitza “moderno” baten bilaketa jakin bat dagoela dio, indibidualismoak, anonimatuak eta aberastasunaren pilaketaren hipnosiak jota gaudelako nonbait. Ekonomialariek argi dute. Hiriak zenbat eta biztanle gehiagorekin osatu, are eta produktiboagoak dira. Baliabide eta pertsonen metaketa amaigabearen delirioan bizi gara, eta ideia gustagarria zaigu, lurralde aurreratuaren ideia horrelaxe irudikatzen dugulako.

Gogoan dut Donostiako Eskolan arkitekturako ikasle nintzela, hirigintzako irakasle batek –sona eta errespetu handiko arkitektoa– lurralde aurreratu eta “on” baten helburuak helarazteko eman zigun klasea. Mezua ongi ulertarazteko, Hego eta Ipar Euskal Herriko adibide gertu eta ezagunetara jo zuen. Lehena aurreratua eta “arrakastatsua” zelakoan, bigarrena atzeratua eta “txiroa”.

Azaldu zigun lurralde aurreratuak errepide sare osatua duela, autoarekin leku batetik bestera azkar mugitzeko erosotasunarekin, distantziak murriztu egin dituela, industrializazioak aberastasuna eta enplegua ekarri digula, herri askoren irudia hiri batekin alderagarria dela arkitektura eta hiri morfologiari dagokionez, herriak zerbitzu ororekin ekipaturik daudela. Zuberoaren errealitatea azaltzeko unean, besoak altxatu eta albo batera eta bestera mugitu zituen, dantza folklorikoaren “memea” antzeztuz. Klasea algara batean bukatu eta ongi ulertu genuen etorkizuneko argia non zegoen, non ginen gu eta non ziren haiek.

Marina Garces filosofoari irakurri diodan azalpen batek egun hartan klasean gertatutakoa ulertzen laguntzen du. Marinak dio proiektu modernoa dualtasunen gerra eraikitzean datzala, eta horretan aritu da zintzo Hego Euskal Herriko lurralde antolaketa azken hamarkada hauetan. Mundu naturala gizakiaren kontra, tradizioa aurrerapenen kontra, zaharra berriaren kontra, iragana etorkizunaren kontra. Tokian tokiko izaeren arteko saretzea eta komunitate loturak lurraldearen gidalerroetatik ezabatu egin dira. Miren Marinarekin bat dator, hirietan indibidualismoa eta lehiakortasuna praktikatzen dela eta landaguneetan komunitate balioak eta politika ezberdinen arteko hartu-emanak eraikitzen direla dionean. Proiektu modernoak ezinezkoa egin du bataren eta bestearen arteko beharrezko bizikidetasunaren eraikuntza.

Ikasgela batean lurralde aurrerakoi baten identifikatzaileak zerrendatzeko galdetuko balidate, honako hau kantatuko nuke: espazio publikoak funtzio emantzipatzailea duenean, higiezinen merkatuari mugak ezartzen zaizkionean, autoan oinarritzen ez den mugikortasuna ezartzen denean, gorputz anizkoitzekin batera hiria pentsatzen denean, aldaketa prozesu geldoak errespetatzen direnean, eskola hiriaren pieza artikulatzailetzat jotzen denean... •