Laura Mintegi

Martxoa emakume da

Euskal eremuko sindikatuek proposatu dute Martxoaren 8an emakumeek lau orduko lanuztea egin dezatela, eta ematen du ustekabean harrapatu dituztela erakundeak eta alderdiak, non gizonezkoak izaten diren gehien-gehienak erabakiguneetan. Zer egin sindikatuen proposamenaren aurrean?

Emakumeak lau orduz gelditzen badira, ez da geldituko soilik sektore produktiboaren erdia. Ez dira paralizatuko soilik zerbitzu publikoaren eta pribatuaren bi herenak. Emakumeak gelditzen badira, bizitza geldituko da etxe gehienetan.

Egon izan dira aurretik lanuzte espezifikoak emakumeek protagonizatuta, eta badirudi ekimen hauetariko batzuek arrakasta handia lortu zutela: Liberian 14 urteko gerra zibilari amaiera ematea lortu zuten, eta, bide batez, emakume bat jarri zuten presidente, Afrikako lehena, emakumeek burutu zuten grebari esker. Ellen Johnson-Sirleaf andreak 2005-2018 tartean gobernatu du Liberian, eta 2011n Bakearen Nobel saria jaso zuen beste bi emakumerekin batera, Leymah Gbowee liberiarra eta Tawakel Karman yemendarra.

Jakina, emakumeen grebaz ari garenean ez gara ari lan-uzte soilaz. Liberiako emakumeek greba sexuala egin zuten, sexua egiteari boikota, alegia, uko egiten baitzioten harreman sexualak izateari beren bikotekideekin. Neurriak emaitzak eman zituen, antza.

Turkiako Irka hiriko emakumeek kilometro luzeak egin behar izaten zituzten herrira ura eramateko eta emakumeek baino ez zuten egiten garraio-lan astuna. “Maitasun greba” (edo “Hanka gurutzatuen” greba) egin zuten arte, 2011n. Gizonezkoei esan zieten ez zutela sexurik izango ur-kanalizazioa egin arte. Eta gizonezkoek kanalizazioa egin zuten, etxeetarako. Radu Mihaileanu zinegile arabiarrak jaso zuen pelikula batean emakumeek burutu zuten ekimena, “La source des femmes” (Emakumeen iturria), eta 2014an pantailaratu zuten herrialde arabiarretan, Marokon bereziki, arrakasta handiarekin.

Emakumeak lan munduan eta eremu publikoan aritzen diren arren, eremu pribatuan dute eragin handiena. Publikoan garrantzitsuak dira. Pribatuan, ezinbestekoak.

Aurreko hilabetean PEN International munduan den idazleen elkarte zabal eta entzutetsuenak, argitara eman du “Emakumeen Manifestua”.

Manifestu horretako hitzaurrean jasotzen da deigarria den esaldia: «Literaturak ez du mugarik ezagutzen. Normalean muga esaten diogu herrien eta herrialdeen artean dagoenari. Munduko emakume askorentzat, aitzitik, –eta emakume guztientzat orain gutxira arte– lehenengo eta azkenengo muga, muga ekidinezinezkoa, etxea da, aitarekin ala senarrarekin bizi den etxea, eta gutxi dira sistema sozialak non ez duten emakumea begi txarrez ikusten, areriotasunez, emakumeak modu autonomoan jokatzen duenean».

Etxea. Etxea, babesgunea eta hesia. Etxea, abaroa eta kartzela. Etxea, supazterra eta guda zelaia. Babeslekua behar lukeena, gatazka eremu bihurtzen da emakume askorentzat.

Aurten sindikatuek proposatu dute emakumeek lau orduko lanuztea egin dezatela Martxoaren 8an. Aldarrikapen sinbolikotik eta festa girotik haratago, Martxoaren 8ak eragina izan dezala eremu ekonomikoan, dinamika laboralean. Pausu bat da. Zer esanik ez.

Baina Martxoaren 8ko espirituak ez du irabaziko emakumearen berdintasuna eguneroko eremuan lortu arte. Soldata parekotasuna bezain garrantzitsua, edo are garrantzitsuagoa, etxe barruko lan banaketa da, errespetua eta begirunea. Etxea, muga baino, espazio askatua izan dadila. •