2018/02/10

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Zer ote da eskola?

Eskola zer den galdetuz gero, zenbat definizio ez ote genituzke jasoko... Zenbat buru hainbat aburu! Grezia zaharrean kokatzen da eskolaren, pedagogiaren, sorburua. Ordutik, garaian garaian bete duen funtzioari erreparatuta, beste hainbeste definizio josiko genituzke. Hala ere, gure ingurura begiratuta, esango genuke gaur egun, eskola definitzeko aniztasun horretan, adostasun nahikoa legokeela eskola instrukzio lekua baino haratagokoa dela esaterakoan.

Gure eskoletan, funtsean, aukeratu den ildo pedagogikoa edozein izanik, neska-mutilak heztea da zeregin eta ahalegin nagusia. Pertsonak instruitu –edo domestikatu– baino, haien gaitasunak sustatzea eta garatzea bihurtzen ari da eskolaren ekinbide garrantzitsuena.

Horrekin batera, artean normalizatzea lortu ez dugun Euskal Herriko eskola gehienetan, eleaniztuna bilakatu den munduan euskarak eta euskalduntasunak –herri gisa ditugun berezitasunak– biziraun dezaten apustu egin dute. Herri guztiek, eta batez ere txikiek, eman behar baitiogu gure kolorea munduari koloretakoa izan dadin.

Ataka serioan sumatzen da hezkuntza. Alde batetik, indarra hartzen ari diren egiteko modu pedagogiko berriak ditugu. Une honetan, hainbat proposamen berritzaile ari dira jorratzen eskola askotan. Interesgarria da hezkuntzarentzat, inolako zalantzarik gabe. Batez ere, hezkuntza eraldatzeko gogoa eta beharra erakusten ditu horrek. Ahalegin horretan, ordea, ez ote ditugu errazegi utzi atzean ibilitako bidea eta eskarmentua, ongi egiten ari ginena bazter utzita? Hezkuntzan hamarkada batzuk atzera egin eta ibilitako bideari begiratuta, ikus dezakegu nola gaur egun berritzaile gisa agertzen zaizkigun zenbait praktika eta ideia aspaldi baziren gure eskoletan eta akaso bidean abandonatu egin genituen beste batzuk lantzeko. Zein laburra den hezkuntzaren oroimena!

Beste alde batetik, pedagogiaren eraldaketa nahiarekin batera, hezkuntzaren antolaketa bera ere atakan egon daiteke. Eta alor horretan, ongi sendatu gabeko zauri zaharrei gertatzen zaien moduan, enkistatuta gaude. Korapilatuta, blokeatuta, herri honen benetako beharrei eta izaerari erantzungo dion hezkuntza antolaketa adostu ezinik, zapaltzen gaituzten estatuek definitu diguten publiko eta pribatu ideietan katramilatuta. Munduko beste herriek dituzten publiko eta pribatu definizio anitz eta aberatsei begiratzeko ezinean. Edo ez begiratu nahia ote da?

Behin Joseba Sarrionandia idazle eta orain irakasleari galdetu zioten eskola zer den. Horra bere erantzuna: «Ikasten dugun lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke, hala nola etxea, kalea, mendia, itsasoa, parkea, zinema aretoa, eta, beharbada, ESKOLA». (Sarrionandia, J.: “Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako”, Hik Hasi, 2010).

Atakan aurrera egitea tokatzen zaigu orain. Instruitzeko, domestikatzeko, soilik gu garela irakatsi eta erakutsi dezakegunak sentitzeko... pisu hori guztia gure hezitzaile motxilatik arindu dezakegu.

Herri gisa hezkuntzan dugun eskarmentua eta guk geuk duguna aintzat hartu eta Europako eta munduko beste herrialdeetako praktikei eta antolaketei erreparatuta iparra non jarri erabaki behar dugu.

Eta harantz joan! •