2018/02/17

Gorka Elejabarrieta
Demokraziaz

Europako estaturik gabeko herriak multzotan sailkatzeko orduan, bada faktore garrantzitsu bat: estatuek erabakitzeko eskubidearen inguruan duten jarrera

Badirudi Faroe uharteetan apirilaren 25ean egin behar zen erreferenduma atzeratu egingo dela. Erreferenduma Faroe uharteei autodeterminazio eskubidea formalki aitortuko dien konstituzio berri bat onartu edo ez onartzeko deituta zegoen. Jakin dudanaren arabera, apirilean beharrean 2018ko udazkenean egingo da erreferenduma, eta, aurretik, ekain partean ziurrenik, Faroeetako Parlamentura eramango da konstituzio proposamena legebiltzarraren babesa jaso dezan. Prozedura atzeratu da beraz, baina egitasmoak aurrera jarraitzen du. Eta bide horretan guztian Danimarkak ez du arazo bat bera ere jarri.

Europako estaturik gabeko herriak aztertu eta multzoka sailkatzen saiatzen garenean, ez da batere lan erraza izaten, prozesu bakoitza bakarra delako, eta, anglofonoek ederki dioten bezala, «oin guztien neurriko zapatarik» ez delako existitzen. Normalean, prozesuaren erritmoa eta berezik zer fasetan dagoen hartzen dugu kontuan nazio bat talde batean edo bestean kokatzeko. Horrela, duela gutxira bitarte, Eskozia zen gure radarraren aurrealdean, azken hilabete luzeotan Katalunia izan dugun bezala. Egia da testuinguru politikoa faktore garrantzitsua dela eta independentzia laster lor dezakeen herri horretan begirada pausatzea normala dela. Baina bada beste faktore garrantzitsu bat ere, eta horretan ere guztiok ados egongo garela uste dut, faktore hori gabe zaila baita estaturik gabeko herri diferenteen egoera eta momentua ulertzea. Hain zuzen ere, estatuek erabakitze eskubidearen inguruan duten jarreraz ari naiz. Edo beste modu batean esanda: estatu bakoitzeko demokraziaren kalitatea edo maila. Europan marra horizontal imajinario bat marraz genezake, eta ederki ikusiko genituzke marra horren gainetik dauden estaturik gabeko herrien eta azpitik daudenen arteko diferentziak. Ezberdintasunak estatuen politika eta jarrera demokratikoetan daude, eta horrek nahitaez estaturik gabeko herrien egoera eta momentua baldintzatzen du. Marra horretatik iparraldera kokatzen ditut Eskozia, Faroe uharteak, Flandria, Irlandako iparraldea, Aland uhartea, eta abar. Eta marra imajinario horretatik hegoaldera, Korsika, Katalunia, Euskal Herria, eta abar.

Faroeetan 50.000 biztanle bizi dira. Norbaitek pentsatzen al du Danimarkan beharrean frantses Estatuan edo espainiar Estatuan egongo balira erreferenduma egingo luketenik? Macronek Korsikari buruz duela gutxi egindako adierazpenak nahiko argigarriak izan dira. Edo beste modu batean begiratuta, norbaitek pentsatzen al du Euskal Herria eta Katalunia espainiar Estatuaren mende beharrean Danimarkan egongo balira oraindik orain independentzia erreferendum legal eta loteslerik egin gabe izango liratekeenik? Europar Batasuna abiadura ezberdineko eredu baterantz doa, eta abiadura ezberdin horiek ez dira bakarrik aldagai eta faktore ekonomikoen araberakoak izango: gutxien-gutxienik demokrazia maila ezberdinak eta estaturik gabeko herriekiko jarrera ezberdinak egon badaudela argi ikusten da.

Ez da berdina proiektu nazional bat aurrera eramatea herritarren gehiengoaren borondatea denean kontuan hartu behar duzun aldagai nagusi bakarra edota, gure kasuan bezala, Estatuaren jarrera ez demokratikoa denean gainditu beharreko oztopo nagusia. Kataluniako prozesua jarraituz gauza asko ikasten ari gara, bai independentisten erabaki on eta txarretatik bai Estatuaren erantzun eta jarreretatik. Europa nola dagoen ikusita, ez dut uste azken urteotan estaturik gabeko nazioek bizitako udaberria desagertu egingo denik. Subiranotasun kuota handiagoak lortu eta atzera egin duen herririk, independentzia lortu eta ondoren baztertu duen herririk ez dago munduan. Baina egia da ere berdinketa infinituak nekatu eta maila batean desesperatu egiten gaituela, zirt edo zart egiteko unea heltzea deseatzen baita. •