2018/02/24

Maider Iantzi Goienetxe
Bakarne

Bakarne Uriarte Aurrekoetxea naiz. Sondikan bizi naiz, atez ate gurasoekin. Biek dute mendekotasuna, oso altua, eta justu orain deitu digute esateko egoitzan lekua daukatela». Lantokitik lantokira, bulego itxi banaren intimitate eta lasaitasunean izan dugun solasaldi goxoa hunkituta eman dut. Spoiler-a eginez kontatuko dizuet Martxoaren 8rako erreportaje bat prestatzen ari garela, zaintza erdigunean jarrita. Jasotako testigantzetako bat da egoera gogorra bizitzen ari bada ere alaitasuna eta indarra transmititzen dituen emakume honena. Gurasoekin txandaka egoten diren Bakarne eta bi anai-arrebek haienganako duten maitasunak animatu nau.

«Eredu izan dira pentsatzen duguna botatzeko nahiz eta jendeari gustatu ez. Zoragarriak izan dira beti eta berdin-berdin jarraitzen dute». Benetan nekatuta daudela aitortu dit, gauak aita-amekin pasa eta biharamunean lanera joan behar dutelako, eta horrela egun batean eta bertzean eta bertzean. «Okerrena psikologikoa da». Balio hagitz ttikia ematen zaio zaintzeari. Lan ordainezina egiten duen Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak bere balantzean nabarmentzen du hori: jasotzen dituzten lan kontsulten %90 etxeko langileenak dira, horietako aunitz etorkinak, zaintzen duten pertsonarekin bizi direnak eta askotariko diskriminazioak sufritzen dituztenak. Elkarrizketatu dugun etxeko langileak nahi bai, baina ezingo du grebarik egin; Bakarnek, «momentu honetan ez nago munduan», onartu digu. Ahal dugunok, ahal dugun moduan, goazen grebara, Bakarne bakar eta guztiengatik ere bai. •