Xabier Mikel Errekondo

Ekai, maite zaitugu

Urteak borrokan eman ondoren bere buruaz beste egin du Ekaik, 16 urteko nerabe ondarrutarrak. Gertakari latza benetan. Tripetan kendu ezinezko minbera larria sor beharko liguke guztioi. Baina nago hirugarren pertsonan sentitu dugula ezbeharra, arazoa soilik berea bailitzan eta pittin bat akaso besteena.

Borrokan besteak beste errolda aldatzeko, hormona tratamendua jasotzeko edo formakuntza integrala emateko ikaskideei, gurasoei eta irakasleei hasieratik ongi hartu zuten ikastetxean. Nola egin aurre halako presio eta frustrazioei? Nola 16 urterekin?

Chrysallis eta Save the Children erakundeek eskatutako lege baten babesa beharrezkoa da, alabaina, eznahikoa. Ekaik argi zuen gakoa jendartearen begiak irekitzean dagoela, prejuizioak gainditzean eta mentalitateen iraultzan.

Desgaitasunaren, aniztasunaren, parekidetasunaren eta ezberdintasunaren arloan lanean diharduten elkarteek lobby lan bateratua egin eta botere publiko zein alderdi politikoak mugiarazi behar dituzte, behingoz gizarte inklusiboa eraikitzeari ekin diezaioten, diezaiogun.

Mundu bat lan daukagu aurretik, alta gaur bertatik behar ditugu eskubide eta aukera berdintasuna bermatu, eta, hain zuzen horregatik, guztia lortu zain geratu barik has gaitezen tiraka mutur batetik. Galeanok esan bezala, jende txiki askok toki txikietan gauza txikiak egiten, mundua alda dezake.

Mina eta sufrimendua indar bilaka dezagun mundu hau aldatzeko, xingola beltza kolore anitz biziz blaitzeko. •