Ane Urkiri Ansola
infraganti

JOANA FLAVIANO

Egonkortasuna bilatu nahi izan du Joana Flavianok Athletic utzi eta etorkizun profesionalean pentsaturik. Arkauteko Akademia eta eliteko futbola ez ziren bateragarriak eta azaroaren 25ean Euskal Selekzioaren elastikoarekin agurtu zen futbolari gisa. Lezamako zelaia, aldiz, Sevillaren aurka zapaldu zuen azkenengoz, azkena izango zela jakin gabe.

Nik utzi dut, nik nahi izan dudalako. Bakoitzaren araberakoa da, bakoitzak bere lehentasunak ditu. Batzuek nahiago dute futbolean 38 urtera arte jokatu eta gero lana egin. Nik ez, nik nire bizitza egonkortu nahi nuen». Joana Flaviano (1990, Lezama) garbi mintzo da futbolari etapa bukatutzat eman ostean. Azaro amaieran hartu zuen erabakia, eta, hiru hilabete pasatu badira ere, nostalgia puntu batekin hitz egiten du.

«Nik uste dut nahiko talde polita daukagula, beno, daukatela; ez dakit nola esan». Ohartu da bera ere kosta egin zaiola Athleticekin distantzia jartzea, eta barrea eragin du Gasteizko Salburua parkean. Arkauteko Akademian dago, formakuntza fasean, oposizioak aprobatu ostean. Athletic eta formakuntza bateraezinak zirela-eta, futbolari agur esan behar izan zion denboraldi erdira iritsi aurretik. 2005ean iritsi zen klub zuri-gorrira eta 12 urte geroago irten da. Tartean Italian urtebeteko esperientzia bizitzeko parada ere izan zuen: «Nik beti pentsatu dut ez nintzela futbolaz biziko. Orduan, betidanik izan dut buruan futbolak esperientzia berriren bat bizitzeko aukera emanez gero, aprobetxatzea. Berdin zitzaidan Txina, Japonia, Ingalaterra edo Italia izan. Eta guztia presaka prestatu nuen, asko pentsatu gabe».

Torres Calcio taldearekin aritu zen denboraldi batez, Italiako Serie A ligan, 2014-2015 denboraldian. Ligan bigarren postuan geratzetik zetorren taldea, eta aurrez zazpi aldiz irabazia zuen txapelketa. Flavianoren urtean ligan zortzigarren geratu ziren eta ekonomikoki arazoak izan zituztela ere aitortu du –«fama eskasa merezita dute»–; pentsa, 2015ean gorengo mailatik kanporatu zuten taldea finantziazio arauak ez betetzeagatik. 

Baina baikorra da Flaviano eta oso gustura aritu zela nabarmendu nahi izan du. «Badakizu, zer esan Sardiniari buruz... Luxu bat da». Athleticeko ateak irekita joan zen Italiara eta etxera itzuli eta urte betera Liga bereganatu zuen «nire bizitzako» taldearekin. Bere bigarrena eta taldearen bosgarrena. Lesioak tarteko (bi oinetako tendoiak hautsi zituen denbora gutxiren buruan), iaz arte ez zuen jarraitutasunik eskuratu, «hala ere, bigarren Liga hura neureago sentitzen dut 2006-2007koa baino. Hor umeagoa nintzen, noizean behin jokatzen nuen, eta ez nintzen kontziente. 2017an beste erantzukizun batzuk nituen taldean, eta nahiz eta tendoia hautsita eduki nuen eta min hartuta egon denboraldiaren zati handienean, izugarria izan zen».

Lesiotik guztiz errekuperatuta, eta Iraia Iturregi, Eli Ibarra eta Irune Murua bezalako jokalarien erretiroarekin loturik, taldeko beteranoen artean zen sasoi honetan Flaviano. Hori bai, inoiz ez dela kexatu adierazi du, beti minutu asko izan dituelako, «eta eskertzen da, batez ere lesio garrantzitsu batetik errekuperatzen zarenean». Joseba Agirreren planteamenduan ezinbesteko pieza izan zen sasoi honetako aurreneko hamar neurketetan; bederatzitan hasieratik aritu zen. Lezaman Sevillaren aurka 2-1 irabazitako partida izan zen etxean jokatutako azkena, berak jakin gabe. Espanyolen zelaian jantzitako elastiko zuri-gorria ez zuela berriro soinean jarriko ere ez zekien, ez futbolean aritzeko, behintzat.

Euskal Selekzioa

«Euskal Selekzioaren neurketan banekien nire agurreko norgehiagoka zela, baina inguruko inork ez zekien. Oso gogorra izan zen, burua ez neukan nire lekuan. Banekien futbol botak berriro jantziko ez nituela eta urduritasuna areagotu zitzaidan, baina ikusleek ez zekiten, taldekideek ezta... Pena apur batekin bizi izan nuen, guztia barruan mantentzea oso lan nekeza izan zelako. Eta hobe zen ezer ez esatea, %98an zegoelako guztia». Lehen aldiz jantzi zuen selekzioaren elastikoa, «aurrekoetan lesioek deialditik at utzi ninduten-eta». Bada, hamabi urteko ibilaldia Txekiar Errepublikaren aurka Ipuruan eskuratutako garaipenarekin itxi zuen.

Azaroaren 25ean, beraz, behin betiko utzi zuen goi-mailako futbola. «Hasieran horri buruz hitz egiten nuen bakoitzean hunkitu egiten nintzen», azaldu du. «Ez nuen pentsatzen hain txarto pasako nuenik. Hamabi urtean zehar egunero entrenatzen jardun naiz, astebururo jokatzen, bidaiatzen. Egunero Athleticen. Errutina baino, nire bizitza izan da».

Kostatu zaio eguneroko berrira moldatzea, baina gozatzen ari da. «Lehen ezinezkoak zitzaizkidan planak egin ditzaket, esaterako. Eta nahiz eta ez naizen berandu jaikitzekoa, larunbatean esnatu eta entrenamendurik ez duzula jakitea...». Ezin dio barreari eutsi, nahiz eta argitzen duen beste hamaika kirol praktikatzen hasia dela: «Kirola beti egongo da nire bizitzan [Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua da]. Futbolarekin errepremituta bezala egon naiz, lesionatzeko arriskuarengatik. Nahiz eta orain ere kontu handiz aritu behar dudan, formakuntza medio, trail lasterketetan, adibidez, parte hartu dezaket».

Master Cup pilota txapelketa

Beste kiroletan aritzearen baitan dago Master Cup pilota txapelketan parte hartzearen arrazoia. «Ezagun bat aritzen da antolatzen, eta futbola utzi nuenean segituan etorri zitzaidan animatzera. Azkenean izena eman nuen erdi konpromisoz eta txikitako oroitzapenak gogoratzea polita izan da». Izan ere, galdu egin ditu estreinako bi neurketak, eta, beraz, hasi bezain pronto amaitu da frontoietako ibilbidea. «Ez daukat denbora eta gogo gehiegi zerbait serio moduan hartzeko. Txikitan bai aritzen nintzen, eta heldu zen une bat non futbola edo esku pilota aukeratu beharra izan nuen». Jakina da, jada, zer aukeratu zuen lezamarrak.

Txapelketan parte hartuz, emakumezkoen kirol proiektu bat babestu du. Aurrerapauso oso txikiak eta geldoak ematen direla uste du, eta futbolaren kasua beste esparruetara ere zabaldu beharko litzatekeela. «Ez dira pausu itzelak, baina ni Athleticera heldu nintzenean ez geneukan soldatarik. Irabazten genuen partida bakoitzeko ordainsariak geneuzkan, baita kanpoan berdinduz gero ere. Orain zerbait behintzat normalizatu da egoera, kontratu eta soldatekin».

Oraindik, ordea, ez da nahikoa futbola ofizio bilakatzeko. Eta urruti ikusten du helburu hori. «Oso zaila da klubek hainbeste diru ordaintzea guk gure bizitza guztian lanik ez egiteko moduan. Ezinezkoa da», onartu du akademiara itzuli aurretik, formakuntza fisikoarekin jarraitzeko.

Nostalgia puntu batekin joan da. Athletic eta Atletico Madrilen arteko lehian (2-2) taldekideek eta zaleek idatzitako mezuak irakurtzean, jokatzeko gogoa berpiztu zitzaiola ere onartu digu. •