2018/03/03

Mikel Zubimendi
«Black Panther»: afroametsa

«Black Panther» filmak sukarra eragin du AEBetan, iraultza. Superheroiaren eskutik, beren narratibaren jabe egin ditu beltzak, Afrika sofistikatu eta teknologikoki aurreratu baten inguruko hausnarketa bultzatuz.

Zinema pelikula bat epaitzea ez da letra hauen funtsa. Ez dute kritika zinematografikoa xede. Zeluloidetik harago, baina, arteak beti dauka zer hori: airean uzten dituen galdera indartsu eta konplikatuak. Eta, batzuetan, sukarra eragiten du, olatu kutsakorra. Hori da, hain zuzen ere, afroamerikar belaunaldi oso batentzat “Black Panther” filmak AEBetan lortu duena. Nolabait, beste “Star Wars” bat da.

“Black Panther” filmak, ikuspegi afrozentrista eta estetika afrofuturista eta afropunka ardatz hartuta, amets beltzaren Afrika islatzen du. Black Panther superheroi afrikarrak hartzen du eszenaren erdigunea. Wakanda izeneko fikziozko zibilizazioan kokatuta, Afrika ezkutu eta sofistikatu bat erakusten du, aberatsa, teknologikoki oso aurreratua. Eta menpekotasun kolonialik izan ez balu, esklabotzaren tragedia eta traumarik gabe, Afrika zer izango litzatekeen hausnartzera gonbidatzen du.

Sozialki pelikula aipagarria da, kulturalki barneratzailea eta komertzialki arrakastatsua. Eta, hein batean, iraultzailea da, politikoa, esanahi sakonekoa. Izan ere, gai askoren inguruan dihardu: familiaz, leinuaz, immigrazioaz, mugez, leialtasunaz, erantzukizunaz, guraso eta seme-alabez, emakume gogor boteretsuez… Baina baita beltz izatearen esanahiaz ere: afrikarra eta Amerikako Estatu Batuetako beltza izateaz.

Haurtzaroan nork ez ditu superheroiak goratu eta ikono bihurtu? Hainbeste esan nahi zuten guretzat! Indarra eta kuraia ematen ziguten, eta superbotereekin mundua alda genezakeela sinestarazi. Zenbat eta gurekin antz gehiago izan, orduan eta konexio handiagoa genuen haiekin. Horregatik ere bada garrantzitsua superheroi beltz bat pantaila handian hain distiratsu ikustea, Spiderman, Superman, Batman... superheroi zurien gaineko filmak, hainbeste urtez, jaun eta jabe izan ostean. Egia da, halaber, ez dela lehen superheroi beltza. Hor dago, adibidez, Wesley Snipes aktoreak jokatutako “Blade” pelikulako banpiro superheroia, bere fantasia guztiarekin. Edo Halle Berryren “Storm” pelikula, edo Will Smithen “X-Men”.

“Black Panther”, baina, oso ezberdina da, zerbait gehiago. Izan ere, beste ahaleginek saiatu baina huts egin duten zerbaitetan asmatu baitu: superheroi beltz original, errespetagarri eta boteretsu bat aurkeztea. Ez da barregarria, ez da ghettoan sorturiko gang bateko kidea, ez da droga dealer bat. Harrotasun beltzaren adierazpen harroa, zoragarria da, superheroi leial eta azkarra.

Afrozentrikoa

Stan Lee eta Jack Kirbyk 1966. urtean sortutako Black Panther komikietako superheroi beltzean du oinarri pelikulak –Marvel Comics konpainia eta Marvel unibertsoa sortu zituen Leek, eta, Kirbyk, berriz, Marvel comics, “c” txikiarekin–. Superheroiaren izenak berak bazuen jada iraultzailea zen zerbait: black hitza erabiltzea garaian arraza beltzeko pertsonei buruz hitz egiteko edukazio oneko eta politikoki zuzentzat jotako negro hitzaren ordez. Nolabait, arraza justiziaren aldeko ekintzaile gazteekin lotura ekarri zuen horrek. Mende erdi geroago, Marvel unibertsoko filmek hamarkada bete duten honetan, demografikoki hain desorekatua izan den superheroi zurien zerrenda luzearen ondoren, superheroi afrikarraren lehen pelikula estreinatu berri da. 31 urteko Ryan Coogler zuzendari afroamerikarrak egin du filma, aurrekontu erraldoia eskuan (200 milioi dolar).

Hego Carolinako Chadwik Boseman aktore afroamerikarrak jokatzen du Black Panther superheroiaren papera. Gizagaindiko botereak dituen gudari afrofuturista da Boseman, bere herria babesteko misioa duena. Zehazki, Afrikako Wakanda fikziozko nazioaren T’Challa erregea da. Wakandaren aberastasuna eta boterea metal oso baliotsu batean oinarritzen dira: vibranium du izena. Metal horren ahalmen teknologikoak bonba nuklear batenak baino indartsuagoak dira, eta, halakoetan, hobe errege zentzudun eta lasai baten eskuetan izatea...

T’Challaren papera jokatzeko, benetako pertsonetan inspiratu zen Boseman: Shaka Zulu XIX. mendeko monarka zulu boteretsua, Patrice Lumumba CIAren laguntzarekin hildako Kongoko buruzagi antiinperialista, Nelson Mandela apartheid-aren aurkako ekintzaile hegoafrikar ezaguna eta Fela Kuti musikari nigeriarra. Masai gudarien istorioak irakurri zituen eta Yoruba etniako babalawo batekin bildu zen (etorkizuna aurreikusi eta kudeatzen duen apaiza). Borroka eszenetarako, Afrikako arte martzialak ikasi zituen (dambe boxeoa, zuluen makil-borroka eta Angolako capoeira).

Filmean, Wakandako herritarrek xhosera hitz egiten dute, Hego Afrikako hizkuntza ofizialetako bat. Ingelesez mintzo direnean, xhosera doinuarekin dihardute, beste hainbat filmetan protagonistak irlandar kutsuarekin mintzo diren bezala.

Dudarik gabe, Obama fenomenoa ere aipatu behar da, “Black Panther” pelikularen proiektua martxan jarri zenean, AEBetan beltz bat baitzen presidente. Nolabait, Obamak ateak zabaldu zituen. Are, pelikulako T’Challak Obama hartu zuen eredu: «Kritikei erantzun behar ez dien liderra, mihia lotzen eta oinak lurraren gainean jartzen dakien pertsona».

T’Challaren etsaia, nemesia, Killmonger da (Michael B. Jordan). Wakandako errege familiako kide abandonatua da, umezurtz AEBetako Oakland hirian hazitakoa, hau da, Black Panther Party mugimendua sortu zen hirian. Navy Seal itxurako gerra zikineko operazioetako hiltzaile profesionala da Killmonger eta Wakandara bueltatuko da T’Challaren tronua eskatzera, Wakandako aberastasun eta armak mundu mailako arraza errebolta batean erabili asmoz. Filmeko elkarrizketa batean, argi dio: «Ni natorren tokian, beltzok iraultzak hasten ditugunean, sekula ez dugu arma edo diru nahikorik menperatzaileak garaitzeko».

Txanponak bi aurpegi

T’Challa (Black Panther) eta Killmonger txanpon beraren bi aurpegiak dira. T’Challa, Marting Luther King –borrokatzen ederto dakien arren–, eta, Killmonger, Malcolm X. Diplomatikoa bata, erradikala bestea; bakearen artisaua vs iraultzaile armatua. Ideia horiek, gatazka hori, eztabaida eta elkarrizketa horiek betierekoak dira, eta horrek ere egiten du filma hain ezberdina. Superheroi beltzaz gozatu dezakegu, baina bost mende luzeko zapalkuntza sistematikoaren erreferentzia gogoan izango dugu beti.

T’Challa lasaia da, egiazkoa, segurua. Eta oroz gain, oso humanoa da, bere buruaren eta egoeraren kontrola duen pertsonaia inspiratzailea. Erik Killmonger, aldiz, odolberoa da, zapalkuntzaren biktima tragikoa zapaltzaile bihurtua. Wakandaren teknologia aurrerapenak mundu mailako altxamendu beltz bat bultzatzeko erabili nahi ditu. Lehenengoak tradizioa babestu nahi du, Wakanda kanpoko munduaren begietatik gordetzea; poliki-poliki joan nahi du, pragmatikoa da oso. Bigarrena, berriz, iraultzailea da, kaleetan odola isurtzen duen iraultzaren aldeko ekintzailea; azken finean, Wakandako zibilizazioa munduko botere interbentzionista eta inperial bilakatu nahi du.

Protagonista zuriek ez dute ia lekurik filmean, Hego Afrikako arma trafikatzaile Ulysses Klaue eta CIAko agente Martin Freeman besterik ez. Beltzak dira beren narratibaren jabe. Gogoangarriak dira, bestalde, Wakandako emakumeak: indartsuak, beren jantziek Afrikako glamour-a erakusten dute, distiratsuak…Hollywoodeko historian lehen aldiz, afrikar gizarte idiliko, aurreratu eta sozialki oso funtzional bat erakusten da pantailan. Sekretuan mantentzen jakin duelako, kolonizatzaileen kodizia eta basakeriatik libre. Wakanda, finean, amets beltzaren Afrika da. Ederra, boteretsua eta kontraesanez betea.

Galdera indartsuak

Esan bezala, “Black Panther” filmak galdera indartsuak uzten ditu airean: zer eraikiko lukete afrikarrek esklabotza garaiko itsas bidaia eta lotsa, bortxaketa basatiak, familia banaketak, lintxamenduak, urkamenduak gabe? Zer eraikiko lukete luzaro atzeko atetik sartzera behartutako guztiek, indartsuenak zirelakoan kontinentetik lapurtuek, Afrikan utzi izan balituzte? Esklaboen ondorengoek ba al dute sorterrira bueltatzeko aukerarik edo arbasoen kontinentea galdu dute eta Afrikarako galduak dira betirako? Zer zor die Afrikak? Eta zer zor diete lapurtutakoen ume galduek Afrikari?

AEBetako beltzak afroamerikarrak dira esklaboen komertzioarekin indartutako herrian. Baina oso gutxik dakite Afrikako zein leinutik, orduko zein erreinutik, egungo zein herritik datozen.

Eta zer pentsatuko du Wakandaz, Afrika boteretsu, aurreratu eta harroaz, bertako hainbat herrialde shithole countries (“ipurtzuloko nazio”) deitu berri dituen Donald Trump supremazistak?