2018/03/03

Amaia Nausia Pimoulier
Mundua gelditzen delako

Aditu batzuen arabera, Paleolitoko gizarteak matristikoak ziren; gizonen eta emakumeen arteko banaketa difusoagoa zen

Ostegunean, Martxoaren 8a, planto egitera deituta gaude emakumeak. Gu gabe mundua gelditzen delako eguneroko lana, kontsumoa eta zaintza alde batera utziko ditugu eta kaleak gure eginen ditugu. Mugimendu feministak bultzatutako plantoaren helburuen artean emakumeok zaintzaren eremuan egiten dugun lana aldarrikatzea eta sistema kapitalistak horri esker bizirauten duela salatzea daude. Horregatik, grebarako gizonei eskainitako iradokizunen artean dago emakumeok zaintzaren inguruan garatzen ditugun lanak, haurren zaintza, etxeko lanak eta abarrekoak, bereganatzea.

Funtsezkoa deritzot zaintzaren inguruan doan egiten dugun lana borroka feministaren zentroan kokatzea, ez baita kasualitatea horrelako lanak emakumeok garatu izana mendeetan zehar. Egun eremu pribatua feminizatuta dago, eta atzera egiten badugu zaila da aurkitzea garai bat non hori ez den gertatu. Arrazoia emakumeon biologian kokatu da, zerbait naturala balitz bezala, hobeto egiten dugun zerbait. Lanaren banaketaren jatorrira joz, historialariek azaldu ohi izan dute gizonak ehizan eta bilketan aritzen ziren bitartean, emakumeak zirela kobazuloetan gelditzen zirenak haurrak zaintzen, bazkaria prestatzen eta sua mantentzen. Mendeek aurrera jo ahala banaketa hori gero eta gehiago nabarmendu zen emakumea eremu pribatuko lanetara baztertu arte. Baina azken urteotako ikerketek sinesmen hori bertan behera utzi dute, egun jakin badakigu Paleolitoko emakume eta gizonezkoek lanak partekatzen zituztela eta ehizan eta bilketan emakumeek ere bazihardutela. Gimbuta arkeologoaren arabera horiek gizarte matristikoak ziren, zeinetan gizon eta emakumeen arteko banaketa difusoagoa zen; Ama Lurrari egiten zitzaion kultua eta protonekazaritzako lurrak guztion artean lantzen ziren. Gizarte horiek gurea baino horizontalagoak zirela esan dezakegu. Naturarekiko harremana ere bestelakoa zen; gizon-emakumeok inguruarekin genuen harremana ez zen esplotazio terminoetan kokatzen, errespetuan oinarritutako harreman batean baizik.

Neolitikoak eta nekazaritza iraultzak dena aldatu zuen. Lehen aldiz gure historian, lurrak behar genuena baino gehiago sortzen zuen, eszedente horiek ondasun bihurtu ziren eta horrekin jabetzaren kontzeptua piztu zen. Jabetza horrek besteengandik banatu gintuen, bestea erasotzaile moduan ikusi genuen, herrietan harresiak eraiki genituen eta gudak nonahi piztu ziren. Naturaren parte izatetik natura esplotatzera pasa ginen. Emakume eta gizonen arteko dikotomia ere areagotu egin zen; haurrak eskulana ziren heinean, emakumeen esku zen haurren jabetza kontrolatzea ezinbestekoa egin zen sistema kapitalista jaioberriko gizonentzat, eta, horregatik, emakumeen sexualitatea kontrolatzeko diskurtsoak jaio ziren (debekuak, zigorrak eta bekatuaren kontzeptua bera esate baterako). Eta noski, gutxi batzuek lortzen zituzten etekinak gero eta handiagoak izateko, zaintzari lotutako lanak emakumeok garatu behar zituzten soldatarik jaso gabe. Horrekin batera Ama Lurraren kultua alde batera utzi genuen eta izarrei eta Eguzkiari, jaungoiko maskulinoei, begira jarri ginen, gizarte teozentrikoak sortuz.

Gizarte patriarkala eta kapitalista eskutik jaio ziren eta ordutik euren arteko harremana perfektua eta ezin eraginkorragoa izan dela esan dezakegu. Gutxi batzuen pribilegioak eta aberastasuna etengabe handitu diren artean, hierarkia horren azpian kokatutakoak gero eta zapalduago daude. Horregatik, Martxoaren 8ko deialdiak, besteak beste, lan feminizatuetan eta zaintzaren inguruan kokaturiko betebeharretan jarri du argia, gizonei horietara hurbiltzeko gonbita eginez. Sistema honekin apurtu nahi badugu, gizarte horizontal eta justuago bat sortu, zerbait aldatu beharrean gaude. Sistemaren pieza baten funtzionamendua biratzea lortzen badugu, agian makinak berak ere beste norabide bat hartzea lortuko dugu. •