Maria Gonzalez Gorosarri- @albistetan
EHUko irakaslea

Objektibotasuna ez da neutraltasuna

Albisteetatik hartu beharreko distantziagatik, sinonimotzat hartu ditugu objektibotasuna, neutraltasuna eta independentzia. Horrela ulertuta, kazetaritza bi iturriren alderaketa baino ez litzateke: «ez dakit nork dio–ez dakit nork erantzun dio».

Objektibotasuna, baina, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) 1920ko kazetaritza jardueran sortu zen, eta, Bigarren Mundu Gerra irabazitakoan, Europara zabaldu zuten. Izan ere, AEBetako Guda Zibila (1861-1865) eta gero, irakurle gehiagorengana heltzeko, «egunkari inpartziala» esamoldea gehitzen zioten egunkarien izenari. Gainera, kazetariek sindikatuetan parte hartzea ere trabatu zuten, ez bakarrik ildo politikorik jarrai ez zezaten, baizik eta haien egoeraren klase irakurketarik egin ez zezaten.

Europan, sasoi hartan, langile mugimenduaren iraultzen harira, kazetaritza militantea loratu zen. Hedabide publikoek, ordea (Erresuma Batuko BBCk eta Alemaniako irrati publikoak), objektibotasuna praktikarekin bakarrik lotu zuten, kazetaritzaren metodo bezala, gertakarietatik distantzia hartzeko. Bigarren Mundu Gerra irabazteak AEBei eman zien hegemoniarekin, ikuspegi estatubatuarra kazetaritza europarrera ere hedatu zen. Horrela, Europan «profesionaltasuna» zenari, 1945etik aurrera, «objektibotasun» esango zaio. Hala, objektibotasuna neutraltasunarekin eta independentziarekin nahastuko da.

Albiste objektiboak (profesionalak) gaurkotasunezko gertakaria izango du sorburu, jende askori nabarmen eragingo dio, “Bost W” ezagunei erantzungo die, titularrak albistea laburbilduko du, iturri ezagunak aipatuko ditu, arrazoi edo ikuspegi bat baino gehiago azalduko ditu, testuan eta irudietan emozioak saihestuko ditu, eta testuak zein irudiek albistearekin zuzeneko zerikusia izango dute. Neutraltasuna, ordea, gatazkan parte hartzeko debekua da. Orduan, zeharka, erasotzailearen eta irabazlearen alde egitea dakar, bidezkoa dena defenditzeko debekua delako.

Objektibotasunak profesionaltasuna zehazten duen neurrian, gertakari berari buruzko albisteen alderaketan gorde beharreko distantzia ikus dezakegu:&hTab;

• «Detienen a Mario Conde acusado de repatriar desde Suiza el dinero que sacó de Banesto» (“El Mundo”, 2016/04/12).

• «Mario Conde, detenido por repatriar desde Suiza el dinero que saqueó de Banesto» (Voz Populi, 2016/04/12).

• «Conde blanqueó 13 millones de Banesto desde las Islas Vírgenes, Curaçao y Suiza: La Audiencia Nacional detiene al ex banquero y a sus dos hijos por repatriar entre 1999 y 2014 el dinero del saqueo de la entidad» (“La Razón”, 2016/04/12).

“El Mundo”-k eta Voz Populik Conderen egoera judizialari erreparatuta, egiari jarraitu diote. “La Razón”-ek, ordea, gauza egiaztatutzat hartzen du Condek diru hori berreskuratu izana, oraindik egiaztatuta ez badago ere. “La Razón”-ek poliziaren diskurtsoa bere egin du eta, orduan, egiari kale egin dio.

Independentziak jendartea ulertzeko eta azaltzeko berezko irizpidea ematen dio hedabideari.

Objektibotasunak independentziaren premia du, kazetaritza egiteko. Hedabidearen ikuspegia gatazkan dagoen alderen baten ikuspegiarekin bat etor daiteke, baina hedabideak bere irizpide propioa garatuko du eta ez dio beste eragileekin partekatzen duen ikuspegiari jarraituko. Azken batean, ikuspegi hori partekatzen duten eragileek ez dute hedabide independenteetan eraginik. Horrenbestez, independenteak diren eta objektibotasunez jarduten duten hedabideei zintzotasuna aitortzen zaie. •