Antton Izagirre Gorostegi

Errementaria eta Munilla

Deabruaren aipamenak ahaztu xamar genituen; haurtzaroan eta gaztaroan geure iruditegian iltzaturiko izaki beldurgarri eta gorrotagarri haren mehatxu eta probokazioak. Berriki, “Errementari” filmaren bidez, topo egin dugu deabruaren irudi berrituekin, haren asmo eta trikimailuekin.

Egia esateko, errementariak infernuetara bidaiatzera gonbidatu gaituen horretan, han ageri zaizkigun itxura eta gorpuzkera anitzeko deabruak sinpatikoak, atseginak, iruditu zaizkigu; ia ahaztuak genituen izaki beldurgarri haien lekuan maitagarriak, begikoak.

Egun bertsuan, Munillak ere, ahotan izan du deabrua. Oraingoan, emakume itxuraz irudikatu du. Emakume erradikalen itxura omen du deabruak.

Gaurkoan ere, beldurraren lekuan, maitagarriak, ausartak, borrokalariak suertatu zaizkigu haien irudiak. Irudimen faltsu guztien gainetik kalean pozik, gogotsu, emozioz gainezka ikusi ditugu milaka eta milaka emakume, deabruak hartuta, kantuan, dantzan eta oihuka, haien eskubide eta berdintasunaren alde. Atsegina egin zaigu Martxoaren 8ko deabru-festa.

Errementariak, aurreko jokabideaz damu, infernuetara egin du salto, arima galduaren bila. Munillak damurik ez du izango bere jokabideaz, baina milaka emakume eta gizon egin ditu etsai. Deabruak eraman gaitzala! •