Ramon Sola

2018ko martxoa, 2011ko maiatza

Duela hamar-hogei urte eskas, Martxoaren 8ko jende uholdea eta gaur dela astebeteko manifestazio itzelak bata bestearen atzean eta horrelako indarrarekin kateatu izan balira, Euskal Herria borborka zegoela sentituko genuelakoan nago, ezkerretik zetorren haizea nekez geldituko zutela eta iraultza –edo iraultzea gutxien-gutxienik– gertu zela. Gauzak, baina, askoz ulergaitzagoak dira garai nahasiotan. Izan ere, bi mobilizazio itzel horietan, duela hamar-hogei urte gerta ezin zitezkeen gauzak ikusi ditugu. M8an, Iñigo Urkullu greba aldarrikatzen, Mariano Rajoy izandako arrakastarekin pozik, Albert Rivera lazo morea bularrean, matxismoaren gotorleku den ‘‘Marca’’ feminismoaren egun handiari orrialde batzuk eskaintzen... Eta M17ari erreparatzen badiogu, hipokrisia bera, nahasmen berdina: hainbat tokitan agertu dira zenbait erretiratu manifestazioetan ikurrinak sartzearen aurka, Iruñean PPren anaia bikia den UPNk ordezkaritza bat bidali zuen...

Biralitateak dena kutsatzen duen garaiotan, horrelako uholdeei benetako neurria hartzeko, perspektiba izatea ezinbestekoa da lehenik eta behin. Eta gero, aztertu beharra dago gertaera birtualak ote diren, nolabait errealitatez kanpoko hodei lanbrotsura igoak eta bertara mugatuak, edota lurrera jaitsi eta errealitatea aldaraz dezaketen. Moda kontua da ala fenomeno politiko eraginkorra? Gainera, anabasaren erdian horrelako mobilizazioak ondorio politikoak askatzeko gauza badira ere, zalantzazkoa da aldaketa nahi hori guztia, bidegabekeria sentipen handi hori, askoren amorru bizi hori zein indar politikok kapitalizatuko duen. Ameriketako Estatu Batuetan Donald Trump aupatu duen mugimendua edota Erresuma Batuan Brexita ahalbidetu duena ez dira bereziki goiko botereguneetatik etorri, jende xumearen eskutik baizik. Guztiz kontraesankorra izan arren, ez da guztiz baztertu behar Estatu mailan Ciudadanos bezalako statu quo-aren aldeko indar batek bere onerako baliatzea gertatzen ari dena edozer gauza berrik egungo gizartean duen erakargarritasunari esker. Kleenex efektu horrek Podemos izan du adibide azken urteotan. Aldaketarako nahiari gauzapen praktikoa ematea egiteko dagoen lana baita hemen eta han, nonahi: sumindurak eztanda ugari eragin ditu, bai, baina, kasurik gehienetan, berez agortzen joan dira, itzali ere egin arte.

2011ko maiatzaren 15eko Puerta del Sol plazako kanpaldia, 15M famatua, dugu horren adierazpen garbiena. 2018ko M8an zein M17an izpiritu horren berpiztea ikusten dute askok, bigarren danbada bat, Estatuaren tripetatik datorren orroa. Lehen orro horren ahalmena, baina, nahi baino askoz txikiagoa zela frogatu zen laster. Euskal Herrian, gainera, oihartzuna oso murritza izan zen; aldaketa gogoa agerikoagoa izan zen astebete geroago Bilduk hauteskundeetan eman zuen kolpean, edota 2014ko ekainaren 8an Gure Esku Dagok egindako giza kate erraldoian. Denbora pasa ahala, ordea, azken bi gertaerok neurri batean zertxobait birtualak ere ez ote ziren galde daiteke, beren indarra handitzen joan ez den neurrian eta iraultze politikoa marraztu baina guztiz gauzatu ez den aldetik.

Bidegurutze bertsuan egon gaitezke gaur, orduko galdera beraren aurrean. Non dago aldarrikapen horiei segida emateko bidea, eraginkor egiteko modua? Moncloako agintaria (baino ez) aldatzean ala euskal burujabetza bultzatzean? Erantzuna garbi dagoela uste dut, baina horretarako nonbait elkartu eta batu beharko dira M8ak, M17ak eta gorpuzten ari den ekainaren 10eko giza katea, esaterako. •