Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

CLARA PEYA

Pianista kataluniarra (Palafrugell, 1986) «Oceanes» diskoa aurkezten izan berri da gurean. «Goazen zain dauden printzesak izateari utzi eta ekintzaile izatera», animatzen ditu emakumeak rap doinuan. Les Impuxibles performance konpainiarekin ere bira betean dabil, transexualitatea eta sexu indarkeria lantzen duten ikuskizun banarekin.

E z zen jende aunitz bildu, baina superguay egon zen». Hala laburbildu ditu Clara Peyak Euskal Herrian emandako kontzertuak. Ermua, Berriz eta Andoainen jo zuen pianistak, duela bi aste. Bi lagun izan zituen oholtzan, Sandra Sangiao (ahotsa) eta Vic Moliner (life elektronikoak eta slide gitarra). Bidaia bat proposatu zioten entzuleari, espazio musikalen bidez, une libreagoen bidez abestiak elkar lotuz. «Zuzenekoa hagitz indartsua da, bakoitza desberdina da, eta hori ederra da», adierazi digu.

“Oceanes” (2017) azken diskoa aurkeztu zuten, ozeaniden ideiatik jaiotakoa. Greziar mitologian ninfak ziren ozeanidak, itsaso, ibai, laku eta iturrien izenak zituztenak. Ozeano eta Tetisen alabak. «Gogoko nuen, itsasoa agertzen zelako eta itsasoa sakontasuna, handitasuna, indarra… dena delako niretzat. Bada esaera bat hala dioena: ‘itsasoa gizakia pasatuko den froga bat da’». Itsaso aunitz egon da bere bizitzan. Nabigatu eta guzti egiten du.

Elementu hori erabiliz, «erabat feminista» denez, emakumea ikusgarri egin nahi izan du. «Ozeanak nire bizitzako emakumeak dira. Abesti bat egin nuen markatu nauen emakume bakoitzarentzat: ama, ahizpa, lagunak, maitaleak… Eurengan islatu nahi izan dut neure burua, aunitz ikasi dut beraiengandik».

Diskoari izena ematen dion abestia, “Oceanes”, emakumearen botereari eskainitako kantua da. “Mundua printzesa menderaezinen plaga izan dadila”, hori du leloa. Ariadna Peya ahizpa koreografoarekin egindako bideoklipa indartsua da. Martxoaren 8an greba egin zuen, eta manifestazioaren amaieran abesti horren rapa egitera gonbidatu zituzten.

Ekainaren 1ean amaituko dute “Oceanes”-en bira eta disko berria grabatuko dute. Bertan gehiago animatuko da kantatzera (orain kantu bakarrean abesten du).

Segituan iniziatiba handia

Hagitz txikitan hasi zen pianoarekin, amatxi eta izeba pianistak zirelako. Klasikoa ikasi zuen, Suzuki metodoarekin. Honekin jotzen ikasten duzu baina ez dakizu irakurtzen. «15 urterekin aukera eman zidaten goi mailan ikasteko. Ez nuen argi, baina goi mailara joatea eskolan astean bi egun huts egitea zenez, baietz erran nuen, jakina baietz», oroitu du irriz. Ikasketa horiek bukatu eta modernoarekin hasi zen, bere gauzak konposatu ahal izateko. «Segituan izan nuen iniziatiba handia eta gauza ugari egiten hasi nintzen, erakusten, hanka sartzen…».

Artista ugarirekin kolaboratu zuen, berea egitea erabaki zuen arte. «Nire konpainia eta nire diskoak». Dezentetan egiten dizkiote enkarguak dantza, antzerki edo zirku konpainiek beren ikuskizunetarako musika egiteko, baina berea egitea gustatzen zaio. «Batzuetan garenaz lotsatzen gara. Denborarekin kontsekuenteagoa naiz. Hau naiz eta hori gustatzen zait, eta ez da deus gertatzen. Fidelagoa, zintzoagoa naiz nire buruarekin, egiazkoagoa, eta hobeki doazkit gauzak. Ez dakit hobeki doazkidan ala hobeki doazkidala uste dudan, baina kontentuago nago».

Gauza hagitz ezberdinak egiten ditu eta gustatzen zaizkio. Arte guztia gustatzen zaio. «Musika ere dena gustatzen zait izan behar duena bada. Hori da konplikatua. Nik ez dut beti lortzen, ezta gutxiago ere. Koherentea izatea, egiatan erratea gauzak. Niri behintzat hori gustatzen zait artetik. Umiltasuna eta sinesten duzunean dena ematea».

Emakume izateak eragin handia duela dio. «Nire kasuan onerako izan dela uste dut, nire gauzak egitera animatu bainaiz. Besteengandik legitimatua sentitzen ez nintzenez, jendeak nirekin jotzeko interesik ez zuenez, nire buruaren nagusi izan eta nire gauzak egitea erabaki nuen. Egin dudan gauzarik onenetakoa izan da, hobeki sentitu naiz eta hori hagitz garrantzitsua da. Nire bidea ere aurkitu dut. Eta hori, kontxo, ez da erraza».

Zazpi disko ditu. Libreago noiz sentitzen hasi zen galdetuta, hala erantzun digu: «Harreman bat izan nuen eta utzi egin ninduen. Orduan, egun osoan maitasun kantak egiteko behar bizia sentitzen hasi nintzen. Hala egin nuen ‘Tot aquest silenci’ diskoa. Berari iritsi zitzaion. Itzuli ginen, ia urtebete ikusi gabe egon eta gero –irriz–, eta orduan ‘Tot aquest soroll’ egin nuen, guztiz kontrakoa. Isiltasun guztia eta zarata guztia».

Beti idatzi izan du maitasunaz. «Nire motorra izan da, eta honen harira konturatu nintzen zein engantxatuta gauden maitasun erromantikora. Maiatzean grabatu eta urrian Apolon estreinatuko dugun disko berriak, ‘Estómac’ izenekoak, maitasun erromantikoaz hitz egiten du. Azaltzen du patriarkatuak zenbat eragin duen emakumea gizonari begira egotean, bere zain… Maitasun erromantikoa gure erdigunean jarri du, beste gauza batzuk jarri beharrean. Honek guztiak aldatu egin behar du. Nik oraintxe aldatu ezin dudanez, aldatu ezin dudala esplikatzen dut. Eta hori jada aldatzeko modu bat da».

Les Impuxibles ahizparekin batera sortutako performance konpainiarekin ere badabil. Sei ikuskizun egin dituzte jada. Lengoaien nahasketa eta abstrakzioa erabiltzen dituzte salatzeko eta eurentzat inportanteak diren gaiak plazaratzeko. Mito faltsuak ezabatzeko eta errealitate eta eredu berriak sortzeko ere bai. Orain “Limbo”-ren bira bukatuko dute. Transexualitateaz da. “AÜC” ikuskizunarekin ere badabiltza. Sexu indarkeriaz mintzatzen da. «Indarkeria txikiez solastatzen da, ez bortxaketaz soilik. Kaletik doan bortxatzailearen mitoa puskatzen du». Heldu den urteko martxoan buru osasunari buruzko ikuskizuna plazaratuko dute. Gaur-gaurko gaia hori ere.

Jotzen duenean bere burua ez epaitzen saiatzen da. «Bestela behar denaren arabera jotzen duzu. Ez dago ongi egituratua sormenaren sustapena. Bitxia da sarri inprobisazioa ikasten ari zarela, tresnak eman ordez, mugak jartzen dizkizutela». Peyak dena buruz jotzen du, partiturarik gabe. Bere musika erraza da aditzen, baina zaila jotzen. Sinplea dirudi baina ñabarduraz beteta dago. «Obsesionatuta nago soinuarekin eta dinamika asko eskatzen dut. Dinamikak etengabeko zaintza eta entzutea eskatzen ditu. Egiten ari zarenarekin konektatuta egon behar duzu eta besteek egiten dutena hagitz ongi aditu. Hori ez da batere erraza musikan», aitortu du. •