Gorka Elejabarrieta

Europar demokraziaz

Europako mapa behin eta berriro aldatu da azken hamarkada eta mendeetan. Egungo Europan estatu diren askok independentzia XX. mendean eskuratu zuten, ez lehenago. Eta gutxi batzuek, XXI. mendean. Are gehiago, horietako askoren independentzia sendotzeko bidean Europar Batasunaren laguntza faktore garrantzitsua izan da iraganean, eta, etorkizun hurbilean Europar Batasunako kide berriak nortzuk izan daitezkeen ikusten badugu, ohartuko gara rol berdina jokatuko duela datozen urteetan ere.

Hori guztia horrela izanda, nola ulertu Europar Batasunaren jarrera bere mugen baitan ematen diren antzeko prozesuen aurrean? Europar Batasunak bere historia hurbilari eta izaerari muzin egiten dio behin eta berriro, badirudi ez duela ezer ikasi azken urte eta hamarkadetan eta datozen aldaketa eta joera politikoen aurrean nahiago duela ostrukarena egin. Duela gutxi arte europar instituzioen baitan tabua zen Europar Batasunaren barne hazkundearen inguruan hitz egitea bera; tabua den bezala estatu kide batek egiten dituen giza eskubideen urraketak aipatze hutsa. Finean, Europar Batasuna estatuen kluba da eta Europar Batasunaren interes eta helburuen gainetik estatuenak jartzen dira behin eta berriro.

Batasuna euskal alderdi politikoa legez kanporatu zutenean, Europako Parlamentuak gaiari buruz eztabaidatzea debekatu zuen, nahiz eta hainbat europar diputatuk eztabaida Europako Parlamentuko agendan sartzea eskatu. Handik gutxira, Turkiak HADEP alderdi kurdu politikoa ilegalizatu eta Parlamentuan gaia sakon landu zen, talde politiko guztietako bozeramaileek ilegalizazio hori gogor salatu zuten eta Turkiak bere barne politika aldatu ezean Europar Batasuneko kide ezingo zela bilakatu esatera iritsi ziren. Europar Batasunak oso jarrera diferentea erakutsi du beti bere mugen barnean edo kanpoan gertatu diren antzeko gertakarien aurrean. Eta ez dirudi jarrera bikoitz hori etorkizun hurbilean aldatuko denik.

Horrela bakarrik uler daiteke azken urteetan Flandria, Eskozia edo Kataluniako prozesuekiko erakutsi duen jarrera. Kasu guztietan Europar Batasunaren interesen gainetik estatu kideen interesak defendatu ditu. Are gehiago, horrelako kasuen aurrean Europar Batasunak bitartekari lanak egin zitzakeen, konponbidea herritarren borondatearen nahia errespetuz bilatzeko presiona zezakeen, eta, nola ez, Eskoziako bezalako erreferendum adostuen aurrean, inolako alderen alde egin gabe jarrera neutroa manten zezakeen. Baina orain arte Europar Batasunak ez du horrelakorik egin eta ez du egingo aurrerantzean ere.

Europar Batasunaren mapa zeharkatuz marra horizontal bat marraztuko bagenu, frantziar Estatuan eta bere hegoaldera estaturik gabeko herriekiko dagoen jarrera eta bere iparraldera dagoen jarrera oso ezberdinak direla konturatuko ginateke. Eskoziak erreferendum adostu bat burutu zuen, udazkenean Faroe uharteek egingo duten moduan. Katalunian, Korsikan, Sardinian edo Euskal Herrian oso zaila –ezinezkoa ez esatearren– ikusten dut nik erreferendum adostu bat inoiz gauzatzea. Europar Batasunean bi abiadura daude, baita demokraziaren mailari dagokionez ere. Europar Batasuna ez da oraindik konturatu gero eta jarrera demokratikoa izan, gero eta egonkortasun eta egoera hobea egongo dela Batasunaren baitan. Ezegonkortasuna, gatazka eta krisia ez baitira mugen nondik norakoen araberakoak. Gatazkak ez dira sortzen mugak aldatu edo mantentzen direlako, auzokideak direnen arteko prozesuak kudeatzeko moduaren arabera baizik. Kudeaketa gero eta demokratikoa izan, auzokideen eta Europar Batasunaren barne kohesioa gero eta handiagoa izango da. •